Asteon zientzia begi-bistan #431

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zelula ama

Komunikazioa

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, generoa eta zientziaren komunikazioaren inguruko hausnarketa egin da, eta dekalogo bat aurkeztu dute: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak. Dekalogoan gomendatzen dute, komunikazio zientifikoari heltzean, alderdi kualitatiboari ematea garrantzia, ez soilik kuantitatiboari. Gomendio orokor horri segika hamar puntu garrantzitsu jorratzen dira, komunikazioan genero-berdintasuna sustatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa.

Mikrobiologia

Nekazaritzaren sektorearen erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu dute NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Elhuyar Fundazioak. Bertan, Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko ikertzaileak abiatu du eztabaida, eta hainbat hizlarik hartu dute parte. Gaitzen bektoreekin, klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotuta, Aitor Cevidanes Miranda Osasun Bakarrean adituak hartu du hitza. Besteak beste, zoonosiak eta antropozoonosiak izan ditu hizpide. Honetaz gain, Ibone Ametzaga Arregi ekologian aditua ere aditu da naturaren multifuntzionalitatearen inguruan, eta azkenik, Manu Soto López EHUko ikertzaileak hitz egin du lur-zizareen mikrobiomaz. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nekazaritza eta abeltzaintza jomugan: erronka berriak.

Neurozientzia

Zientzia Kutxa jardunaldien barne, martxoak 10ean Banpiroarekin neurozientziaz solasean hitzaldia eskaini zuen Jose Ramon Alonso neurobiologoak, Donostiako Tabakaleran. Neurozientzien alorrean ikertzen du Alonsok, eta, nazioarteko zientzia aldizkarietan argitaratzeaz gainera, blog bat eta hitzaldiak baliatzen ditu bildutako jakintza gizarteratzeko. Hitzaldian zehar, gai asko jorratu ditu, besteak beste, autismoa, depresioa, usaimena eta dibulgazioa. Bere ikerketa gai nagusia, bestalde, plastikotasun neuronala da, hau da, garapenaren nahasmenduek eragindako kalteei erantzuteko burmuinak duen gaitasuna. Argi utzi du, hala eta guztiz ere, galdera asko daudela oraindik erantzuteko, bai bere ikerketa-gaien inguruan, baita orokorrean burmuinaren inguruan ere. Azalpenak Berrian: «Neurozientzian hardwaretik softwarera pasatzea falta zaigu».

Ekologia

Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon. Hala berretsi du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak. Nazioarteko ikerketa baten bidez, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu dute erlauntza unitate gisa hartuta, eta ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Gainera, ondorioztatu dute erlauntzak habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egiten duela nekazaritzak haien mikroorganismo-multzoan eragindako desoreka. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Botanika

Etxean landareak lehortzeko, Aranzadi zientzia elkarteak hainbat gomendio eman ditu Berrian, Nola lehortu landareak etxean artikuluan. Aranzadik ARAN izeneko herbarioa du, eta bertan 80.000 lagin baino gehiago dituzte bilduak. Erregistratutako lehen herbarioa 1544koa da, eta Luca Ghini mediku eta botanikari italiarrak eraiki zuen. Pentsatzen da berak asmatu zuela landareak kontserbatzeko modua, eta ez da asko aldatu garai hartatik hona. Aranzadik herbario bat egiteko modua azaldu du, beraz, mendira joan eta landareak hartzetik, landareak prentsatu eta katalogatzera arte.

Adimen artifiziala

Ikerketa berri batean adimen artifizialaren giza alborapen kognitiboak aztertu dituzte, eta RIEV aldizkarian argitaratu dira emaitzak. Jakina da adimen artifizialeko algoritmoek datuetan dauden alborapenak barneratzen eta areagotzen dituztela, eta artikuluaren egileen arabera, ez dituzte datuek soilik alborapenak eragiten, baita adimen artifizialeko algoritmoen garapen osoan eragiten duten giza alborapen kognitiboek ere; hasi ikertzaileetatik eta erabiltzaileetara. Alborapen horiek guztiak aztertu eta eztabaidatu dituzte ikerketa berri horretan, eta ohartarazi dute, adimen artifiziala ez dela pentsatzen dugun bezain objektiboa eta neutrala. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok D bitamina molekularen defizita daukate. Alabaina, D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez dielako inolako onurarik ekartzen defizitik ez duten biztanle osasuntsuei. Izan ere, behaketa batean D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotu zen. Artikulu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia.

