Uda garaia da eta sekulako beroa egiten du kanpoko aldean. Gure etxeko salan gaude, tripa beteta, siesta egin edo ez egin erabaki ezinik. Gorputzak lo geratzeko eskatzen digu, baina telebistan eskaintzen ari diren ikuskizunak harrapatu gaitu. Begiek huts egiten digute baina burmuinak esnatuta mantendu nahi du. Borroka latza, zalantza gabe. Izan ere, badakigu Olinpiar Jokoak ez direla urtero antolatzen. Honegatik, ahalegin ikaragarria egingo dugu lo ez geratzeko. Gaur ez da siestarik egongo. Gainera, ematen ari diren karrera oso berdindua dago.
Une honetan telebistan eskaintzen ari direna Jokoetako proba inportanteenetakoa da: maratoia, hain zuzen ere. Nola ez, afrikarrak (etiopiar bi eta hiru kenyar) doaz lasterketaren lehenbiziko postuetan borrokan. Irabazlea, bost lasterkari hauen artean egongo da. Atzerago, alemaniar bat eta estatu batuar bat bere bizitzako ahalegin handiena egiten dabiltza. Ez dute lasterketa burua inoiz harrapatuko. “Ze arraroa”, pentsatzen dugu. “Proba honetan ere, kenyarrak aurretik. Izango al dute gainontzeko gizakiok ez dugun zerbait? Nola da posible honelako probetan beti aurrean egotea?”, galdetzen diogu gure buruari.
Seguru aski ere, jende askok galdetu dio hau bere buruari noizbait. Baita profesionalek berek ere. Zientzia Kaiera, errealitate honi azalpen zientifiko bat ematen saiatu den, Jordan Santos-Concejero doktorearekin bildu da bere lanaren gainean hitz egiteko. Bere ikerketak, eliteko atleta kenyarren arrakastan erabakigarria izan daitekeen faktore bat deskribatzen du lehen aldiz. Eta hau da, atleta kenyarrek, erabateko ahalegina egiten dutenean, garunaren oxigenazio hobea dutela.
Santos-Concejero doktoreak azterlan bat egin zuen, helburu honekin: Kalenjin tribuko eliteko lasterkari kenyarren garunaren oxigenazioak erritmo gorenean eta progresiboan nola erantzuten duen aztertzea.
Honetarako, eliteko kenyar talde bat hartu zuen (15, denak ere Kalenjin tribukoak). Denak goi mailako atletak, maratoi erdian 1:01 eta 1:03 arteko markak dituztenak. Proba asko egin ostean, azterlanak erakutsi zuen lasterkari kenyarrak gai direla beren garunaren oxigenazioa tarte egonkor batean mantentzeko eta litekeena dela honek laguntzea distantzia luzeko lasterketetan arrakasta izaten.
Hau al da guztiaren azalpena? Edota, beste faktore bat besterik ez da? Hauek dira bere hitzak.
– EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean doktorea zara. Nolakoa da zure eguneroko lana?
Nire eguneroko lana unibertsitateko beste edozein irakaslerena bezalakoa da. Nire denboraren parte bat eskoletan eta eskolak prestatzen ematen dut. Beste parte bat ikerketa artikuluak idazteko gordetzen dut. Ikuskatzailea naizen heinean, artikuluak ere aztertzen ditut. Eta, nola ez, denbora asko ematen dut ikerkuntzarako finantziazioa bilatzen, kongresuetara joaten, proiektu berrietan pentsatzen, Hegoafrikako lankideekin hitz egiten… Esango nuke gauza horiek guztiak egiten ditudala, beste edozein irakaslek bezala.
– Eta zure lanetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Ikerkuntza, zalantza izpirik gabe. Oso argi daukat hori.
– Kirolaren esparruan egiten dituzu ikerketak. Egia esan, ikerkuntzaz hitz egiten denean, oso erraza da fisikan, kimikan, astronomian… ikerkuntza bera irudikatzea. Hau da, kimikari batek ikerkuntzan lanean dagoela esaten dizunean, oso erraz irudikatu daiteke egiten duena. Kirolean nola egiten da ikerkuntza?
