Krimenaren agertokia ekintza kriminala gertatu den lekua da, krimenaren lekuko isila. Bertan dauden ebidentziek emango dituzte gertatutakoa berregiteko eta egilea identifikatzeko gakoak. Auzitegi-analisia krimenaren agertokian hasi ohi da. Bada, azter dezagun krimenaren agertokia.
Krimen baten edo krimena izan daitekeen baten aurrean gaudenean, kontuan hartu behar den lehen gauza krimena bera gertatu den leku fisikoa da; alegia, krimenaren agertokia. Zenbait kasutan, ikerketa egokiak egin ondoren jakingo dugu ustezko delitua ez dela delitua. Esate baterako, baliteke ustezko pozoiketa, benetan, suizidioa izatea, edo su-armaz gertatutako hilketa, benetan, istripua izatea. Bi kasuetan, ziurrenik, auzitegi-analisia beharrezkoa izango da kasua argitzeko −gertakaria argitu, ondoren delitua izan daitekeen edo ez jakin ahal izateko−. Horrexegatik, teorian, egokiagoa litzateke gertakarien agertokia izendapena erabiltzea, baina onartu behar da auzitegiko arloan krimenaren agertokia dela izendapenik erabiliena. Testu honetan ere horixe izango da erabiliko duguna.

Ekintza kriminala gertatu den lekuan hasten da auzitegi-analisia. Espainian, kasuan kasu, Polizia, Guardia Zibila edo autonomiako polizia −Ertzaintza EAEn eta Foruzaingoa Nafarroan− izango dira polizia-ikerketaren arduradunak. Ikerketaren helburuetarako egokiena polizia iritsi arte dena bere horretan mantentzea da, nahiz eta kasu askotan hori ez den posible. Agertokia barneko leku bat bada −etxebizitza bat, gela bat− lanak erraztu egiten dira; baina agertokia kanpoaldean badago, zailagoa da haren mugak ezartzea. Era berean, azken kasu horietan eguraldiak ere ezabatu ditzake ebidentziak −euriak, elurrak, haizeak…−.
Krimenaren agertokia gertatutakoaren lekuko isila da. Biktimak kasu askotan ezin du informaziorik eman −bereziki hilda baldin badago− eta biktimagileak normalean gezurra esango du, bere burua libratzeko. Horrexegatik esaten da lekuko isilarena: agertokian daude delitua gertatu den edo ez frogatu dezaketen objektuak, biktimagilearen informazioa eman dezaketenak edota biktimaren eta biktimagilearen arteko lotura argitu dezaketenak. Delitua argitzeko informazioa ematen duten objektuei ebidentzia edo aztarna deritze. Hortaz, krimenaren agertokian jasotzen diren objektuak, balizko ebidentziak, ebidentzia bilakatuko dira auzitegi-analisien ondoren, baldin eta krimena argitzeko informazioa ematen badute.
Krimenaren agertokiaz ari garenean bakarra dela pentsa dezakegu, baina normalean agertoki batean baino gehiagotan gertatzen dira ekintza kriminalak: hilketa baten ondoren hiltzaileak kotxea gidatu badu, inguru hori ere agertokia litzateke eta, kotxea agertzen bada, hura eta bere ingurua ere krimenaren beste agertoki bat izango da, non informazio garrantzitsua topa daitekeen.
Edozein kasutan, krimen baten agertokia ikertzerakoan, lehen pausoa segurtasuna bermatzea da; alegia, bertan lan egin behar duten forentseak arriskuan ez egotea. Horren ondoren, bigarren lana agertokia babestea da; hau da, krimena gertatu den lekua isolatzea eta bertan dauden elementu guztiak bere horretan gelditzen direla ziurtatzea. Hurrengo pausoetarako, ikertzaileek ekipamendu egokia erabili beharko dute −eskularruak, txanoak, jantzi bereziak edota oinetakoen babesleak−. Ondoren, balizko ebidentziak nabarmendu behar dira eta guztia idatziz jaso eta argazkiak atera. Hori guztia egiteko, ezinbestekoa da azterketa eta dokumentazioa modu egokian egiteko estrategia jarraitzea; izan ere, ebidentzia batzuk degradatu egin daitezke denbora pasa ahala, eta abiadura hori desberdina da froga motaren arabera. Esaterako, fluido biologikoak azkarrago degradatzen dira hatz-markak edo su-armen tiro-aztarnak baino; horregatik, fluido biologikoak ahalik eta lasterren biltzea komeni da. Aipatu dugun bezala, kanpoaldeko agertokien kasuan ere azkarrago lan egin beharko litzateke euria ari badu; izan ere, hainbat ebidentzia desagerraraz ditzake euriak.
Ikertzaileen zuzeneko behaketaz gainera, argazkiak oso elementu garrantzitsua dira eta poliziak zehaztasun osoz egin behar ditu krimenaren agertokiaren hainbat argazki. Bildutako objektuen posizio zehatza, bildu gabekoena eta abar. Horrekin guztiarekin posible izango da zehaztasun osoz jakitea ebidentzia bakoitza nola zegoen agertokian eta, gainera, aurrerago ezinbestekoak izan daitezke krimenaren sekuentzia berregiteko. Kontuan hartu behar dugu gerta daitekeela urte askoren ostean kasu bat berrirekitzea, adibidez, eta frogak berriro aztertu behar izatea.
Hemen krimenaren agertokiaren azterketaren analisi labur bat besterik ez dugu egin; izan ere, lan konplexua eta garrantzitsua da agertokiaren analisia eta ebidentzien bilketa. Gaiari buruzko informazio espezializatua lortzeko, irakurgai dago sarean Serrulla Rech-ek (2022) koordinatutako liburua bai eta AEBetako Justizia Departamentuak argitaratutakoa ere. Lan horietan topatuko du irakurleak auzitegi-medikuek erabili ohi duten informazio espezifikoa.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
- Serrula Rech, Fernando (koord) (2022). Investigación forense de la escena del crimen. Asociación Galega de Médicos Forenses.
- AEBetako Justizia Departamentua (2000). Crime Scene Investigation: A guide for lae enforcement. U.S. Department of Justice, Office of Justice Programs.
Egileaz:
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:
- Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
- Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
- Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia