Afrika, bere gene-beharrei heltzen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Txoko honetan azaldu dugu genetika erabili daitekeela biodibertsitatea ikertzeko edo elikagaien ezaugarriak aztertzeko, hala nola, arrozarenak edo kafearenak. Horrez gain, aipatu dugu afrikarrek ez dituztela jaso gene-informazioaren onurak giza osasunari dagokiola; eta ez dutela jaso aitorpen nahikorik ikertzaile gisa.

Biodibertsitatearen eta elikagaien inguruko gene-ikerkuntza ez da salbuespen bat eta, berriro ere, Afrika baztertu egin da. Baina afrikarrek ez dute amore ematen eta beren gene-baliabideak ikertzeko prest daude.

Gineako golkoko hainbat komunitaterentzat diru-iturri garrantzitsua da Mendebaldeko Afrikako dietan oinarrizkoa den arraina (Bostrychus africanus). Era berean, Afrikaren elikagai-segurtasunerako gakoak dira bertan landatzen diren laboreak –adibidez, kalabaza ildaduna (Telfairia occidentalis) edo marama baba (Tylosema esculentum)–. Espezie horiei buruz urria da gene-informazioa edo ez dago batere. Egoera antzekoa da arriskuan dauden afrikar espezie gehienetan. Orobat, Afrikan dauden 60.000 landare-espezietatik 20 sekuentziatu dira –Afrikako landareen %0,03; bat bera ere ez Afrikan–; eta 123.000 animalia-espezietatik 385 sekuentziatu dira –%0,31; horietatik 11 Afrikan–. Izan ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan 45.000 landare-espezie daude. Horietatik % 60 endemikoak dira, eta garrantzitsuak izan daitezke nekazaritzaren eta sendagaien garapenerako. Adibidez, Afrikako jengibreak (Siphonochilus aethiopicus) asmari eta gripeari aurre egiteko balio dezake. Baina ez dira genoma horiek ikertu.

Afrika
1. irudia: sekuentziatu egin dira Afrikako animalien % 0,31 eta landareen % 0,03. (Argazkia: kolibri5 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ez dituzte afrikar ikertzaileek gidatu azken 15 urteetan Afrikako biodibertsitatea ikertu dituzten egitasmoen % 70 –batez ere, gidatu dira Estatu Batuetatik, Txinatik eta Europatik–. Ondorioz, ez dira geratzen Afrikan genomikako eta bioinformatikako analisiak egiteko eskarmentua eta baliabideak. Gainera, erakunde pribatu edo gobernuz kanpokoetan kokatzen dira dauden baliabide apur horiek. Hortaz, ikerkuntza-institutu nazionalek herrialdeetako zientzia-agenda ezartzeko betebeharra badute ere, beren eskuetan ez daude osasun publikoa, nekazaritza eta kontserbazioa hobetzeko beharrezkoak diren baliabideak. Hain zuzen, Afrikan gaitasun bioinformatikoak hedatzeko H3ABioNet egitasmoaren baitan 150 ikertzailek formakuntza jaso bazuten ere, ikertzaileen %10-15 artean joan dira Ipar Amerikara edo Europara eta ez dago itzuliko diren bermerik. Are gehiago, egitasmo hori aurten bukatuko da eta, lanpostu finko gutxi daudenez, Afrikatik alde egin dezake formakuntza jaso duten ikertzaile horien % 50ek.

Afrikak dituen gene-beharrei aurre egiteko, 109 afrikar ikertzailek –horietatik 87 Afrikan bizi dira– eta 22 afrikar erakundek martxan jarri dute “The African BioGenome project” (AfricaBP) egitasmoa. Egitasmo honen baitan, 105.000 afrikar espezie sekuentziatu nahi dituzte. Hala, gene-informazio horri esker, zenbait aurrerakuntza eskuratuko dira: besteak beste, elikagai-sistema iraunkorrak garatzeko baliagarriak diren gene-lanabesak izango dituzte landare- eta animalia-hazleek; Afrikako biodibertsitatearen kontserbazioaren egoera jakingo da; eta gaitasunak indartuko dira bete ahal izateko Biodibertsitateari buruzko Hitzarmena –zeinak 2030erako gene-dibertsitatearen %90 gutxienez mantentzea adostuko duen–.

