Ez ahaztu Seveso

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1976ko uztailaren 10ean gertatu zen, 12:37an, bazkalorduan. Txistu isil bat entzun zen, mehatxuzkoa, ezezaguna. Seveson, Milandik 25 kilometro inguru iparraldera dagoen Italiako Lombardiako herri batean, sute bat piztu zen bertako industria bateko eraikin batean. Garai hartan, Seveson 17.000 biztanle inguru bizi ziren; gaur egun, 20.000 baino zertxobait gehiago dira. Sute hark TCDD dioxina askatu zuen ingurura instalaziotik, eta jendea bizi zen lekuetara iritsi zen. Ondorio latzak eragin zituen.

Instalazio hura ICMESA edo Industria Chimiche Meda Società enpresarena zen, Givaudan konpainiaren subsidiarioa, zeina, aldi berean, Hoffmann-La Rocherena baitzen. Biztanleek ez zuten arriskutsutzat jotzen fabrika, baina, bertan, lurrinak eta kosmetikoak egiteko funtsezko olioez gain eta 2,4,5-T izeneko herbizida eta xaboi hexaklorofenoa egitetik ateratako azpiproduktu gisa, TCDD dioxina edo 2,3,7,8-tetraklorodibenzo-p-dioxina ekoizten zen, zeina oso substantzia arriskutsua eta hilgarria baita. Hosto galarazle bat zen, Agente Laranjaren osaeraren barnekoa. Vietnamgo gerran erabili zen, oihaneko landaredia eliminatzeko eta Vietcong taldeak aurkitzeko.

Seveso
1. irudia: arrisku biologikoko jantzia duen karabinieri batek kartelak jartzen substantzia kimiko toxikoen presentziaz ohartarazteko. (Argazkia: egile ezezaguna – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

Giza akats baten ondorioz hasi zen sutea, eta aerosol formako hodei bat askatu zuen. Hodei horrek TCDD zeukan (ehunka gramo eta kilogramo batzuen artean), sodio hidroxidoa, glikola eta sodio triklorofenatoa izateaz gain. TCDD erreaktorearen tximiniaren segurtasun balbulatik partikula ñimiñoez osatutako hodei grisaxka bat isuri zen, hondar mehe itxurakoa, eta fabrikako langileen gainean jausi zen, euria balitz bezala. Lanbro zuri eta lodi bat zen, eta medikamentu eta kloro usaina zuen.

Hodeia hegoalderantz mugitu zen, Milanerako norabidean, eta instalazioaren inguruko 18 bat kilometro karraturi eragin zion. Denbora gutxian bost kilometro baino gehiago egin zituen, eta harea zuria teilatu eta soroetara erori zen.

Kaltetutako zona hiru eremutan bereizi zen. A eremua: bi kilometro luze inguru eta 500 metro zabal zen, 50 mikrogramo baino gehiagoko TCDD kontzentrazioa zuen lurzoruko metro karratu bakoitzeko. 736 herritar bizi ziren han, zeinak uztailaren 24an, larunbatean, ebakuatuak izan ziren. Handik denbora gutxira, uztailaren 29an, ebakuatu beharreko eremua zabaldu egin zen, eta 600 biztanle gehiago eraman zituzten leku seguruetara.

Seveso
2. irudia: Sevesoko istripuan kaltetutako eremuaren mapa. (Argazkia: O–o – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

B eremua: lurreko metro koadro bakoitzeko 5 eta 50 mikrogramo artean zituen, eta 4.700 pertsona bizi ziren han. R eremua: metro koadroko 5 TCDD mikrogramo baino gutxiago zituen, eta 31.800 herritar bizi ziren han. Herritar horiei guztiei honakoa gomendatu zieten: ez ukitzea edo jatea hango laboreetako begetalak, ez eta inguru hartan hazitako etxeko hegaztiak ere.

