Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (6): kartak multzokatuz

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure seigarren ariketa:

Ehun karta ditugu 1etik 100eraino zenbakituta. Hiru kartako multzoak egin nahi ditugu propietate honekin: hirukoteko karta baten zenbakia beste karta bien zenbakien biderkadura da. Zenbat multzo egin daitezke gehienez? (Ezin dira kartak errepikatu, noski.)

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

(Argazkia: cottonbro studio – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

5 iruzkinak

  • Esango nuke 8 multzo egin daitezkeela gehienez.

    Goazen ebazpena laburki azaltzera. Kontuan hartzekoak dira ezin direla 2 zifrako bi zenbaki biderkatu, emaitza 100 baino handiagoa delako eta ezin direlako kartak behin baino erabili. Bestetik, 1 zenbakia baztertu behar dugu, batarekin biderkatzean zenbakia errepikatu egiten delako.

    Horiek horrela, 2tik 9ra bitarteko zenbakiak erabili beharko ditut, eta biderketa bakoitzean horietako bakarra erabiliz lortuko dugu multzo gehien egitea. Hori posible bada, 8 aukera daude gehienez.

    Frogatzeko modua:
    Handienarekin hasita, 9rekin, 2 aukera daude. Bat erabiliko dut, berdin da zein.
    9-10-90
    9-11-99
    8rekin ere bermatuta dago aukera bat, 9 , 10 eta 11 erabili gabe. Beraz, ederto!
    8-12-96
    7rekin
    7-13-91 aukera dugu aurreko zenbakiak errepikatu gabe.
    6rekin aukera gehiago
    6-14-84
    6-15-90
    5 zenbakiarekin
    5-16-80
    5-17-85
    5-19-95
    4 zenbakia hartuta
    4-22-88
    4-23-92
    4-25-100
    3rekin
    3-26-78
    3-27-81
    3-29-87
    3-31-93
    eta bukatzeko 2rekin adibidez
    2-32-64

    Beraz, bermatuta dago zifra bakarreko zenbakiak behin hartuta, badaudela modu desberdinak multzoak egiteko, baina, muga beti 8 delarik.

    • Agurtzeko unea heldu da. Oso gustura ibili naiz. Gustatu zaizkit buruketak, proposamen labur eta zehatzak, sinpleak itxura batean, baina, zailtasunak gordetzen dituztenak…

      Argazkiak ere alaiak, oso dotoreak!

      Ondo segi,
      Ane

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.