Estrategia terapeutiko berriak matematiketan oinarrituta minbiziaren tratamendurako

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrenek tumore barneko heterogeneotasun-maila txikiagoak dituztela berresteko. Hau da, zelula-mota desberdin gutxiago dituztela. UPV/EHUko Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak egin du ikerlana, eta hipotesi hau babesten du: komeniko litzatekeela tumore barneko zelulen heterogeneotasun-maila handiak mantentzeko estrategia terapeutikoak aplikatzea, minbiziaren eboluzioa moteltzeko eta biziraupena hobetzeko.

Planteamendu matematikoak indarra hartzen ari dira onkologia modernoan, minbiziaren eboluzioari buruzko jakintza berriak eta terapiak hobetzeko aukera berriak eskaintzen baitituzte. Hala, analisi matematikoetatik eskuratutako datuek aurkikuntza histologiko eta emaitza genomiko ugari ziurtatzen dituzte. Joko-teoriak, adibidez, minbizi-zelulen artean gertatzen diren interakzio “sozialak” ulertzen laguntzen du. Ikuspegi berritzaile horrek gaixotasunean agintzen duten ezkutuko gertaerak ulertzeko aukera ematen dio komunitate zientifiko eta klinikoari. Egiaz, tumore bat aldez aurretik ekologian definitutako arauen mende dauden indibiduoz osatutako kolektibitatetzat jotzeak atea irekitzen die pazienteentzako aukera terapeutiko berriei.

estrategia
Irudia: matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrek tumore barruko heterogeneotasun-maila txikiagoak dituztela berresteko. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Joko-teoriaren esparruan, belatz-uso jokoa (hawk-dove game) biologian lankidetza eta lehia analizatzeko garatutako tresna matematikoa da. Minbizi-zelulen kolektibitateei aplikatzen zaienean, kanpoko baliabide bat lortzeko lehiatzen direnean minbizi-zelulek izan ditzaketen jokaerak azaltzen ditu. “Erabaki-teoria bat da; emaitza ez da bakarrik norberaren erabakiaren araberakoa, beste eragile batzuen erabakiaren araberakoa ere bada”, azaltzen du Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak, UPV/EHUko Analisi Ekonomikoa Saileko joko-teorian adituak. “Jokoan, baliabide bat eskuratzeko, modu erasokorrean joka dezakete zelulek, belatz batek bezala, edo modu pasiboan, uso batek bezala”.

Laruelle irakasleak joko hori erabili du zelula argiko giltzurrun-kartzinoman, zeina oso erasokorra baita, zelulen arteko aldebiko interakzioak aztertzeko, bi agertoki desberdinetan. Bata, tumore-heterogeneotasun txikikoa da, bi tumore-zelula mota bakarrik lehiatzen baitira baliabide batengatik. Bestea, tumore-heterogeneotasun handikoa da, lehia hori hiru tumore-zelula motaren artean gertatzen baita. Zelula argiko giltzurrun-kartzinomak izen hori du tumorearen zelulak argi ikusten direlako mikroskopioan, burbuilak balira bezala. Ikerlana egiteko, kartzinoma-mota hori hartu dute kasu adierazgarri modura. Hau tumore barneko heterogeneotasunaren paradigma bat da, luze eta zabal aztertua (heterogeneotasunak esan nahi du tumore berean zenbait zelula-azpipopulazio daudela).

Ikuspegi teoriko berria estrategia terapeutiko berrietarako

Hala, Laruelle-ek, belatz-uso jokoa erabiliz, frogatu du tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, histopatologiaren eta genomikaren ikuspegitik berretsiak, matematikan oinarritzen direla. Ikerbasque ikertzaileak Trends in Cancer aldizkarian argitaratu du lana, Biocruceseko, Turingo San Giovanni Bosco Ospitaleko eta Rio de Janeiroko Pontificia Unibersidade Catolicako ikertzaileekin lankidetzan egina.

Ikertaldearen ustez, “bata bestetik oso ezberdinak diren diziplinetatik lortutako aurkikuntzen konbergentzia horrek indartu egiten du medikuntza modernoan ikerkuntza translazionalak duen funtsezko eginkizuna, eta tumore barneko heterogeneotasunari leku nagusia ematen dio estrategia terapeutiko berrien ikuspegian”. Gainera, badute susmo bat: “tumore barneko heterogeneotasunak bide berberei jarraituz jokatzen duela beste tumore askotan”.

Gai horrek ondorio praktiko garrantzitsuak izan ditzake tumore gaiztoen tratamendu klinikoan. Molekula berriak etengabe iristeak aberastu egiten ditu minbizia tratatzeko aukerak, doitasunezko onkologiaren garai honetan. Hala ere, ikertzaileek diote gauza bat dela “molekula berri bat deskubritzea, eta beste bat hura erabiltzeko estrategiarik onena aurkitzea. Orain arte, pazienteari gehieneko dosi onargarria ematean oinarritzen da proposatutako ikuspegia. Hala ere, estrategia horrek erresistentziak lehenbailehen garatzera behartzen ditu tumore-zelulak. Era horretan, zelula erresistentez soilik osatutako tumore barruko heterogeneotasun txikiko neoplasia bihurtzen da jatorrizko tumorea”. Beraz, ikuspegi teoriko honen arabera, zentzuzkoa izan daiteke berariaz tumore barruko heterogeneotasun-maila handia lortzera berariaz bideratutako terapia bat erabiltzea. Horrek minbiziaren hazkuntza moteldu baitezake eta, hala, biziraupena luzatu. Gaur egun, onkologian, interes gero eta handiagoa ari da sortzen ikuspegi hori.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Matematikak onkologiako ikuspegi teoriko berri bat babesten du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manini, Claudia; Laruelle, Annick; Rocha, André; López, José I. (2024). Convergent insights into intratumor heterogeneity. Trends in Cancer, 10, 1, 12-14. DOI: 10.1016/j.trecan.2023.08.009

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.