Naturak 57 modu ditu mineralak sortzeko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Eratzen diren moduan abiatuta, mineralak sailkatzeko metodo berria proposatu du ikertzaile talde batek. Orain arte osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa baino ez dira kontuan hartzen.

Igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak. Oso ezaguna da arrokak sailkatzeko erabiltzen den modu orokorra. Jakina denez, arroken jatorria aintzat hartzen da sailkapenean, eta hori oso lagungarria da beren ezaugarriak eta testuinguru geologikoa ulertzeko.

Ez da mineralen kasua. Kasu horretan, haien ezaugarriak hartzen dira kontutan. Alabaina, aditu talde batek uste du mineralen kasuan ordua dela jatorria ere aintzat hartzeko. Horregatik, sailkapen osagarri bat proposatu dute. Lurrean ezagutzen diren mineral guztiak aintzat hartu dituzte horretarako. Sarbide librea duten datu baseetan abiatu dira —mindat.org eta rruff.ima/info aipatu dituzte—. Hamabost urteko lan baten ondoren, beraiek ere datu-base bat osatu dute mineralak sortzeko gai diren prozesu guztiekin.

mineralak
1. irudia: kaltzita hamazazpi modu desberdinetan sor daiteke. Argazkian, ustez haitzulo baten barruan garatu den kaltzita alea, kristalizazio prozesu desberdinak garatu dituena. Izotz Aroan zehar haitzuloan izan ziren ur mailen araberakoak dira fase desberdinak, zientzialariek susmatzen dutenez. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Ez dira sailkapen hutsean geratu, noski. Jakina da ordenatze hutsak gutxirako balio duela, eta prozesu horretan ateratzen diren irakaspenak direla, hain zuzen, zientzia balio gehien dutenak.

Sailkapen berri hau aurrera eraman ahal izateko, azterketa egin duten azken uneetan IMA Nazioarteko Mineralogia Elkarteak onartuak zituen 5.659 mineral espezie arakatu dituzte (zenbaki hori, ordea, etengabean handitzen da, eta 2022ko uztailean zerrenda ofizialak 5.828 mineral biltzen ditu dagoeneko).

“Espezie” hauez gai, ikertzaileek 10.556 mineral “mota” proposatu dituzte. Honen zergatia da mineral asko modu batean baino gehiagotan eratu daitekeela, eta horretan jarri dute, hain zuzen, ikerketa honen fokua. Modu horretan, mineralak sortzen dituzten 57 prozesu fisiko, kimiko eta biologiko identifikatu dituzte. Hainbat mineral mota batu dituzte ezaugarri horien arabera, eta beste hainbat, berriz, banandu dituzte, mineral horiek noiz eta nola sortu ziren abiapuntu hartuta. Ez dute proposatu zerrenda ofiziala ordezkatzea, zerrenda horretan kategoria eta taldekatze berriak eranstea baizik.

Egileek azaldu dute orain arte proposatu diren sailkapenetan irizpideak beti izan direla osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa, baina proposamen berri honetan aintzat hartu dute mineral hauek sortu diren modua eta unea. “Ahaleginik handiena egin dugu mineral desberdinak arakatzeko orduan ikuspegi berri baten oinarriak jartzeko”, adierazi du Carnegie instituzioko zientzialari Robert Hazenek. “Lan honek errotik aldatzen du planetan dauden mineralen aniztasunari buruz daukagun ikuspuntua”, erantsi du.

American Mineralogist aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean Shaunna Morrison eta Robert Hazen ikertzaileek mineralak sailkatzeko erabili duten ikuspegi berri hau ezagutarazi dute.

Hain azterketa zabala izanda, datu interesgarri asko azaleratu dira, eta, horiei esker, mineralen mundua ikuspegi zabal batetik aztertu daiteke. Adibidez, ondorioztatu dute 2.400 mineral ingururen osaketarako 41 elementu funtsezkoak direla; baina, halere, elementu horien kontzentrazioa lurrazalaren milioiko bost partekoak baino ez direla.

mineralak
2. irudia: opalo bihurtutako amonitea. Ez da ohiko kasua, baina biologiaren eta geologiaren arteko loturaren adibide ikusgarria da. Duela 100 milioi urte inguru animaliak karbonatozko oskola sortu zuen, baina gero pixkanaka opaloak ordezkatu zuen jatorrizko egitura. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Mineralen %40 inguru eratu dira bide batean baino gehiagotan. Mineral gehienak (%59) modu batez baino ez dira sortzen. Laurden bat (%24) bi modutara sortu ahal dira. Hiru prozesu bidez sortu daitezke mineralen %8, eta gainerako %8 inguru lau prozesuren baino gehiagoren ondorio izan daitezke.