Lau egunera, uztailaren 14an, medikuek hauteman zuten azaleko erupzioek gora egin zutela helduengan eta haurrengan. Argi zegoen fabrikako hodeiagatik gertatu zela, baina ez zuten ezagutzen kutsaduraren izaera, eta, beraz, ez zekiten zein zen tratamendu egokia. Fabrikak laginak bidali zituen Suitzara, zentralera, baina oraindik ez zuten erantzunik. Gainera, honakoak aurkitu zituzten: hildako oiloak eta txoriak, gaixo zeuden katuak eta txakurrak, erreta zeuden tomateak baratzeetan eta sudurretik eta begietatik odola zerien untxiak. Egun batzuk geroago, animalien ia % 90 hil zela finkatu zen. Ondorengo egunetan, A eta B eremuetako 50.000 animalia inguru hil zituzten. Erleak eta haien panelak ere suntsitu zituzten, kutsatutako eremuaren bost kilometroko inguruan.

Dena den, jazotakoa ez zen prentsara edo irratira iritsi. Berriak pixkanaka zabaldu ziren. Txoriei edo animaliei gertatutakoa noizean behin aipatzen zen komunikabideetan, apurka-apurka. Pertsonei zegokienez, gaixotasunak arinak ziren: azaleko erupzioak edo digestio ondoeza izaten zituzten. Medikuak, kezkatuta baino, haserre zeuden, ez zeukatelako informazio sinesgarririk. Gertatutakoa biztanleen artean hedatzen hasi zen, baina zurrumurruak nagusitu ziren. Ostiral arratsaldean, bi urteko neskato bat heldu zen ospitalera, gorputz osoan zauri handiak zituelarik. Larunbatean, hemezortzi haur zeuden ospitaleratuta, guztiak zauriekin. Haiez gain, heldu batzuk ere bazeuden, aknearekin, goragalearekin edo botaka zebiltzanak.

Uztailaren 20an, hots, sutea piztu eta hamar egunera, Cesano Maderno udalerrian hildako oiloak, ahateak eta untxiak agertzen hasi ziren, Sevesotik 3 kilometrora hegoalderantz. Orduan hasi ziren Milango kazetariak Sevesoko hodei pozoitsuaren inguruan hitz egiten. Garrantzi handiko berria zirudien.

Seveso
3. irudia: Ukrainako presidentea, Viktor Yushchenko, TCDD dioxinarekin pozoitu zuten 2004an. Ondorioz, kloraknea garatu zuen, eta horren arrastoak aurpegian antzeman dakizkioke. (Argazkia: Muumi – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Sevesoko biztanleek dioxinaren eraginpean egoteagatik pairatutako lehen ondorioa kloraknea izan zen, eta hori izan zen istripuarekin lotura zuela guztiz argi zuten ondorio bakarra. Istripuaren ondorengo hogei urteetan, hilkortasun eta morbilitate datuek honako hauek pairatzeko arrisku larriagoa zegoela erakutsi zuten: neoplasia linfoemopoietikoa, digestio sistemako minbizia (ondestearena, gizonen artean; behazun bideak, emakumeen artean) eta arnas sistemako minbizia (birikakoa, gizonen artean). Intzidentzia analisiei zegokienez, tiroideko eta pleurako minbiziak ere gora egin zuen. Milango Unibertsitateko Angela Cecilia Pesatoriren taldeak honako hauek ere aurkitu zituen: efektu kardiobaskularrak (segur aski dioxinaren esposizio kimikoari eta hondamendiak ekarritako esperientzia estresagarriari lotuak), efektu endokrinoak (diabetesa, emakumeen artean) eta ugalketari dagozkionak. Gizonezkoak TCDDren eraginpean egotearen ondorio zuzen bat atera zuten: ondorengo gehienak sexu femeninokoak izan ziren, maskulinokoak gutxiago izan ziren.

