Homo sapiens, Homo neanderthalensis, Homo erectus, Homo antecessor, Homo habilis… eta beste hainbat. Baina, lehenik eta behin, zer da espezie bat? Espeziea izaki bizidunak sailkatzeko oinarrizko unitatea da, eta definizio ohikoenaren arabera, espezie berekoak dira elkarrekin ugaltzeko eta kume emankorrak izateko gai diren izakiak. Ugaltzeko gaitasun hori nabarmen zailtzen da ugalketa asexuala duten izakietan, elkarrekin hibrido asko sortzen dituzten landareetan edo geneak trukatzen dituzten bakterioen artean. Fosilen artean, morfologiaren arabera egiten da espezie sailkapena. Gizaki modernoek eta neandertalek gurutzatu egin zutela badakigu, eta horrek erakusten du espezieen arteko bereizketa ez dela beti garbia.
Zientzialariek ikuspegi desberdinak dituzte: splitterrek diferentzia txiki oro espezie berritzat hartzen dute; lumperrek, berriz, dena espezie gutxi batzuetan biltzeko joera dute. Eboluzioa ez da egun batetik bestera gertatzen; aldaketa txikiek, belaunaldiz belaunaldi, populazio isolatuetan metatzen dira. Horregatik, batzuek uste dute espezie gutxi batzuk izan zirela (Homo habilis, Homo erectus…), eta beste batzuek, aldiz, zuhaitz adarkatu eta konplexu bat zegoela, hainbat gizaki espezierekin batera. Gaur egun espezie bakarra gara, Homo sapiens, baina iragana askoz nahasiagoa izan zen.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.