Michèle Audin, matematikaren eta literaturaren artean

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

5 min

Michèle Audin, matematikaren eta literaturaren artean

Michèle Audin (1954-2025) matematikaria, geometria sinpletikoan espezialista, pasa den azaroaren 14an zendu zen. 2009az geroztik OuLiPo taldeko kidea zen, eta matematikei buruzko hainbat artikulu eta liburu idatzi zituen, batez ere nagusiki zientziaren historiari buruzko saiakerak eta eleberriak. Halaber, Parisko Komunari buruzko webgune bat kudeatzen zuen.

Michèle Audinen familiak bere bizitza markatu zuen

Michèle Audin 1954ko urtarrilaren 3an jaio zen Aljerren, pieds-noirs bikote ezkondu baten alaba nagusia zen (hirutik): bere ama, Josette, eta bere aita, Maurice, matematikako irakasleak ziren. Aljeriako Alderdi Komunistako kideak ziren, eta Aljerian kolonialismo frantsesa gaitzesten zuten; haien ustez, biztanle aljertarrek autodeterminaziorako eskubidea zuten. Hala, Aljeriako Gerrak eta haren aita 1957an desagertu izanak Michèleren haurtzaroa markatu zuten.

Michèle Audin

Beste pertsona batzuekin batera, Maurice Audin atxilotu zuten 1957ko ekainaren 11n Aljerko guduan, eta armada frantseseko kideek torturatu eta erail egin zuten, nahiz eta bertsio ofizialaren arabera atxilotze zentrotik ihes egin zuen. Josette Audinek bere bizitza osoan zehar senarraren erailketari buruzko azalpenak eskatu zituen.

1966an, Josettek Aljeria utzi zuen bere seme-alabekin Houari Boumédièneren estatu kolpearen ondoren. Frantziako presidentetzarako hauteskunde bakoitzean, hautatutako presidenteari idazki bat igortzen zion, armada frantsesak haren senarraren heriotzan izan zuen erantzukizuna aitor zezan. 2007an, Nicolas Sarkozyri idatzi zion, eskatzeko Mauriceren desagertzearen inguruko misterioa argitu zedin. 2009ko urtarrilaren 1ean, Michèle Audinek uko egin zion Ohorezko Legioari (“oinarrizko matematikako ikerketari eta diziplinaren dibulgazioari egindako ekarpenagatik” eman zioten), arrazoituz Sarkozy presidenteak ez zuela haren amaren eskaera artatu eta ez zuela gutunari erantzuteko tartea ere hartu.

François Hollandek 2014an aitortu zuen Maurice Audin espetxean zendu zela, eta, 2018an, Emmanuel Macronek aitortu zuen frantziar estatua eta armada haren heriotzaren erantzule izan zirela.

2013an, Michèle Audinek Une vie briève idatzi zuen (2020an Una vida breve itzulpena egin zen), bere aitari eskainitako testua. Honako hau adierazi zuen liburuari buruz: “liburu hau ez da haren martirioari, heriotzari edo desagertzeari buruzkoa. Alderantziz, liburu honetan bizitza, haren bizitza, zeinaren arrastoak oraindik bizirauten duten, jorratu nahi ditut”. Eta liburua ehundu zuen, bere amaren eta beste senide batzuen oroitzapenen bidez, gutunen bidez, egunkarietako berrien bidez…

Matematikari eta zientziako historialari bikaina

Michèlek ikasi zituen lehenengo matematikak bere amak irakatsi zizkion. Ikasketen ondoren, geometria sinplektikoko espezialista errespetatua izan zen, eta 1987tik 2014an erretiratu arte Estrasburgoko Institut de recherche mathématique avancée (IRMA) institutuan aritu zen irakasle.

Zientziaren historian interesa zuenez –zehazki, matematiken historian–, honako hauek idatzi zituen, besteak beste: Bourbaki taldeko bi kideren posta trukea, Henri Cartan eta André WeilenaCorrespondance entre Henri Cartan et Andre Weil (1928-1991)–, eta Sofia Kovalevskaya matematikari errusiarrari eskainitako liburua –Remembering Sofya Kovalevskaya–; aurrerago hitz egingo dugu liburu horri buruz.

