Mizelak gas fasean sortu eta bereizi dituzte

EHUko ikerketa

Inside Back Cover: Shaping Micelles: The Interplay Between Hydro

UPV/EHUko talde batek zuzendu du ikerketa, eta makroegitura horiek egonkortzen dituzten indarrei buruzko ondorioak beste sistema biologiko batzuetan ere aplika daitezke

Xaboiak zergatik disolbatzen du koipea? Bada, xaboia urarekin nahasten denean, molekulek mizelak izeneko egitura esferikoak sortzen dituztelako, eta molekula horiek koipea barnean hartu eta desagerrarazi egiten dutelako. Errioxa, Valladolid eta Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialari talde batek ingurune likido baten beharrik gabe mizelak sortzea eta horien egitura xehetasunez zehaztea lortu du. Ikerketa Angewandte Chemie aldizkariko azalean argitaratu da, Kimika arloko garrantzitsuenetako batean, alegia.

Nahasketa urtsu batean dagoen xaboia mikroskopio bidez behatuz gero, xaboiak makroegitura erabat ordenatuak sortzen dituela ikusiko dugu, molekula ugariz osatutakoak; molekula horiek bi alde dituzte, bat polarra eta bestea apolarra. Alde polarra hidrofilikoa da, eta hortaz, ur molekulek inguratzen dute; horiek ere, bidenabar, polarrak dira. Talde apolarrak, ordea, hidrofobikoak dira, eta beste xaboi molekula batzuen artean ezkutatzen dira, elkarrekintzan arituz. Horrela agertzen dira mizela deritzen egitura globular horiek, eta inguruan duten disolbatzailearekin alderatuta ingurune guztiz desberdina eratzen dute. Mizelak sortzeko propietate hori erabakigarria da bizidunentzat eta, besteak beste, zenbait mintz proteina egonkortzea ahalbidetzen du. Horrez gain, zenbait sendagaik haien funtzioa betetzeko ere erabiltzen da; izan ere, sendagai bat mizela barruan “ezkutatuta” joan daiteke eta, hala, ingurunetik babestuta bidaia dezake harik eta bere funtzioa betetzeko dagokion organismoaren atalean askatu arte.

mcontent

Mizelak sor ditzaketen molekula anfifilikoen artean propofola dago, kirurgian asko erabiltzen den substantzia anestesiko bat. UPV/EHUko Elektroskopia Taldearen zuzendaritzapean ikertzaileek egindako ikerketan substantzia anestesiko hori erabili dute gas fasean; horri esker posible da molekulak hautatzea inguruneko beste edozein molekularen elkarrekintza eraginik izan gabe. Horretarako, sistema esperimental konplexua erabili dute, eta hala, handituz doazen propofol molekulen agregatuak sortu ahal izan dituzte, baita horien egitura parametroak zehaztu ere, teknika espektroskopiko laserrak eta kalkulu mekano-kuantikoak uztartuz; horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko eta i2BASQUE Fundazioko superordenagailuak baliatu dituzte.

Ikertzaileek propofol molekulak sortu, isolatu, eta, azkenik, autoantolatu egiten direla zehaztu ahal izan dute, betiere ingurune likido batean egon beharrik gabe, mizela inbertituen egitura bat sortuz, hau da, hidrogeno loturek egonkortutako nukleo hidrofiliko batekin eta propofol molekula guztien alde apolarren elkarreraginez eratutako bilgarri hidrofoboko batekin, sakabanatze indarrek egonkortutakoa. Lan honetan deskribatutako mizela inbertituek sortutako elkarrekintzak eta molekula biologikoen arteko elkarrekintza eta proteinen tolestura gobernatzen dituztenak berdinak dira, eta, hortaz, lan honetan lortutako ondorioak beste sistema biologiko garrantzitsu batzuetan ere aplika daitezke.

“Aintzat hartuta mizelak direla autoantolaketa modu primitiboenetako bat, eta, zelulak, azken finean, kanpo geruza batek babestutako egiturak direla, ausart gaitezke esatera mizelek lotura dutela bizia lurrean sortu izanarekin” azaldu du José Andrés Fernández Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak.

Iturria: Iker León, Judith Millán, Emilio J. Cocinero, Alberto Lesarri, José A. Fernández (2013): Shaping Micelles: The Interplay Between Hydrogen Bonds and Dispersive Interactions Angewandte Chemie DOI: 10.1002/ange.201303245

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.