Kirol munduan egiten den ikerkuntza oso zabala da. Kontutan hartu behar dugu adar asko daudela. Hor ditugu, adibidez, kirolaren hezkuntzan egiten den ikerketa, kirolaren historiari dagokionez egiten dena, kirolaren fisiologian egiten dena… Biologoa izanik, azken honetan egiten dut nik lan. Kirolaren fisiologia giza fisiologiaren adar bat dela esan daiteke. Gizakiaren gorputza aztertzen dut gizakiak kirol ezberdinak egiten dituenean. Gizaki baten gorputza limitera eramaten denean sistema fisiologikoek nola erreakzionatzen duten aztertzen saiatzen naiz, adibidez. Baina baita gauza gehiago ere. Atleten artean egon daitezkeen diferentziak aztertzen ditut. Honela, lasterketa batean ahalegina nola aurreztu dezaketen ikusten dugu, adibidez. Edozein fisiologok edo medikuk egin dezakeen lana egiten dut nik.
– Ikerkuntzak oso ibilbide luzea dauka fisikan, matematiketan, astronomian, medikuntzan… Kirolean, ordea, ez hainbeste. Zergatik gertatzen da hau?
Nik uste badagoela arrazoi fuerte bat. Eta hau da guk gizakiekin egiten dugula lan zuzenean. Gainontzeko adarretan lan egiten duten ikerlariek, euren ikerketak aurrera eramateko, ez dute zertan gizakiekin lan egin. Nire kasuan, ezinbestekoa zait puntako atletekin lan egitea nire ikerketetan aurrera egiteko. Hau honela izanik, zailtasunak izaten ditugu gizakiak aurkitzeko edota etika komiteen oniritzia jasotzeko. Kontutan hartu behar da, askotan, gizaki hauek limitera eramaten ditugula eta hau kaltegarria izan daitekeela. Beti da errazagoa arratoiekin lan egitea eta ez gizakiekin. Nik uste hau dela arrazoi inportanteena.
– Hitz egin dezagun zure lanaren gainean. Zure ikerketei esker, badirudi badakigula zergatik irabazten duten beti atleta kenyarrek! Ez al da horrela?
(Barreak). Nik ez nuke hori esango. Ezta gutxiago ere. Nire lana irakurri ostean, jende askok pentsatu du atleta kenyarren sekretua behingoz ezagutu dela, baina ez da horrela. Atleta kenyarren arrakastak faktore asko ditu. Ez bat bakarrik. Eragin handia duten dozenaka faktore daude: sozioekonomikoak, antropometrikoak, elikadurarekin zerikusia dutenak, bizitza estilo ezberdinak… Puzzle erraldoi bat da eta guk pieza txiki bat besterik ez diogu gehitu.
– Oso apala zara… Sekulako aurkikuntza egin duzu!
Ez, ez. Egia da diodana. Ezin dezakegu esan euren sekretua zein den aurkitu dugunik, ez baita egia. Esan bezala faktore asko daude eta guk kontribuzio txiki bat besterik ez dugu egin. Proiektu honek, hala ere, badu arazo bat. Nire aurkikuntzak ezin ditzaket beste talde batekin konparatu. Ezinezkoa da maila bereko beste talde bat aurkitzea. Norekin konparatu ditzaket orduan? Europan, adibidez, ez daude aztertu ditudan 15 atleta kenyar hauekin konparatu daitezkeen beste 15 atleta. Maila ezberdina da. Europarrak ez dira hain onak. Demagun 15 aurkitzen ditudala eta kenyarrak arinagoak direla. Hau zergatik gertatzen da? Kenyarren oxigenazioa egonkorragoa delako edo, besterik gabe, arinagoak direlako? Hori da daukadan arazoa.
– Eta zer egin daiteke honen aurrean?
Aurkitu dugun faktore hau puzzleko pieza bat den edo ez jakiteko, beste talde bat aurkitu behar dugu. Berdin du atletak diren edo ez. Eliteko txirrindulariak izan daitezke, adibidez. Urtero Frantziako Tour-a kurritzen dutenak izan daitezke. Talde berri hau hartuta, euren garunaren oxigenazioa nolakoa den ikusi beharko genuke. Oxigenazioa egonkorra dela erabateko ahalegina egiten dutenean? Bada, orduan faktore hau eliteko atleten ezaugarri bat izango da, eta ez kenyarren ezaugarri propio bat. Baina hau egiteko dagoen zerbait da.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da.
“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”
1 iruzkina
[…] Zientzia Kaieran aldiz, Peru S. Gamarra kazetariak Jordan Santos-Concejero biologoa elkarrizketatu du. Jordan kirolaren fisiologiaren adarrean ari da lanean. Hau da, gizakiaren gorputza aztertzen du gizakiak kirol ezberdinak egiten dituenean. Gizaki baten gorputza limitera eramaten denean sistema fisiologikoek nola […]