Azterketa epidemiologikoetan, 2009ra arte, minbiziaren intzidentzia tasan igoerak hauteman ziren, nahiz eta ez ziren oso igoera altuak izan, odolean eta bularrean, Angela Cecilia Pesatorik 2009an argitaratutako berrikuspenaren arabera, istripua gertatu eta hogei urtera. 1977 eta 1996 bitarteko diagnostikoak izan zituzten ardatz A eta B eremuetarako.

Sevesoko istripuaren ondorioei buruzko datu asko biltzen dituen berrikuspen osatu bat argitaratu zuten Brenda Eskenazik eta Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko haren lankideek. Testuaren azken atalak ‘Ikasitako lezioak‘ du izena, eta jarraian laburtuko dizuet.

Ingurumen hondamendi bat, Sevesokoa kasurako, tokiko biztanleentzat suntsitzailea dela berretsi dute, eta epe luzean ekologiari, ekonomiari eta osasunari eragiten dioten ondorioak ekar ditzakeela, fisikoak zein psikologikoak. Zoritxarrez, zenbait ingurumen hondamendi gertatu dira (gizakiak eragindakoak zein naturalak) Sevesokoaren ostean, eta etorkizunean ere gertatuko dira, zalantzarik gabe. Sevesok epidemiologoek eta osasun alorreko profesionalek osasunean dituzten ondorioak dokumentatzeko hondamendi baten ondoren har ditzaketen urratsen adibide garrantzitsu bat ematen du. Seveson ikerketa epidemiologikoa egiteko aukera izan bazen, biztanlerian osasuna epe luzera zaintzeko programa azkar bat ezarri zelako soilik izan zen. Programa horrek, modu kritikoan, kaltetutako pertsona askoren lagin biologikoak biltzea eta biltegiratzea barne hartu zuen, lagin horietan esposizioa aztertzeko metodoak oraindik garatu ez ziren arren. Beste urrats garrantzitsu batzuk esposizioarekiko erantzun akutuak izan zituzten pertsonen eta, kasu honetan, kloraknea izan zuten haurren jarraipen arduratsua egitea eta osasun erregistroak garatzea edo handitzea izan ziren, minbiziaren eta jaiotzako akatsen datuekin, hasierako esposizioaren lehen urteetan zein gerora ager litezkeen ondorioei buruzko informazioa biltzeko.

Seveson gertatutakoaz geroztik, Europar Batasunak segurtasun industrialeko arau berriak eta zorrotzagoak ezarri zituen 1996an, eta Seveso II Zuzentaraua (96/82/EE) izenez ezagutzen dira.

Sevesoko istripuaren gaiari gehitu beharreko azken datu bat: Paolo Paoletti, ICMESA instalazioko produkzio zuzendaria hil egin zuen Prima Linea ezkerreko organizazio terroristak, 1980ko otsailaren 2an, Medan.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Eskenazi, Brenda; Warner, Marcella; Brambilla, Paolo; Signorini, Stefano; Ames, Jennifer; Mocarelli, Paolo (2018). The Seveso accident: A look at 40 years of health research and beyond. Environment International, 121, 71-84. DOI: 10.1016/j.envint.2018.08.051
  • Pesatori, Angela Cecilia; Consonni, Dario; Bachetti, Silvia; Zocchetti, Carlo; Bonzini, Matteo; Baccarelli, Andrea; Bertazzi, Pier Alberto (2003). Short- and long-term morbidity and mortality in the population exposed to dioxin after the “Seveso accident”. Industrial Health, 41, 127-138. DOI: 10.2486/indhealth.41.127
  • Pesatori, Angela Cecilia; Consonni, Dario; Rubagotti, Maurizia; Grillo, Paolo; Bertazzi, Pier Alberto (2009). Cancer incidence in the population exposed to dioxin after the “Seveso accident”: twenty years of follow-up. Environmental Health, 8, 39. DOI: 10.1186/1476-069X-8-39

Iturria:


Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 9an: No olvidar Seveso

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.