Anne Tyng, «musa izatetik heroia izatera»

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Anne Tyng, «musa izatetik heroia izatera»

Anne Griswold Tyng arkitektoa ia 30 urtez aritu zen lanean Louis Kahn arkitektoarekin Filadelfian zuen estudioan. Hain zuzen, Richard Buckminster Fuller ingeniarik uste zuen Anne Tyng «Louis Kahnen estratega geometrikoa» zela. Horrez gain, Hiri Morfologiako irakaslea izan zen 27 urtez Pennsylvaniako Unibertsitatean.

Anne 1920ko uztailaren 14an jaio zen Lushanen (Txina). Bere ama Ethel Atkinson eta aita Walworth Tyng Ingalaterra Berriko familietako kideak ziren, eta une horretan apezpiku misiolari gisa ari ziren lanean herri horretan. Bost seme-alabetan laugarrena izan zen.

Anne Estatu Batuetara itzuli zen 1938an, Arte Ederrak ikasteko. Radcliffe Collegen graduatu zen 1942an, eta, beranduago, Walter Gropius (Bauhausen sortzailea 1919an), Marcel Breuer (Gropiusen ikaslea izandakoa) eta Catherine Bauer arkitektoekin ikasi zuen Harvard Unibertsitateko arkitektura eskolan. Harvarden graduatu zen lehenengotariko emakumea izan zen, 1944an, eta 1949an arkitektura lizentziaturako azterketara aurkeztu zen bakarra. Azterketa horretan, gizonezko begiraleetako batek bizkarra eman zion eta Annek azterketa egiteko behar zuen laguntza ukatu zion.

1. irudia: Anne Tyng arkitektoa eta irakaslea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Pennsylvaniako Unibertsitatean doktoratu zen 1975ean, tesi oso matematiko batekin: «Simultaneous Randomness and Order: the Fibonacci-Divine Proportion as a Universal Forming Principle» («Aldibereko aleatoriotasun eta ordena: Fibonacciren proportzio jainkotiarra eraketa unibertsalaren printzipio gisa»). Tesi horretan simetria hierarkikoa eta forma organikoa kontzeptuak landu zituen.

Matematika oso gustuko zuen arkitektoa

Arkitekto teorikoa zen, eta ezagun egin zen matematikak pizten zion grinagatik eta arkitektura espazialaren arloan egindako lan aitzindariarengatik; izan ere, arlo horretan patroi geometrikoak erabiltzen dira eremu argitsuak sortzeko. Interes berezia pizten zioten solido platonikoek eta Jung-en pentsamenduak.

27 urte zituela Tyng Toy eraikuntza jolasa asmatu zuen. Egur kontratxapatuzko bost piezak osatzen zuten, eta, elementuak nola konbinatu, objektu desberdinak osatzen zituzten (aulkiak, mahaiak, hegazkina, kulunka zaldia, etab.). Proposamen horrek arrakasta handia izan zuen.

Forma geometrikoek asko erakartzen zuten, eta horrek eragina izan zuen zenbait proiektutan, hala nola Trentongo Bainuetxea osatzen duten bost kuboetan eta Yale Unibertsitateko Arte Galeriaren sabai triangeluarrean.

Urban Hierarchy izeneko proiektuan, errepide baten bidez elkar lotutako etxe angeluzuzen edo karratuak daude, eta sarbide zirkularra duen helize bat osatzen dute. Etxeak gainjarri egiten dira espiral itxurako errepide horretan zehar, eta atal bakoitzak espiral itxurako sarbidea dauka autobidera; horrek laukiz, zirkuluz, helizez eta espiralez beteriko simetriez osaturiko sekuentzia ziklikoa ematen dio multzoari. Eskala handienean gizakiak bizitzeko simetriak daude, elkar konektatuta.

Anne Tyng, 2011ko maiatzaren 18a.

Musa izatetik heroia izatera

1945ean Filadelfiara joan zen bizitzera, eta han Louis Kahn arkitektoaren estudioan hasi zen lanean. Bertan, zenbait proiektutan lagundu zuen, nahiz eta bere izena ez zen agertzen gehienetan.

Haurdun geratu zen, Kahnen haur batekin, baina hura ezkonduta zegoen, eta eskandalurik sor ez zedin, Anne Erromara joan zen 1953an. Han jaio zen bere alaba Alexandra, hurrengo urtean. Urtebete igaro zuen Italian, eta aldi horretan egiturazko ingeniari eta arkitekto Pier Luigi Nervirekin aritu zen ikasten, nahiz eta Kahnekin lan egiten ere jarraitzen zuen. 1964an, eztabaida baten ostean, Tyngek utzi egin zuen Kahnen estudioa, une hartan bertako bazkide bazen ere.

2. irudia: Anne Tyngek gurasoen landetxea eraberritu zuen eta laborategi gisa erabili zuen. Geometria tetraoktaedrikoaren bidez etxeko espazioa eta ordena integratu zituen. (Iturria: ‘Anne Tyng: Inhabiting Geometry’ liburua)

1965ean Arte Ederretako Ikasketa Aurreratuetarako Graham Fundazioaren beka bat jaso zuen lehen emakumea izan zen. Richard Buckminster Fullerrek honela definitu zuen Fundazio horri igorritako gomendio gutun batean: «Kahnen estratega geometrikoa».

1989an Tyngek From Muse to Heroine, Toward a Visible Creative Identity lana argitaratu zuen, emakumeek arkitekturaren arloan dituzten sorkuntza rolen garapenari buruzko saiakera bat. Hau jaso zuen saiakera horretan:

Oso gutxik lortzen dute musa izatetik heroi izatera igarotzea. Arkitekto gisa prestakuntza jaso duten emakume gehienak gizonezko arkitektoekin ezkontzen dira. Emakumezko arkitektoak, senarrarekin lankidetzan hasten denean, gizonaren atzean dagoen emakumea izateari uzten dio, eta ia ikusezin geratzen da heroiaren ondoan (edo pixka bat atzeratuta). Une honetan, emakumeek arkitekturan duten oztoporik handiena beren sormena askatzeko behar duten garapen psikologikoa da.

Anne Tyng, 1989.

Anne Kahnen kidea eta musa izan zen, baina ez hori bakarrik: eragin nabarmena izan zuen arkitektoaren lanean. Zoritxarrez, denbora asko igaro zen haren ekarpena aitortu zen arte.

82 urte zituela, Nathaniel Kahn zinemagileak bere aitari buruz egindako My Architect dokumentalean agertu zen Tyng. Bertan, Louis Kahnen lanaren gainean zuen ikuspegiari buruz hitz egiten zuen. Anne Tyng 2011ko abenduaren 27an hil zen.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko abenduaren 3an: Anne Tyng, «de musa a heroína».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.