Zientzia eta artea: biodibertsitatea babesteko sinbiosia

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zientziaren eta artearen arteko harremanak gorabeherak izan ditu historian zehar: bi arloek urruntze garaiak izan dituzte denbora luzez, baina beste aldi batzuetan ez da ia mugarik izan bien artean. Azken hamarkadetan, bien arteko elkarrekintzak nabarmen egin du gora, baina oraindik ere badira bien arteko sinergiak duen ahalmenari etekin osoa ateratzea eragozten duten oztopoak. Alor guztien artean, biodibertsitatearen zainketan izan dezake artearen eta zientziaren arteko sinbiosiak garrantzi handia. Izan ere, Frontiers in Ecology and Environment aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakusten du nola bien arteko elkarrekintzak lagundu egin dezakeen ekosistemak kontserbatzen eta berreskuratzen.

Biodibertsitateak diziplina zientifiko askoren ezagutzak biltzen ditu. Horregatik, zentzuzkoa da pentsatzea haren babesa eta zaintza diziplina anitzekoak izan behar direla. Hala ere, biodibertsitatearen kasuan, diziplinen aniztasuna zientziaren esparrutik harago doa. Izan ere, biodibertsitateak gizakiaren izatea bera ere zeharkatzen baitu eta, beraz, kultura eta arteak ere garrantzi handikoak dira haren zainketan.

biodibertsitatearen
Irudia: zientzialariek biodibertsitatearen babeserako egiten duten ikerketak materialak eta baliabideak eman dizkie artistei eta, haiek datuak giza ekintza sustatzen duen mezu harrigarri bihurtzen dute. Irudian Michal Trpák-en ‘Gaia mikrobioma’ artelana. Zientzialariek jasotako lagin- eta mikroskopio-irudien bitartez bioaniztasuna irudikatzen du ‘Gaia’ naturaren jainkosa grekoaren bitartez. (Daniela Procházková – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Giza jarduerek, hala nola deforestazioak, habitataren suntsiketak eta etengabeko kutsadurak, lurreko ekosistema guztien espezie-dibertsitatea mehatxatzen dute. Azken mendeetan zehar desagerpen-ratioak izugarri bizkortu dira eta, jada, pasa dira hainbat urte zientzialariak gure planetaren seigarren desagertze masiboaz hitz egiten hasi zirenetik1. Ukaezina da arazo honi aurre egiteko ezinbestekoa dela zientziaren ezagutza, baina hori bezain beharrezkoak dira sormena, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa.

Zientziak lortzen dituen datuek gure errealitatea eta natura ulertzen laguntzen digute, baina berez ez dute aldaketarik eragiten gure errealitatean. Hori lortzeko, ezinbestekoa da datu horiek akzio-eragile edo akzio-mekanismo bihurtzea, hau da, politika publiko edo tokiko aktibismo bihurtu beharko lirateke. Orain, internazional eta diziplina anitzeko ikertalde batek erakutsi du biodibertsitatearen babeserako zientziaren eta artearen arteko sinergia gero eta handiagoak onura asko eta ikuspegi berriak erakuts ditzakeela. Frontiers in Ecology and Environment aldizkarian argitaratutako artikuluak aztertu ditu kontserbazio zientifikoaren eta artearen ekintza bateratuek biodibertsitatearen defentsan lor ditzakeen onura horiek.

