Laura Rodríguez Dulanto, Peruko lehenengo emakumezko mediku eta zirujaua, bere nebaren apunteekin ikasi behar izan zuena

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Abraham Rodríguez Dulantok Bigarren Hezkuntzako institutuko eskolen ostean etxera itzultzen zenean, beste bi orduko zeregin akademikoa izaten zuen, ikasgelakoarekin zerikusirik ez zuena. Etxean, ikasle izateari utzi eta tutore bihurtzen zen eta bere arreba zen ikaslea.

XIX. mendean, Perun ez zegoen emakumezkoentzako instituturik eta neskek irakurtzeko eta idazteko oinarrizko nozio batzuk baino ez zituzten ikasten, ezkontzeko nahikoa baitziren hauek. Laura Rodríguez Dulantok oso argi izan zuen txikitatik bide hori ez zela berarentzat. Gauza berriak ikasi nahi zituen beti, eta eskoletara joaterik ez bazuen, eskolak berarengana etortzeko modua aurkitu behar zuen. Bigarren Hezkuntzan nebarekin batera graduatzea zen bere helburua. Eta, ondoren, zientziak eta medikuntza ikastea.

Rodríguez Dulanto
1. irudia: Laura Rodríguez Dulanto Peruko lehenengo emakumezko zirujaua izan zen, bai eta unibertsitatean ikasi zuen lehenetarikoa ere. (Argazkia: UNMSM – jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

Rodríguez Dulantok bere helburua lortu zuen. Peruko lehenengo emakumezko zirujaua izan zen, bai eta unibertsitatean ikasi zuen lehenetarikoa ere. Hori lortzeko ezinbestekoak izan zitzaizkion aparteko adimena eta ikasteko gaitasuna, zalantzarik gabeko ausardia eta bere familiaren babesa.

Esther Laura Rodríguez Dulanto Supen (Peru) jaio zen 1872ko urriaren 18an, baina data hori zehatz ez zen jakin 2007ra arte, bere bataioko akta ikerketa akademiko batean argitaratu zen arte. Ikerketaren egileak azaldu zuenez herriko parrokian izandako uholdeak zirela eta, liburuak eta bataioko erregistroak eremuko beste parrokia batzuetara eraman zituzten; horregatik ezin izan zen ordura arte datu hori egiaztatu.

Familiaren babesa eta bere nebaren apunteak Bigarren Hezkuntzatik

Lehen Hezkuntza Limako eskola batean ikasi zuen. Izan ere, familia hara lekualdatu zen berak heziketa hobea jaso ahal izateko. Hala ere, ikasketa horiek amaitzean, ez zuen ikasten jarraitzeko beste aukerarik. Une hartan bertan erabaki zuen horrek ez zuela geldiaraziko, eta bere neba baliatu zuen ikasten jarraitzeko. Nebaren laguntzari eta familia osoaren babesari esker, nebarekin graduatzea lortu zuen. Hala ere epaimahai berezi bat eratu behar izan zuten; izan ere, ez zegoen aurreikusita emakume batek bide horretatik (ez eta beste bide batetik ere) ikastea.

Etapa hori amaitu ondoren, gogotik prestatu eta 1892ko maiatzean San Marcoseko Unibertsitateko Zientzien Fakultatean egin zuen matrikula. 19 urterekin, unibertsitatean sartu zen lehendabiziko emakume perutarra izan zen, eta albistea izan zen: artikulu bat egin zuten hari buruz El Comercio egunkarian, egunkari nazional nagusietako batean. Ikasketa horiek amaitu aurretik, Medikuntza Fakultatean matrikulatu zen bi urte geroago, 21 urterekin.

Disekzioak bionbo baten atzean

Garai hartan, ez zen erraza emakume batentzat Medikuntza ikastea. Moralitatea babesteko, ez zen onargarria Laurak gorpu biluziak ikustea. Hortaz, anatomia eskoletan, bionbo baten atzean egon behar zuen, gainerako ikasleek askatasun osoz behatzen zutena ikusteko aukerarik gabe. Baina galderak egiten zituen, eta etxean nebarekin birpasatzen zuen dena, hura ere Medikuntzako ikaslea baitzen, eta xehetasun osoz azaltzen zizkion gauzak, biek abiadura berean ikasi ahal izateko. Ikasketen hirugarren urtean, dekanoak baimen berezi bat eman zion disekzioak egiteko gela bereizi batean, soilik bere nebarekin.

Lauraren gaitasunak eta determinazioa agerikoak ziren, eta bere kasua Errepublikako Kongresura iritsi zen. Izan ere, 1895ean pentsio ekonomiko bat ematea erabaki zuten, ikasketak amaitu bitartean. Sari akademiko batzuk ere jaso zituen, bikaina baitzen arlo askotan.

1898an Zientzien titulua lortu zuen, eta hau izan zen bere tesiaren izenburua: Estudios Geológicos en la Provincia de Chancay (Ikerketa geologikoak Chancayko probintzian). Tesia aldizkari zientifiko batean argitaratu zen, eta, berriro ere, garaiko egunkarietan horren berri eman zuten. 1900. urtean Medikuntzako titulua lortu zuen, eta zegozkion probak egin ondoren, baita mediku zirujauaren titulua ere, lehen aldiz eman zitzaiona emakume bati herrialde horretan.

Tuberkulosiaren eta ama eta haurren heriotza-tasaren aurka

Bere ibilbidea ez zen luzea izan, baina gauza asko egin zituen. Praktika klinikoa egin zuen garai hartako Peruko mediku ospetsuekin; herrialdeko lehen erizaintza eskola sortu zuen, non anatomia, higiene eta fisiologiako eskolak ematen zituen pazienteen tratamendua eta pronostikoak hobetzeko, eta zenbait ospitaletan praktikak egiteko aukera zegoen. Kirurgiako ekipo oso bat erosi zuen, eta Ospitale Militarrari eman zion dohaintzan.

Rodríguez Dulanto
2. irudia: Laura Rodríguez Dulanto doktorea, erizaintzako eskolak ematen Limako Santa Ana Ospitalean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Tuberkulosiaren eraginezko heriotza-tasa altuaz kezkatuta, sakon aztertu zuen gaixotasun hori, eta osasun publikoko planak ezar zitezela sustatu zuen gaixotasun horren ondorioak arintzeko. Ama eta haurren heriotza-tasa ere murriztu nahi zuenez, ginekologo eta obstetra aritu zen zenbait ospitale eta emakumezkoen eskolatan.

Hala ere, aipatu dugun moduan, ezin izan zen medikuntzan luzez aritu; izan ere, gaixotasun baten ondoren, 1919ko uztailaren 6an hil zen, 46 urterekin.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 5ean: “Laura Rodríguez Dulanto, la primera médica y cirujana de Perú que tenía que estudiar con los apuntes de su hermano“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.