Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ekologia
Rosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen, eta bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Edgek bat egin zuen ornitologo eta behatzaile afizionatuen talde batekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Hortik aurrera, arriskuan zeuden espezieen aldeko jokabidea hartu zuen eta bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC). Batzorde horri esker, 1934an Hawk Mountain basabizitzaren santutegia sortu zen Appalache mendietan, munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Emakume honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.
Osasuna
1976ko uztailaren 10ean Seveson (Italian) sute bat piztu zen bertako industria bateko eraikin batean. Sute hark TCDD dioxina askatu zuen ingurura ondorio latzak eragin zituen inguruko 18 bat kilometro karratuan bizi zirenengan. Fabrika hartan, besteak beste, 2,4,5-T izeneko herbizida eta xaboi hexaklorofenoa ekoizten ziren, eta horren azpiproduktu gisa, TCDD dioxina edo 2,3,7,8-tetraklorodibenzo-p-dioxina ekoizten zen, zeina oso substantzia arriskutsua eta hilgarria baita. Biztanleak laster hasi ziren ondorioak pairatzen; lehena kloraknea izan zen, baina denboran luzatu ziren hilkortasun eta morbilitate arriskua. Besteak beste, neoplasia linfoemopoietikoa, digestio sistemako minbizia eta arnas sistemako minbizia pairatzeko arriskua handitu zen TCDD dioxinaren ondorioz, beste gaitz askoren artean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ez ahaztu Seveso.
OMEk aholkatu du ez erabiltzeko azukrea ez diren edulkoratzaileak pisua kontrolatzeko. Gaiaren inguruko ikerketak aztertu ditu erakundeak, eta, dauden datuen arabera, ikusi du sakarinak, estebiak eta antzeko produktuek ez dutela laguntzen gorputzeko gantza gutxitzen. Gainera, ikerketa horiek ikusi zuten ordezko horiek, luzera, hainbat gaitz pairatzeko arriskua handitu ahal zutela; besteak beste, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta hilkortasuna helduetan. Datuak Berrian.
Janari eta edarietako bisfenol-A eta beste plastifikanteen arriskuaz ohartarazi du EFSA Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den agentziak. Bisfenol-A plastikoetan eta erretxinetan erabiltzen da, eta material horietako batzuk ondoren elikagaien eta edarien ontziek daramatzate. EFSAk sustantzia horren eraginari buruzko 800 ikerketa baino gehiago aztertu ditu, eta ondorioztatu dute Bisfenol-Ak T linfozito laguntzailearen maila igoarazten duela arean. Horrek, azaldu dute, hantura alergikoa eragin dezake biriketan, eta asaldura autoimmuneak. Horrez gain, ikusi dute garapenean, ugalketan eta metabolismoan ere eragin dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Ikerketa berri batek ondorioztatu du ariketa fisikoak alzheimerraren garapena moteltzen duela, baita arrisku genetikoa dutenetan ere. Zehazki, aztertu dute ariketa fisikoak eta alzheimerra izateko arriskuarekin lotzen den proteina baten (ApoE4) geneak zer eragin duten alzheimerraren patologiarekin zerikusia duten mekanismo molekularretan. Mekanismo molekular horietako batzuk proteina amiloideen eta tauen metaketa, erresilientzia neuronala eta neurogenesia izan dira, eta aztertu dituzte ariketa fisikoa eta ApoE4 bakoitza bere aldetik hartuta eta elkarrekin. Hala ondorioztatu ahal izan dute ariketa fisikoak pertsona guztietan duela eragin onuragarria. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Lesbianek eta emakume bisexualek arrisku handiagoa dute bihotzeko osasun-arazoak izateko. Hori ondorioztatu du Frantzian 170.000 pertsonarekin egindako ikerketa batek. Azterketan zortzi faktore neurtu zituzten: dieta, jarduera fisikoa, loaren kalitatea, pisua, erretzea, eta azukrearen, kolesterolaren eta presio arterialaren mailak. Emaitzen arabera, lesbianek eta emakume bisexualek dietan, presio arterialean eta erretzeko ohituretan alde handia dute emakume heterosexualekin alderatuta. Emaitza hauek baldintzatzaile sozialekin erlazionatu dituzte, eta ikertzaileek uste dute osasun-egoeraren desberdintasun hauek bizi-baldintzek azal ditzaketela, hala nola lan-baldintza txarrek, buru-osasuneko erronkek edota diskriminazioak. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
Astrofisika
Ikertzaile talde batek argitu du metaltasun altuko izarrak ez direla oso egokiak inguruko planetetan bizia agertzeko, isurtzen duten erradiazio ultramore motak ez duelako laguntzen planetetan ozono geruza trinko bat eratzen. Ordenagailu bidezko simulazioak erabiliz, aztertu dute izarraren metaltasunaren arabera zer nolako erradiazio ultramoreak isurtzen dituen. Landu dituzten ereduen arabera, metaltasun txikiagoa duten izarretan UV-C motako erradiazio gehiago sortzen da. Hau da, metal gehiago dituzten izarrak erradiazio ultramore gutxiago isurtzen dute. Lurraren kasuan, uhin luzera laburreko UV-C erradiazioek erdi atmosferan ozono babesgarria sor dadila laguntzen dute. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izarren osaketa kimikoak bizigarritasuna baldintza dezake.
Teknologia
Aste honetan Ikur solasaldiak ospatu dira Bilbon, eta bertan mintzatu zen Maciej Lewenstein fisikari eta Kataluniako ICREA Zientzia Fotonikoen Institutuko ikerketa irakaslea. Lewensteinek optikan eta informazio kuantikoan ekarpen nabarmenak egin ditu, eta simulagailu kuantikoek hurrengo hamarkadan izango dituzten erabilerez eta garapenaz jardun zen. Azaldu duenez, simulagailu kuantikoek fenomeno fisikoak modelo esperimental batekin ikertzea ahalbidetzen dute, baldintzak kontrolatu ditzakezulako. Alabaina, Lewensteinek argitu du modelo horretarako behar dena kalkulatzea oso zaila dela ordenagailu klasiko batentzat, eta beraz, ikerketa gaia simulatzen duen sistema esperimentala eraiki nahi dute. Datuak Berrian: «Simulazio kuantikoa ez da iraultza bat, baina bai eboluzio oso garrantzitsua».
Arkeologia
Erdi Aroko Araban baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak ezagutu ahal izan dira Arabako Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan aurkitutako hazi batzuei esker. Hazi horien 50 lagini egin zaizkien karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiak, eta emaitzei esker jakin da Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txiki eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Bestalde, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.