Askotan ikus ditzakegu, probintzietako komunikabide batzuetan, Kantauriko kostaldeko zenbait hondartzatan hidrokarburoen isuri posibleen bat-bateko agerpenari buruz ohartarazten diguten berri asaldagarriak. Eta berri horiek bat datoz, eskuarki, marea bizi ekinokzialekin; horiek dira marea ahalmen handiena dutenak (hau da, alde handiagoa itsasoak itsasertzean hartzen duen altueran itsasgoraren eta itsasbeheraren artean). Edo bat etor daitezke, halaber, itsasertzeko enbata, galerna edo ekaitzekin; horien bidez hondartzetako hare kantitate handia eramaten du itsasoak arrastan itsas zabalerantz. Baina, berri horiek azkar desagertzen dira komunikabideetatik, eta alarma faltsuak zirela jakinarazten da. Izan ere, gehienetan, behinik behin gure hondartzetan harea adabakien antzera estaltzen duten pilaketa beltz eta likatsu horiek ez dira petrolio isuri baten ondoriozkoak, askoz jatorri hurbilagoko zerbaiten ondorio baizik.
Egiatan, baso fosilak (edo subfosilak, puristak baldin bagara) eta zohikaztegiak dira. Oro har, hondartzako hareak estalita egoten dira, eta soilik geratzen dira agerian ekitaldi meteorologiko handien edo muturreko kostaldeko dinamika baten ostean, hareazko estalki hori aldi baterako desagertzen baita, itsasertzeko dinamika arruntak berriro estaltzen dituen arte.

Zohikaztegien eraketa
Zohikaztegiak hezegune eremuetan eratzen dira, hala nola urmael, laku, zingira edo padura txikietan. Horien hondoan materia organiko begetal ugari pilatzen da, non deskonposizio prozesua moteldu edo etenarazi ere egiten den, oxigeno gutxi eta azidotasun handia duen ingurunea sortzen baita. Horrela, geruza begetal bat sortzen da hosto, enbor eta sustraien hondarrekin; trinkotu eta substantzia harro eta oliotsu samarra bihurtzen da, beltz iluna, zohikatz izena hartzen duena.

Zohikaztegien erabilera antzinako herri eskandinaviarretako (edo hobbiten) etxeetako teilatuak estaltzeaz harago doa (etxeak bero mantentzeko egiten zena), bai eta etxeetan erregai gisa baliatzetik harago ere (antzinatik egin duguna); izan ere, informazio geologiko aparta ere ematen digute. Landareen deskonposizio prozesua amaitu gabe egoteak goroldio, belarkara, zuhaixka edo eite txikiko zuhaitzen hondar polinikoen kontserbazioa sustatzen du; are gehiago, adar eta enbor osoak ere kontserbatzen dira. Eta, horri esker, xehetasun handiz berreraiki daiteke ingurunearen landarezko estalkiaren iraganeko itxura, bai eta denboran zehar izan duen bilakaera ere. Hau da, ingurune hezeetan (kontinentaletan zein kostaldekoetan) jazotako klima aldaketen salatari apartak dira.
Milaka urte
Buruan daukazuen galderari erantzungo diot: klima-aldaketen ikerketa… noiztik? Bada, galderari erantzuteko, Kantauriko kostaldean behinik behin azaleratzen diren zohikaztegi eta baso fosilen gaiari helduko diot berriro. Hondar horiek duela 7000 eta 2000 urte artean eratu ziren eremu horretan itsasoaren maila egungo maila baino 2 edo 3 metro beherago zegoenean sortutako kostaldeetako padura eta urmaeletan. Azken milurtekoetan itsasoaren mailak gora egitean, kostaldeak atzera egin zuen lur idorrera, eta horrek eragin zuen hondartzetako duna ingurabideek landare maila horiek estaltzea hareazko geruza ugarirekin. Hori horrela, kostaldeko eremuetan zohikaztegi eta baso fosil horiek agertzeak ere adierazten digu itsasoaren mailan nolabaiteko aldaketak egon direla, eta gure kostaldeen bilakaeraren azterlan xehatua osa dezakegu horrekin guztiarekin Holozenoaren amaierara arte.

Azaldu dizuedan moduan, kostaldeko zohikaztegi horiek, oro har, hareak estalita daude; eta, beraz, jendeak ez daki hor daudela. Muturreko klima ekitaldiak gertatzen direnean, hareazko geruza hori desagertzen da, eta orduan azaleratzen dira, tokikoak nahiz kanpokoak txundituta utzita. Hortaz, hasierako sustoa benetan justifikatuta dago. Espero dut konbentzitu zaituztedala eta galerna baten ostean hondartzan orban ilunak ikusten dituzuenean, txapapotea kostaldetik kentzeko eskularruak, palak eta zabor poltsak hartu aurretik, minutu batzuk hartuko dituzuela Interneten begiratzeko ea hondartza hori interes geologikoko lekutzat agertzen den fitxaren batean, bertan zohikaztegiak eta baso fosilak daudelako. Bestela, zuen konfiantzako geologoei galde diezaiekezue. Izan ere, laguntzeko asmo hutsez, gure itsasbazterren duela gutxiko ingurumen historia kontatzen digun erregistro geologiko bikaina suntsi dezakegu.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko maiatzaren 22an: Manchas negras en la playa.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.