Asteon zientzia begi-bistan #54

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Cuando la ciencia es Zientzia #3 (1)

Bizitzak argi-ilunak ditu eta baita ere ikerketaren bideak. Ana Bernal biokimikaria UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzailea da. Bederatzi hilabeteko beka bateri esker ari da lanean eta amaitu ondoren atzerrira joango da ikerlerroa garatzen. Ikerketak hainbat gauza eman dizkio, esaterako, hainbat galderei erantzuteko aukera baina jakin badaki bidea ez dela erraza. Izan ere, finantziazio faltaren eraginez hainbat ikertzailek bidean aurrera egiterik ez dutela kontatzen digu Zientzia Kaieran Ana Galarragarekin izandako solasaldian: Ana Bernal: “Ikerketaren bidez, galderei erantzun ahal diet”.

Ana Bernalek haren doktorego-tesia Achucarro Zentroan garatu zuen. Achucarron neurozientzien inguruko hainbat ikerlerro garatzen dituzte eta besteak beste, garunaren nondik norakoak dituzte ikergai. Ikerketak aurrera eramateko etika arazoekin egiten dugu topo nonbait. Izan ere, animaliak dira sarritan esperimentuen oinarri. Gai honi erreparatu diote Achucarro Zentroko Neurozientziak blogean, neurobiologian egiten den animalien erabilpenari hain zuzen ere. Bertan dioskunenez, teknologien aurrerapenei esker, animalien eta gizakion garunak ikertzeko, gero eta erreminta ez-indabidatzaile gehiago sortzen eta garatzen ari dira, eta agian egunen baten ez dira animaliak erabili behar izango zientziak aurrera egin dezan.

Zientziaren historiak pasarte interesgarriak utzi ditu Euskal Herrian. Horietako hainbat bilduta daude Bergarako Errekalde jauregian zegoen Errege Mintegiaren inguruan. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen 1776. urtean, Peñafloridako kondearekin batera goi-mailako hezkuntza eta zientzia landuko zituen zentro indartsu bat egiteko asmoz. Bertan laborategi bat ere zabaldu zuten eta Elhuyar anaiek wolframa isolatu zuten 1783ean. Egun eraikinean museo bat prestatzen ari dira eta ekainean zabalduko dute, Laboratorium Museoa. Gipuzkoako Hitzan ematen dizkigute Museoaren ezaugarrien berri: Laborategi bat herritarrentzat.

Aspaldiko izaera berreskuratuz datorkigu Laboratorium Museoaren egitasmoa. Aspaldiko, gaztetako itxura mantentzeko nahia izaten dugu gizakiok ere. Hori dela eta, krema, tratamendu eta bestelako hainbat erremedioren bidez aurpegiko zimurrak estaltzen ahalegintzen gara. Amaia Portugalek kontatzen digu Zientzia Kaieran adinaren salatariak ditugula aurpegian eta hauek ez direla estaltzen kremen bidez. Adin fisiologikoan gora egin ahala, ahoa eta sudurra zabalduz doaz, bien arteko distantzia areagotuz, eta begi-ertzak eroriz. Hauek dira, zahartzearen bioadierazleak.

Iraganeko ondarea berreskuratzea dute helburu Gasteizko Santa Maria Katedralean lanean diharduten ikertzaileek. Katedrala zaharberritzeaz gain bidean hainbat sorpresa eta altxor aurkitu dituzten urteotan. Horietako bat dakarkigute Santa Maria Katedraleko Fundazioak eta Ondare Eraikiari buruzko ikerketa-taldeak, Santa Maria Katedraleko putzua. 1,4 metroko dia­metroko eta 3,5 metro baino sakonera askoz handiagoko putzu zirkularra, akuifero kuaternarioan bildutako ura hartu arte hainbat metro jais­ten dena. Gaur egun, Olarizuko kalkarenitazko harri-hormaz estalia dago eta Gasteizen Goi Erdi Aroko etxebizitzak eraikitzen ziren aldi berean zulatu zen putzua.

Sortzetiko bihotz-gaixotasuna da haurretan erikortasun eta hilkortasun gehien eragiten duen gaixotasunetako bat. Haurrek sortzetiko bihotz-gaixotasuna izateko arriskua amaren adinarekin batera handitzen da. Honen inguruan Elhuyar aldizkarian kontatzen digu Egoitz Etxebestek ikerketa egin berri batek ondorioztatu duela oinarria amarengan dagoela, bai, baina ez obuluaren adinean, amaren adinean baizik. Baina arrisku hori txikitu egiten da amak ariketa fisikoa egitenez gero. Datu guztiak sortzetiko bihotz-gaixotasuna izateko arriskua amaren adinari lotuta dago, baina ez obuluarenari artikuluan.

Panamako pasabidea duela 13-15 milioi urte sortu zela azaldu du nazioarteko ikerketa-talde batek Science aldizkarian argitaratu duen artikulu baten bidez. Antzinako ibai-sistema batek utzitako sedimentuak oinarri hartuta, froga geologikoak aurkitu dituzte Amerikako itsas pasabidea gutxienez duela 13 milioi urte itxi zela esateko. Eider Cartonek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Amerikak uste baino lehen lotu ziren.

Ba al dakizue, hainbat kalkuluren arabera, gizakion energia beharrak 10.000 urtez asetzeko adina helio dagoela ilargiaren gainazalean? Guk ere ez genekien baina Joxerra Aizpuruak azaltzen digu Argia aldizkarian: Ilargia eta energia.

Ilargian dagoen helio kopurua Lurrera ekartzea, momentuz, oso zaila dela dirudi. Agian honako ustezko gertaera bat beltxarga beltza dela izango da? Bai, errealitate izatera nekez hel litezkeen ustezko gertaerei beltxarga beltza izena eman baitzaie. Honako hauek inork ez daki noiz gerta litezkeen baina, hala ere, iragarri egiten dira. Javier San Martin kazetariak, 2015erako iragarrita dagoen beltxarga beltzei buruz hitz egiten digu Zientzia Kaieran. Horien artean bat aipatzen digu: Lurreko tenperatura-igoeraren gradu bakoitzeko, gari-ekoizpena %6 jaitsiko dela iragarri dute. Jakin ez dakigu gertatuko den baina aurreikuspenak eginak daude: Beltxarga beltzak 2015ean.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.