Izan ditzakeen askotariko jatorriari dagokionez bederen, pirita (FeS2) da “munduko txapelduna”, prentsa ohar batean adierazi dutenez: 21 bide desberdinetik eratzen da. Sor daiteke tenperatura altuetan zein baxuetan, urarekin ala urik gabe, bizidunen laguntzarekin ala guztiz elkorrak eta antzuak diren eremuetan. Meteoritoak, sumendiak, iturri hidrotermalak, arroka geruzen arteko presioak, meteorizazioa, mikrobioek eragindako deposituak… are gehiago, meatzaritzari lotutako zenbait prozesu… horiek guztiak izan daitezke piritaren abiapuntu.

Faktore garrantzitsuena mineralen osaketarako ura da: mineralen %80 inguruk elementu hau dute beren eraketa prozesuan. Ondorioz, esan daiteke ura dela planetan dauden mineralen aniztasunaren funtsezko eragilea. Zientzialariek azaldu dutenez, horrek azaltzen du zergatik Ilargiak, Merkuriok edo Martek mineral mota gutxiago dituzten Lurrarekin alderatuz.

Adinari dagokionez ere, datu interesgarriak jarri dituzte mahai gainean: gutxienez 296 mineral Lurra bera baino aurretikoagoak dira. Horietatik, 97 soilik meteoritoetan ezagutzen dira. Horien barruan aurkitutako zenbait konposatu duela 7.000 milioi urte baino gehiago sortu zirela kalkulatu dute: horrek esan nahi du Eguzki Sistema bera baino zaharragoak direla. Horien jatorria zehaztea zaila den arren, meteoritoetan gordetako mineral berezi hauek gure Eguzki Sistema sortzen ari zenean gertatutako supernoba baten eztandaren emaitza izan zirela uste dute zenbait adituk.

3.534 mineral planetaren bizitzaren lehen 250 milioi urteetan sortu ziren. Garai horretan funtsezko hainbat prozesu gertatu ziren, hala nola ozeanoen sorrera eta lur azalaren garapena. Horrek esan nahi du biziaren agerpena abiatzeko beharrezkoak ziren osagai geokimikoak eskura zeudela. Honen guztiagatik, mineral asko zein ura soberan dituzten munduetan bizia “inperatibo kosmikoa” baldin bada, egileek babestu dute argitaratu dituzten emaitzek “bizia planetaren eboluzioaren lehen uneetan azkar sortu zelako hipotesia” sustatzen dutela. Horretan, lagungarria izan zen “askotariko erreinu mineral” indartsu bat egotea.

Baina, horrez gain, funtsezkoa izan da ere biologiaren rola. Kalkulatu dutenez, mineral espezieen heren batean ezinbestekoak izan dira bizidunak. Kasurako, oskolak, hezurrak, hortzak edota mikrobioak… horiek guztiak aintzat hartzeko modukoak dira zenbait mineralen eraketa prozesuan. Baina, zeharka ere, biologiak mineral gehiagotan du eragina: bizidunei esker bete zen oxigenoz planetaren atmosfera, eta hori ere funtsezkoa izan da mineral askoren eraketarako. Modu horretan ulertuta —zeharkako eragina— biologiak baldintzatu du mineral guztien erdia.

mineralak
3. irudia: zianobakterioek duela 2.500 milioi urte inguru oxigeno atmosferikoa kopuru handietan sortu zutelako eratu ahal izan zen malakita, beste mineral askorekin batera. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Mineral gehienen jatorria naturala bada ere, antropozenoaren mineralak deitu genitzakeenak ere badira. Ez dira gutxi, gainera: zenbatetsi dute 600 mineral baino gehiagok giza jardunean dutela jatorria. Horietatik 500 bat meatzaritzaren ondorio dira, eta 234 ikatz meatzaritzan izandako suteetan sortu dira.

Horiez gain, ikertzaileek gogorra ekarri dute gizateriak mineralekin antza handia duten material ugari sortu dituela azken hamarkadetan, horiek zerrenda ofizialetan agertzen ez diren arren. Konposatu horiek milioika urtez mantenduko dira planetan, temati, antropozenoaren adierazle gisa.

Jatorri biologikoaz gain, badira ere biomineraltzat har daitezkeenak, oso lotuta daudelako bizidunetan izandako prozesu metabolikoei. Kasurako, koralak, oskolak edota giltzurrunetan sortutako harriak. Halako 77 biomineral daudela kalkulatu dute. Zeharo bitxiak diren jatorriak egon daitezke multzo horretan: kasurako, badago mineral bat soilik Antartikako Elefante uhartean sortzen dena, eta pinguinoek botatako gernuak bertako zoruan dauden mineralekin sortutako erreakzioen ondorioz eratzen da: spheniszidita deritzo.

Esan beharrik ez dago: inoiz bikoteari edo lagun bati mineral horretaz egindako lepoko bat oparituz gero, ez duzu zertan horren jatorria azaldu beharrik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hazen, Robert M., Morrison, Shaunna M. (2022). On the paragenetic modes of minerals: A mineral evolution perspective. American Mineralogist, 107 (7), 1262–1287. DOI: https://doi.org/10.2138/am-2022-8099 https://doi.org/10.2138/am-2022-8099


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.