Lehenengo gizakia zein izan zen eta noiz bihurtu ginen gizaki galdetu izan da maiz. Gure espezieari Homo sapiens izena jarri diogu, eta generoa Homo izatea zer esan nahi duen galdetzen diogu gure buruari. Homo habilis aurkitu zenean, duela 2,3 milioi urte, tresnak egiteko gaitasunagatik hartu zuen izena, baina tresna zaharragoak ere aurkitu dira. Beraz, zer egiten gaitu Homo? Burmuinaren tamaina, tresnak, edota kultura? Gizakiok gure gorputzaren tamainarekiko sei aldiz handiagoa dugu burmuina, eta horri esker hizkuntza, ikasketa soziala eta berrikuntza garatu ditugu. Gure eboluzioa ez da soilik biologikoa, baizik eta biokulturala: kultura da gure tresna ebolutibo nagusia.
Duela hiru milioi urteko Afrikan klima lehortzen hasi zenean, gure arbasoek bi bide hartu zituzten. Batzuek hortz eta masailezur sendoagoak garatu zituzten (Paranthropus); belarra eta elikagai gogorrak jaten espezializatuak. Baina, desagertu egin ziren. Beste talde batek, gureak, garuna handitu eta tresnak egiten hasi zen: haragia jaten hasi zen eta elkarrekin lan egitea bihurtu zuen bizirauteko modua. Gurea espezie kooperatiboa da; elkar zaindu, ikasi eta partekatzen duen animalia kulturala.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.