Natura gure esku

Argitalpenak

Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du Aiora Zabalak Natura gure esku (2022) liburuan. Narrazioaren tresneria eta teknika dialogikoak erabiliz, eta bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatzen ditu egileak. Kontakizunaren protagonista ez da, beraz, «gizakia» era abstraktu batean, baizik eta egilea bera edo egilearen tankerako norbait izan daitekeen pertsona gazte bat, gaur-gaurkoa izateagatik eguneroko arazoak bizi dituena, eta haiekiko nola kokatzen duen bere burua azaltzen duena.

Natura
Irudia: Natura gure esku liburuaren azala. (Iturria: Alberdania argitaletxea)

Liburuak agerian jarri nahi du badagoela, posiblea dela, larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsatzerik eta, azken batean, ekiterik. Egilearen asmoa ere bada mezu positibo edo baikor bat helaraztea, asko baita, azken finean, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko. Literatur erregistroak erabiliz, eta jarduera berdeen jarraibide preskriptiboak alde batera utzita, irakurleak arazo eta irtenbide konplexuei buruz pentsatzeko duen gaitasuna eta gogoa sustatzea du liburu honek helburu. Liburuak hamar kapitulu ditu, sarrera eta amaiera barne. Zortzi kapitulu nagusietan, eguneroko gai banaren inguruan antolatzen dira kontakizuna eta gogoetak. Horrela, solasaldian edo barne bakarrizketan, hainbat eta hainbat gai datoz orrialdeetara, fineziaz jositako narrazio laburren sorta baten tankeran.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Natura gure esku
  • Egilea: Aiora Zabala Aizpuru
  • ISBN: 978-84-9868-764-4
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2022
  • Orrialdeak: 142 or.

Iturria:

Alberdania argitaletxea: Natura gure esku

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.