Ana Zubiaga Elordieta: “Gene-adierazpena erregulatzen duten mekanismo zehatzak argitu nahi nituzke”

Ikertzen dut

Ana María Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959) Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika Saileko katedraduna da. Tufts eta Harvard Unibertsitateetan aritu zen ikertzaile gisa, eta minbiziaren garapenean inplikatuta dauden geneen erregulazioaren azterketan espezializatu zen. Argitalpen esanguratsuak egin dituen ikertalde finkatu bateko buru da (Minbiziaren Biologia Molekularra. MOLBIOL-Cáncer), eta nazioko eta nazioarteko ikertaldeekin lankidetza aktiboan aritzen da. Jakiundeko lehendakari (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) izendatu dute 2024-2028 aldirako.

gene-adierazpena
Irudia: Ana Zubiaga Elordieta ikertzailea. (Argazkia: Ana Zubiagak emana.)

Zein da zure ikerketa arloa?

Nire ikerketa arloa Biologiaren eta Minbiziaren Genetikaren artean dago. Xede du, nagusiki, gene-adierazpena erregulatzen duten mekanismoak aztertzea; izan ere, mekanismo horiek deserregulatzeak lotura estua dauka hainbat patologiarekin, hala nola minbiziarekin, hanturazko nahasmenduekin eta zahartze goiztiarrarekin.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Arlo horretan aritzen naiz gene-adierazpena erregulatzen duten mekanismoak ulertzeak, biologiaren gainean dugun oinarrizko ezagutza areagotzeaz gain, inpaktu zuzena duelako gizakion osasunean. Gene-adierazpena deserregulatzeak lehen aipatutako gaixotasunei nola eragiten dien aurkitzean, askotariko aukerak zabaltzen dira estrategia terapeutiko berritzaileak garatzeko, bizi-kalitatea hobetu eta arazo mediko konplexuei konponbide zehatzak emango dizkietenak.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Ezin izango nuke pertsona bakar bat aipatu; izan ere, nire ibilbidean zehar gizon eta emakume asko izan ditut erreferentzia gisa, nire garapen pertsonal eta profesionalean aztarna esanguratsua utzi dutenak. Unibertsitateko irakasleak, doktorego eta doktoratu osteko prestakuntzako mentoreak, lan arloko kideak… Guzti-guztiek, bakoitzak bere neurrian, lagundu didate nire garapen pertsonal eta akademikoan.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Nire arloan, gene-adierazpena erregulatzen duten mekanismo zehatzak sakonago argitu nahi nituzke, bereziki gaixotasunak –esaterako, minbizia– sortzen eta zabaltzen laguntzen dutenak. Nire helburua da faktore gako eta ibilbide molekular berriak identifikatzea, itu terapeutiko berritzaileak izan daitezen. Bestetik, asko motibatzen nau prozesu horietan modu zehatz eta pertsonalizatuagoan esku hartzeko aukera ematen duten tresnak garatzeak; izan ere, horrek bide eman diezaioke pazienteen bizi kalitatea hobetuko duten tratamendu eraginkorragoak eta ez hain inbaditzaileak sortzeari.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Ikerketaren munduan hasi nahi dutenei gomendatzen diet, batez ere, honako ezaugarri hauek lantzeko: jakin-mina, pertseberantzia eta erronketara egokitzeko gaitasuna. Ikerketa oso bide zirraragarria da, baina erronkaz betea, eta ezagutzarekiko pasioa eta pazientzia behar dira beti agertzen diren ezustekoei aurre egiteko. Gomendatuko nieke, halaber, mentore onez inguratzeko eta haiengandik nahiz gainerako kideengandik ikasteko, eta talde lana baloratzeko. Animatuko nituzke beti buruan izatera beren lanak zer-nolako eragina izan dezakeen gizartean, ikuspegi horrek asko motibatzen baitu. Eta, amaitzeko, ez dezatela inoiz galdu beren buruak harritzeko gaitasuna, ez eta ikasten jarraitzeko gogoberotasuna ere.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 18an: Ana Zubiaga Elordieta: desentrañando los mecanismos que regulan la expresión génica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.