Hondakinen artean harrapatuta geratu den gizaki baten bihotz taupadak detektatzeko ahalmena du NASAk garatutako makina batek. Nepalen erabili berri dute, eta gutxienez lau lagun bizirik atera dituzte horri esker, lehen lurrikara gertatu eta lau egun geroago.
Tamalez, aste honetan albiste txarrak etorri zaizkigu berriz ere Nepaldik, lurrak ez baitio dardara egiteari utzi. Halako gertaera latzentzat ez dago kontsolamendurik, baina behintzat, teknologia aurrerapenek iluntasunaren erdian utzitako argi printza baten berri ematea merezi du. Izan ere, NASAk Nepalera bidalitako gailu berri bati esker, gutxienez lau lagun aurkitu eta bizirik atera zituzten hondakinen artetik, lehen lurrikararen ondoren.
Telekomunikazioak, ke detektagailuak… asko dira jatorrian astrofisikaren alorrerako sortu diren eta gero gure egunerokora jauzi egin duten gailuak. Kasu honetan, Lurrari orbitatik behatzeko edo Lurretik bertatik urruneko planetak detektatzeko darabilten teknologia aplikatu diote gailu bati, horrelako hondamendiak gertatzen direnetan lurperatuta geratu den jendea aurkitzeko.
Gailuak FINDER (Finding Individuals for Disaster and Emergency Response edo norbanakoak bilatuz hondamendi eta larrialdien aurrean, euskaraz) du izena, eta NASAk bizpahiru urte daramatza harekin frogak egiten. Mikrouhin radar bat da: oso uhin seinale baxuak igortzen ditu, sakelako telefonoek igorritakoak baino mila aldiz txikiagoak, jendea aurkitzea helburu. Bederatzi kilo inguruko pisua du eta eskuko maleta baten moduko tamaina.
Orain arteko frogetan, FINDERek erakutsia zuen bazuela ahalmena kalean, 30 metro baino gehiagoko distantziara, sei metroko zementu solidoaren atzean eta bederatzi metro baino gehiagoko hondakinen azpian lurperatuta eta bizirik dauden pertsonak detektatzeko. Nepalera eraman duten bertsioa are garatuago dago, gainera. Zehazki, bi prototipo eraman zituzten bertara apirilaren 29an, lehen lurrikara gertatu eta lau egun geroago. Gailuoi esker, Chautara herrian, nazioarteko salbamendu talde batek bina bihotz taupada detektatu zituen lurrikarak suntsitutako bi egituraren azpian. Hori horrela, lau lagun atera zituzten onik hiru metroko lodiera zuten hondakinen azpitik.
Bihotz taupadak diogu, hain zuzen ere hori delako FINDERen abantaila handienetako bat: mikrouhinak hain dira zorrotzak, ezen bihotz taupaden eraginez desagertuta dagoen pertsonaren azalak egindako mugimendu leunak antzemateko gai baita. Horrek esan nahi du gailu honen funtzionamendua ez dagoela biktimaren arnasaren menpe, eta beraz, honek konortea galduta ere aurkitu dezakeela, bere bihotz taupadei erreparatuta. Ez hori bakarrik, tresna honek ahalmena du gizakien taupada eta arnas bereizgarriak antzemateko, eta horrenbestez, hondakinen azpian dagoena gizakia edo beste animalia bat ote den jakiteko.
David Miller NASAko teknologia buruak azaldu bezala, “gure teknologiak askotariko rolak ditu: esplorazioa zuzendu, gure astronauten bizitzak babestu eta Lurreko pertsonen bizimodua hobetu, bai eta salbatu ere, batzuetan. FINDERek erakutsi du espazio esploraziorako diseinatutako teknologiak inpaktu sakona duela Lurreko bizitzan”.
Oraindik prototipoa den gailu honek aurrera egiten badu, Nepalgo lurrikararen moduko kasuetan, bereziki baliagarria izan liteke urrezko ordu deitzen duten horretan. Izan ere, halako hondamendiak gertatu eta lehenengo ordua hil ala bizikoa izaten da lurpean geratu den jendea onik ateratzeko. Horregatik, FINDERen moduko gailuekin, salbamendu taldeak gai izango lirateke, segundo gutxian, suntsitutako egitura baten azpitik datorren taupadarik antzematen ote den ikusteko, eta horren arabera, azkar batean erabakitzeko zein hondakin baztertu eta zeinetan lan egin, ahalik eta bizitza gehien salbatzea helburu.
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
1 iruzkina
[…] para testar cremas y cosméticos. Y gracias a la tecnología de la NASA el buscador FINDER es capaz de dar con personas atrapadas bajo los escombros ya que detecta el latido del corazón de los supervivientes. FINDER ha sido […]