Garazi Larrañaga Jaurrietak Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen, eta, gaur egun, tesia egiten ari da BioSmarTE taldean, CICbiomaGUNErekin kolaborazioan. Bere tesian osteoartritisaren tratamendurako teknologiak garatzen dihardu. Azaldu duenez, osteoartritisa 65 urtetik gorakoen %30ek jasaten dute, eta helduen artean, desgaitasun ohikoena da. Emakumeek gaitz hori pairatzeko probabilitate altuagoa dute, bestalde, eta menopausiaren ondorioz sortutako estrogeno-urritasunagatik izan daitekeela uste da. Alabaina, oraindik ez da era sakonean ezagutzen zer prozesu gertatzen diren gaixotasun honetan zehar, eta horrek tratamendu egokiaren bilaketa zailtzen du. Horregatik, osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu nahi du Larrañagak, eta tratamendu eraginkor bat bilatu, kartilagoaren erregeneraziorako 3D egiturez baliatuz. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean.

Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, eta mundu osoko herritarren %10-17k dituzte. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologoaren esanetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake. Kasu gehienetan azkar desagertzen dira akufenoak, baina badaude bizi osorako dituztenak. Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren, baina belarriko infekzioek edota zarata handien eraginpean egoteak eragina izan dezakete, besteak beste. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz. Informazio gehiago Berrian: Isiltasunik gabeko jendea.

Saguzarrek birusak nola toleratzen dituzten azaltzeko hipotesi berriak plazaratu dituzte, saguzarren zelula ama pluripotenteak lortzeko teknika berri bati esker. Saguzarrek beste edozein ugaztunek baino askoz birus gehiago ostatatzen dituzte, itxuraz kalte handirik pairatu gabe. Beraz, animalia-eredu bereziki interesgarria da birusekiko tolerantzia neurtzeko. Alabaina, azterketarako lagin-tamaina handia behar zenez, pentsatu zuten zelula ama pluripotenteak sortzea izan zitekeela bide bat. Zelula ama horiek aztertuta, ikusi zuten sekuentzia biral aktibo asko zeudela. Ikertzaileek emaitza horiekin ondorioztatu dute saguzarrek ez dutela birus horien aurka egiten, eta litekeena dela beste birus batzuekiko defentsa-estrategia modura erabiltzea, edo txerto gisa funtzionatzea. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Nature Communitations aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean azaldu dutenez, giza enbrioietan gaixotasunak sendatzeko edizio genetikoa erabiltzea ez da segurua oraindik. CRISPR teknikaren bidez editatutako giza enbrioiak aztertu dituzte, eta ikusi dute, DNA gutxi dagoela enbrioi horietan, eta sekuentziatu ahal izateko asko anplifikatu beharra dagoela. Hainbeste anplifikatzean fidagarritasuna galtzen dela azaldu dute ikertzaileek, eta, beraz, ezin dela ziurtatu diagnosi egoki bat. Bestalde, edizio-tekniketan ere arazo bat aurkitu dute, mutazioa konpontzeko egin nahi den aldaketa baino gehiago egiteko arriskua dagoela, hain zuzen. Datuak Elhuyar aldizkarian: Enbrioien edizio genetikoa ez da segurua.

Arkeologia

Aztarna arkeologiko gehiago atera dituzte argitara Arkaiako aztarnategian (Gasteiz), hiru urteko lanaren ostean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituzten aurreneko indusketa lanak bertan, eta orduan atera zituzten argitara erromatar garaiko termak. Miguel Loza arkeologoa da azken indusketa lanen arduraduna, eta azaldu duenez, Suestatium hiri erromatarra zegoen gaur egun Arkaia herria dagoen lekuan, eta termak ziren hiri hartako eraikinik handienak. Arkaiakoak, gainera, inguruan aurkitu diren terma garrantzitsuenak zirela azpimarratu du Lozak. Lehen indusketa horien ostean, aztarna horien inguruko eremuak induskatzen aritu dira arkeologoak, eta azaldu dutenez, ez dute garrantzi handiko ezer topatu. Hala eta guztiz ere, lanek balio izan dute orain arte aurkitutakoa egonkortu eta balioa emateko. Informazio gehiago Berrian.

Argitalpenak

Aste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Descartesen hutsegitea (1994) liburua iradoki dute. António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakasleak idatzi zuen, eta bertan, egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat jorratzen du: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Istorio bitxiez, historial klinikoez, laborategiko esperimentuez zein abentura existentzialez dihardu Damasok liburuan zehar, eta datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientziaren bidez gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketa egiten du.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.