Partekatutako helburu eta balioak

Hasiera batetik ohartu ziren ikertaldeko biodibertsitatearen kontserbazioan lan egiten duten zientzialariek eta artistek, guztiek, balio eta helburu berdinak bultzatuta lan egiten zutela. Horrela, diziplina bakoitzak modu sinergikoan jarduten du helburu bera lortzeko. Zientziak arteari ezagutza, inspirazio-iturria, orientazioa edota lan egiteko material naturalak eskaintzen dizkio. Aldi berean, arteak biodibertsitatearen kontserbazioari ekarpen garrantzitsuak egin diezazkioke. Artistek inspiratu egiten dute, berrikuntza sustatzen dute, ongizatea sendotzen dute eta komunikazio zientifikoa hobetu dezakete, horrela sustatu egiten dute erakunde publikoen jarrera eta gizartearen konpromisoa. “Zientziaren eta artearen lankidetzak, ezagutza berriak sortzeaz gain, finantzazioa erakarri eta gizartearen portaera-aldaketak kataliza ditzake, eta, era horretan, eragina izan politika publikoetan”, dio ikerketaren lehen autore den Ivan Jarić-ek.

Diziplina anitzeko lankidetza sustatzeko deia

Gaur egun zientzia eta artearen arteko lankidetza ohikoa den arren, badira oraindik zenbait traba sinbiosi hau zailtzen dutenak. Esaterako, askotan zientzialariek metodo artistikoek zehaztasun zientifikorik ez dutela uste izaten dute, eta, horren ondorioz, ikertzaile askok zalantzak izan dituzte lankidetza hauetan parte hartzeko orduan. Horrez gain, konplexutasun eta arrisku berriak sortu dituzte bi diziplinetako finantzazio eskasak, erresistentzia instituzionalak edo adimen artifizialaren gorakadak.

Ikertaldeak aldarrikapen nagusi bat egiten du argitaratutako artikuluan: diziplinen artean dauden mugak gainditzeko, ezinbestekoak dira elkarrizketa irekia, gardentasuna eta kolaboratzaileen artean partekatzen diren estandar etikoak. “Oztopoak gainditzeko, errespetuzko jarreren eta elkarrekiko lankidetzen beharra azpimarratzen dugu. Horretarako, artistak eta zientzialariak egoera berean egon behar dira, artea ez da bakarrik dibulgazio-tresna gisa edo dirua biltzeko tresna gisa erabiliko”, adierazten du ikerketaren autore den Christina Lux-ek.

Beraz, ikerketak ondorioztatzen du diziplina anitzeko ikuspegia ezinbestekoa dela Lurrari datozkion arazo konplexuei aurre egiteko. Biodibertsitatea bezalako zeharkako ideiak guztion lankidetza eskatzen du. Hori horrela, ezinbestekoa da finantzazio handiagoa, erakundeen laguntza eta artisten ekarpena onartzea. Gainera, lankidetza horien eraginkortasuna ebaluatzeko, funtsezkoa da hizkuntza-tresna argiak eta partekatuak garatzea ere. Izan ere, Stephanie Januchowski-Hartley-k dioen bezala, “azken batean, artisten eta kontserbazionisten arteko sinergia handiagoak babes publiko handiagoa sor dezake, eta horrek mesede egingo dio, arteen kontserbazioari eta arteei ez ezik, planeta osoaren osasunari ere”.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Ceballos, Gerardo; Ehrlich, Paul R.; Barnosky, Anthony D.; García, Andrés; Pringle, Robert M.; Palmer, Todd M. (2015). Accelerated modern human–induced species losses: Entering the sixth mass extinction. Science Advances, 1, 5. DOI: 10.1126/sciadv.1400253

[2] Jarić, Ivan; Januchowski-Hartley, Stephanie; Mammola, Stefano; Malumbres-Olarte, Jagoba; Lux, Christina; Crowley, Sarah L.; Albert, Béatrice; Correia, Ricardo A.; Giannoulatou, Ioanna Daphne; Jeschke, Jonathan M.; Ladle, Richard J.; Markes, Sarah; Mutiny, Jane; Pillai, Athulya; Sbragaglia, Valerio; Veríssimo, Diogo; Roll, Uri (2025). Bridging worlds: exploring synergies between the arts and biodiversity conservation. Frontiers in Ecology and the Environment, 23, 10: e70012. DOI: doi.org/10.1002/fee.70012


Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.