Ikertzaile aktiboa zen, matematikan nahiz deskribatzen zituen pertsonen historia zorroztasunez jasotzeko agiriak aztertzean. Baina ez zituen pertsona ikusezinak ahazten, adibidez bere Mademoiselle Haas (2016) izeneko eleberri ederrean, non omenaldia egin zien baztertutako hainbat eta hainbat emakumeri (liburuzainak, atezainak, sukaldariak, ile apaintzaileak, jostunak, fresatzeko makinen operadoreak, erizainak, idazleak, zerbitzariak, maistrak, kazetariak, garbitzaileak, kontramaisuak, metalurgialariak, liburu saltzaileak, piano jotzaileak, fisikariak, harilkatzaileak, emaginak, saltzaileak…).

OuliPo literatur taldeko kidea

OuLiPo Ouvroir de Littérature Potentielle (Literatura Potentzialaren Tailerra) taldearen akronimoa da; 1960ko azaroan sortu zuten taldea François Le Lionnais ingeniariak, Raymond Queneau idazleak eta bere hamar bat lagun idazle, matematikari eta margolarik. Asmoa zen poesia edo eleberri modu berriak asmatzea, hertsatutako idazkeraren bidez (contrainte).

Michèle Audinen Souvenirs sur Sofia Kovalevskaïa liburuak (2008, 2011n ingelesera itzulia Remembering Sofya Kovalevskaya liburuan) Sofia Kovalevskaya matematikari errusiarraren (1850-1891) ibilbide pertsonal eta zientifiko osoa biltzen du. Badirudi testu horrek OuLiPo-ren arreta deitu zuela, 2009an kideen artean hautatu baitzuen.

Michèlek hainbat trabako ekarpena egin zion oulipiar zerrenda luzeari.

Harrigarrienetako bat Mai Quai Conti kontakizun bikainean erabili zuen Paskalen traba izan zen. Testu horretan, pertsonaien arteko harremanak elipse baten puntuen eta Paskalen teoremaren (geometria proiektiboaren teorema) erakusketaren etapen arteko kokapenek baldintzatzen dituzte. Sofia Kovalevskaya da istorio horren protagonista, non Audinek omenaldia egin zion Parisko Komunari; matxinada mugimendu horrek hiria gobernatu zuen 1871ko martxoaren 18aren eta maiatzaren 28aren artean, proiektu politiko herrikoi autogestionarioa ezarriz. Hain zuzen ere, Audinek Parisko Komunari buruzko orri bat zuen, non mugimenduari buruzko hainbat istorio biltzen zituen eta zeinari buruzko ikerketa sakona egin zuen eta hainbat saiakera argitaratu zituen. La traba de Pascal: geometría proyectiva y literatura argitalpenean Mai Quai Conti liburuan egindako proposamen originala azaltzen da sakon.

Michèle Audinek proposatutako beste traba zoragarri bat erretratu alfabetikoa da, alfabetikoki ordenatutako hitzen zerrenda (esaldi laburrekin batera joan daitekeena), elkartuta erretratu bat sortzen dutenak. Bere lehen erretratu alfabetikoa Sofia Kovalevskayari eskaini zion. Mujeres con ciencia blogean zientzialarien berrogeita hamar erretratu alfabetiko baino gehiago argitaratu dira, eta blog horretan dozenaka erretratu alfabetiko eskaini zitzaizkien matematikari ezagunei.

Epilogoa

Bere hileta liburu ederrean, Aurélien Soucheyrek hala deskribatu zuen Michèle Audin: “sotila, errespetutsua eta zuzena zen, zerbait esan behar zuenean mingainean kiorik gabea”. Horren fede ematen dut; izan ere, 2011n ezagutu ahal izan nuen, Bilbon izandako Espainiako Matematikako Errege Elkartearen mendeurreneko solasaldian. Las dos ideas de Sofia Kovalevskaya hitzaldia eman zuen; izan ere, matematikari horri hizki mordoa eskaini zizkion eta, Michèlek berak bezala, emakumeen kausa defendatu zuen… beste hainbat kausaren artean.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025ko azaroaren 19an: “Michèle Audin, entre las matemáticas y la literatura“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.