Flügge-Lotz irakasleak funtsezko eginkizuna izan du mendebaldeko aeronautikako industria garatzeko orduan. Bere ekarpenak bizitza osoaren adierazle dira, emakume baten intuiziozko ikuspegiaren balioa eta kalitatea frogatu baitzituen gizonak nagusi diren arlo batean. Hala bilatu eta aurkitu zizkien konponbideak ingeniaritzako arazo konplexuei. Bere lanak aparteko arduraldi pertsonala eta sortzetiko adimena erakusten ditu.
─ Irmgard Flügge-Lotzen aipamena Honoris Causa doktore izendapen batean, Marylandeko Unibertsitatea, 1973.
Irmgard Lotz Hamelínen (Alemania) 1903ko uztailaren 16an jaio zen. Bi ahizpetatik zaharrena zen. Bere ama, Dora Grupe, hainbat belaunaldiz eraikuntza arloan lan egiten zuen familia batekoa zen, eta Irmgard karrera tekniko bat ikastera animatu zuen. Gainera, txikitatik Irmgardek zenbaitetan bisitatu zituen eraikuntza obrak bere senitarteko ingeniariren bati lagunduz. Aita, Osark Lotz, kazetaria zen, eta maiz bidaiatzen zuen. Aitak berak transmititu zion alabari matematikengatiko gogoberotasuna. Halaber, Irmgardek ikusi ahal izan zituen Ferdinand von Zeppelinek globo gidatuekin etxe ondoan egin zituen probak.

Lehen Mundu Gerra hasi zenean, aita militar gisa errekrutatu zuten, Belgika okupatura bidaltzeko. Lotz familia diru-sarrerarik gabe gelditu zenez, Irmgard, Hannoverko emakumeen institutuan ari zela ikasten, ekonomikoki lagundu behar izan zion familiari. Horretarako, matematikako tutore lanetan aritu zen. Osark Lotz itzuli zenean ere, familia ekonomiari laguntzen jarraitu zion, bere aitak osasun arazoak zituelako.
«Inoiz ez aspertzeko moduko bizitza nahi zuen»
1923an institutuan graduatu ostean, Hannoverko Technische Hochschule sartu zen Matematika eta Ingeniaritza ikastera. Bere esanetan, ikasketa horiek hautatu zituen, «inoiz ez aspertzeko moduko bizitza nahi baitzuen, betiere gauza berriak sortzen ziren bizitza, alegia». Klase gehienetan Irmgard zen emakume bakarra. Ingeniariaren titulua eskuratu zuen 1927an, eta bi urte geroago doktoregoa, Albert Betz fisikariak zuzendutako tesiari esker.
Ondoren, Gotingako Ikerketa Aerodinamikoko Institutura joan zen ikerketa ingeniari junior gisa lan egiteko Ludwig Prandtl ingeniari eta fisikariak zuzendutako ikerketa-taldearen barruan. Zentro hartan, ekuazio diferentzialei buruzko bere ezagutzak erabili zituen arazo garrantzitsu bat ebazteko, hain zuzen ere, nola banatu eustea hegaletan, Prandtl bera ez baitzen konpontzeko gai izan. 1931n, egun «Lotz metodoa» izenez ezagutzen dena argitaratu zuen, hiru dimentsioko hegalen eustea nola banatu eta ezaugarri aerodinamikoak kalkulatzeko teknika bat.
Prandtlen ikerketa-taldean lanean ari zen bitartean, Wilhelm Flügge ingeniari zibila ezagutu zuen. Wilhelm jakitun zen Irmgardek zailtasunak zituela gizonak nagusi ziren taldean. Tratu desberdinaren adibide gisa, Flügggek kontatzen zuen bere asteroko bileran tea zerbitzatzen zion idazkariak uko egiten ziola Lotzi zerbitzatzeari, bere esanetan «berak bazekielako tea prestatzen».
Lotzek Ikerketa Aeronautikoko Institutuan ikertzen jarraitu zuen, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman zituen hegazkinaren zenbait zatitan (hala nola fuselajea, hegalak eta turbinaren alabeak) presio aerodinamikoa iragartzeko tekniketan.