2. irudia: “African BioGenome Project” martxan jarri dute 100 afrikar ikertzailetik gora. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

2021eko ekainean abiatu zen AfricaBP-ren proiektu pilotua. Bertan, Afrikako 2.500 espezie sekuentziatzeaz gain, landu egingo dituzte halako proiektu batek dituen arazo etiko, juridiko eta sozialak. Horrela, kontuan hartuko dira espezie batzuen inguruan dagoen sentikortasuna eta dauden usadioak; eta zehaztuko dira datuei sarbidea emateko prozedurak edo aurkikuntzen onurak nork eta nola jasoko dituen. Egitasmo honek, handiagoa bihurtzeko eta bere helburuak betetzeko, Afrikako eta nazioarteko erakundeen babesa beharko du, hurrengo hamar urteetan urtero ehun milioi dolarreko inbertsioa beharko baitu. Egitasmoaren bultzatzaileek jakitun dira zentzuzkoagoa dirudiela mila milioiko inbertsioa bideratzea goseteari eta gaixotasunei aurre egitera. Alabaina, gogorarazten dute hiru mila milioi dolarreko inbertsioa izan zela giza genoma sekuentziatzea; eta 2019 urtean giza genetika eta genomikaren arloak 265 mila miloi dolarreko ekarpena egin ziola AEBko ekonomiari. Hortaz, egitasmo honen bultzatzaileek uste dute Afrikako gene-baliabideetan inbertitzeak itzulkin handiak izango dituela.

Hiru helburu nagusi ezarri ditu AfricaBP egitasmoak:

  • Elikagai-sistema hobetzea. Gene-baliabideak eskaini nahi dizkie nekazariei eta abeltzainei elikagai-sistema erresilienteagoak eta iraunkorragoak garatzeko, jada martxan dauden nekazari eta abeltzain sareekin elkarlanean. Esate baterako, Etiopiako oilo indigenen genoma sekuentziatzeak ahalbidetu egin zuen ezagutzea ingurune hotz eta lehorretara moldatzea erraztu duen gene-oinarria eta, ondorioz, gene-informazio hori erabili ahalko da oiloen kudeaketarako.
  • Kontserbazioa hobetzea. Ikertzaileek gene-baliabideak eskaini nahi dituzte desagertzeko arriskuan dauden espezie eta populazioak identifikatzeko eta kontserbazio-estrategia eraginkorrak ezartzeko. Adibidez, Afrikako sabanako elefanteen populazioaren gene-egitura aztertu ostean, ondorioztatu zen beharrezkoa zela Tanzaniako ingurune babestuen artean fauna-korridoreak ezartzea elefanteen epe luzerako biziraupena bermatzeko.
  • Datuen partekatzearen hobekuntza eta onurak. Afrikan barrena hainbat akordio daude datuen partekatzearen inguruan. Horiek hobetu eta bateratu nahi dituzte gene-baliabideetatik eratortzen diren onurak zuzen banatzen direla bermatzeko. Adibidez, jada Nagoya-ko Protokoloa existitzen da datuen partekatzea kudeatzeko. Haatik, hainbat hutsune detektatu dira bertan eta hobekuntzak behar ditu komunitateen ohiturak eta usadioak errespetatzeko; edo gene-baliabideen jatorria behar bezala aitortzeko.
3. irudia: afrikarrek bertan egin nahi dute beren baliabideen gene-ikerketa. (Argazkia: aga2rk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Egitasmo hau gauzatzeko, baliabide ekonomikoez gain, ikertzaileek formakuntza beharko dute eta azpiegitura genomikoak eta bioinformatikoak garatu. AfricaBP-ren asmoa da Afrikako 600 bat ikertzailek parte hartzea eta ziurtatzea Afrikako ikerkuntza guneetan beren lana garatzen dutela, lortutako eskarmentua Afrikan gera dadin. Baliabide teknologikoei dagokiela, Afrikak hainbat zailtasun ditu. Azpiegitura genomikoen kasuan, dauden apurrak ez daude modu homogeneoan barreiatuta. Esate baterako, Afrikako hegoaldean halako 87 azpiegitura daude, baina Afrikako erdialdean soilik zortzi. Egitasmo honen asmoa da azpiegituren eskasia duten eskualdeak laguntzea. Sekuentziazioa egiteko makinen kasuan, halako gailuen eskasia dago Afrikan; eta Afrikako azpiegituren egoera dela eta, zaila da halako gailuak bertan instalatzea. Hala ere, sekuentziazioa egiteko aukerak egon badaude; adibidez, eramangarriak diren gailuak, sekuentziazioa egitean beste gailuak bezain zehatzak ez badira ere.

Laburbilduz, AfricaBP-ren sustatzaileek uste dute egitasmoan egindako inbertsioak onurak sortuko dituela hainbat alderditan, Afrikaren gene-beharren ikerkuntza Afrikatik eta Afrikarentzat egingo baita. Ikusi beharko da lortuko ote dituzten behar dituzten baliabide guztiak, baina argi dago guztiz txalogarria den egitasmoa dela. Ea hamar urte barru txoko honetara ekar ditzakegun lortutako emaitzak.

Iturria:

Echezona Ebenezer, T. et al. (2022). Africa: sequence 100,000 species to safeguard biodiversity. Nature, 603, 388-392. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-022-00712-4


Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.