Erronka berriak Berlinen
Zaila izan zen bizitza Lotz eta Flüggerentzat Gotingan 1933tik 1938ra, nazien politikak zirela bide. Wilhelm Flüggeri leporatu zioten «ez zela politikoki oso fidagarria», beraz, karrera akademikoa lortzeko aukerak akabatu zitzaizkion. Lotzen karrerak, ordea, aurrera egin zuen, eta Aerodinamika Teorikoko Sailaren buru izendatu zuten 1938an. Urte berean ezkondu zen Flügerekin, eta hurrengo urtean senar-emazteak Berlinen kokatu zuen bizilekua. Bertan, Flügge Deutsche Versuchsanstalt für Luftfahrt (Ikerketa Aeroespazialeko Alemaniako Zentroa, DVL) erakundeko kide izendatu zuten. Flügge-Lotz hegaldiko dinamikako eta aerodinamikako aholkulari izan zen DVLn.
1944ko udaberrian, armada aliatuak Berlinen erasoak areagotu zituen. Senar-emaztea Saulgaura mugitu zen, Alemaniaren hegoaldean. Gerra amaituta, hiria Frantziaren okupazio eremuan gelditu zen. 1947an, Wilhelm eta Irmgard Parisera joan ziren, beren laguntzaile askorekin, Frantziako Azterlan eta Ikerketa Aeronautikoetako Bulego Nazionalean jarduteko.
Ibilbide luze bat Estatu Batuetan
Frantzian aurrera egiteko itxaropen gutxi zituztenez, Flügge familia harremanetan jarri zen Stephen Timoshenko ingeniari ukraniarrarekin. Ingeniari hark Estatu Batuetara emigratu zuen 1922an. 1948an, senar-emazteak lan proposamen bana jaso zuten Stanfordeko Unibertsitatean aritzeko. Tamalez, Stanfordeko kontratazio politika zela eta, ezin zituzten irakaskuntza-postu garrantzitsuak bete sail berean senar-emazte izateagatik. Hala, Wilhelm Flügge irakasle izendatu zuten lanaldi osoan, eta Flügge-Lotz ikerketan bikaina izan arren, beheragoko irakasle lanpostua onartu behar izan zuen.
Stanforden, Irmgardek zenbakizko metodoak ikertu zituen geruza mugako problemak ebazteko fluidoen dinamikan. 1951n, asteko mintegi bat antolatu zuen fluidoen mekanikaren gaia lantzeko, eta ikasleek bertan eztabaidatzen zituzten gaiari buruzko azken ideiak eta aurrerapenak. Bere lana diferentzia finituen metodoetan eta ordenagailuak erabiltzean oinarritu zen. Kontrol automatikoaren teoriari erreparatu zion, eta liburu garrantzitsuak argitaratu zituen gaiari buruz.
Flügge-Lotz Ingeniaritzako lehen emakumezko irakaslea izan zen Stanforden 1961ean. 1968an erretiratu zen, hirurogeita bost urte zituela, baina ikertzeari eutsi zion, bereziki, sateliteen kontrolaren arloan.
1974ko maiatzaren 22an hil zen. Karrera hautatzeari buruz bere hitzak gogora ekarriz («Inoiz ez aspertzeko moduko bizitza nahi zuen, betiere gauza berriak sortzen ziren bizitza, alegia»), bere nahiak aurki bete ziren.
Iturriak:
- Cooper, Julie; Banderas, Maria. Irmgard Flügge-Lotz, Agnes Scott College
- O’Connor, John J.; Robertson, Edmund F. (2010). Irmgard Flügge-Lotz, MacTutor History of Mathematics Archive, University of St Andrews
- Spreiter, J.; Van Dyke, M.; Vincenti, W. (1975) In Memoriam: Irmgard Flügge-Lotz (1903-1974), Automatic Control, IEEE Transactions vol.20 (2) 183
- Spreiter, John R.; Van Dyke, Milton D.; Vincenti, Walter G. Memorial Resolution: Irmgard Flügge-Lotz (1903-1974), Stanford University
- Gere, James; Herrmann, George; Steele, Charles R. Memorial Resolution: Wilhelm Flügge (1904-1990), Stanford University
- Irmgard Flügge-Lotz, Wikipedia
Egileaz:
Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko uztailaren 23an: Irmgard Flügge-Lotz, pionera en teoría de control.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.