Elizabeth Eaton Morse (1864-1955), mikrobiologo berezia
New Yorkeko Lorategi Botanikoko (NYBG) Kriptogamen Herbarioaren (Cryptogamic Herbarium) zuzendariak, Ellen Diane Blochek, kontatu du herbario horretan lan egin zuen hogeita hamar urteetan egin zuen aurkikuntzarik gogokoenetako bat onddo bilduma original eta baliotsua izan zela, kasualitatez 2014ko apirilean aurkitu zuena. Blochek dioenez, «Berkeleytik (Kalifornia) zetorren kutxa eder batean kontu handiz sartuta, 1935ean Mainen bildutako ia 40 onddo espezimen aurkitu nituen». Ustekabeko aurkikuntza hori ikusita, zuzendariak jakin nahi izan zuen onddo horiek Kaliforniatik New Yorkeko Lorategi Botanikora nola iritsi ziren.

Nork bidali zuen horren opari egokia?
Bere ikerketei esker, jakin zuen nahiko ezezaguna zen Elizabeth Eaton Morse izeneko mikologo batek bildu zituen espezimen horiek. Xehetasun gehiago ikertuz, Ellen Blochek deskubritu zuen mikologoa Massachusettsen jaio zela 1864ko abenduaren 31n, eta bere bizitzako zati handi bat dedikatu zuela herrialdearen mendebaldean zehar bidaiatzera, aurkitzen zuen onddo aniztasun handia bildu, aztertu eta horien bilduma egiteko.
Wikipedian irakur dezakegun moduan, Elizabeth Eaton Morsek bere haurtzaroa baserri batean pasatu zuen, eta horrek historia naturalarekiko interesa piztu zuen berarengan. Bigarren hezkuntzako ikasketak 1882an amaitu ostean, klaseak eman zituen hainbat urtez eskola batzuetan, dirua aurreztu ahal izateko. Irakaskuntzan denbora batez aritu ostean, Wellesley Collegen matrikulatu zen, eta han Botanikako gradua egin zuen. Handik gutxira, Eaton Morsek Kaliforniara bidaia bat egitea erabaki zuen; bertan Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Lee Bonar (1891-1977) mikologo ospetsuarekin elkarrizketa eskatu eta lortu zuen.
Zabal dezagun parentesi txiki bat mikologo famatu horri buruz hitz egiteko. Myko Webs webgunean adierazten da XX. mendeko lehen hamarkadetan botanikari askok bideak zabaldu zituztela Kaliforniako onddoen ikerketan. Hala ere, bertako unibertsitate bakar batek ere ez zuen izan lanaldi osoko mikologorik garai hartan. Bereizketa hori Lee Bonarri dagokio, Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) onddoetan dedikazio esklusiboko lehen espezialista izan baitzen. Oso zientzialari maitatua eta errespetatua da, lan handia egin zuena bere espezialitatean. Gainera, bere ikasle batzuek arloko aditu baimenduak izan ziren gerora. Halaber, graduatutako hainbat emakumek Bonarrekin lan egin zuten, eta haien artean gure protagonista nabarmentzen da: Elizabeth Eaton Morse.
Elkarrizketa emankor bat
Bonarrekin izandako elkarrizketan, Elizabeth E. Morsek botanika kriptogamikoa ikasteko nahia azaldu zuen, eta arretaz entzun ostean, zientzialariak bere laborategian onartzea erabaki zuen. Orduan, gazteak irakaskuntza uzteko eta Berkeleyn ezartzeko erabakia hartu zuen, eta, hortaz, Unibertsitateko Botanika Saileko ikasle graduatu gisa matrikulatu zen. Ellen Diane Blochek kontatu duenez, Morsek, goi mailako gradua lortzeko asmorik izan ez arren, gonbidatu gisa lantoki bat eta ikerketako material egokia ematea lortu zuen. Botanikako eraikinaren (Botany Building) teilatupea esleitu zioten, eta bertan hogei urte baino gehiago egon zen.

Elizabeth Eaton Morsek udako oporren zati handi bat eman zuen Amerikako mendebaldeko estatuetan zehar biltzeko bidaiak egiten, bai eta Mexikoko mugara, Rainier mendiko Parke Naturalera (Washington estatuan kokatua), Alaskara eta Hawaiira ere. Bere interes nagusia onddoak izan ziren, eta horietako espezie batzuei izena eman zien, baina beste landare batzuen bilduma ere egin zuen.
Parke nazionaletatik egindako ibilbideetan mikologiari buruzko erakusketak egiteko prest egon zen, turistentzako dibulgazio hitzaldiak ematen zituen bitartean. Halaber, Morse argazkilari zientifiko profesionalekin harremanetan jarri zen, espezimen freskoen argazkiak lortzeko, lehortu baino lehen. 1952an, markoztatutako 364 argazkiko selekzio bat aurkeztu zuen unibertsitateko Mycological Herbarium-en, Photo Prints of Western Fungi izenekoa, eta horren xedea zen bilduma osoa erakustea. Gainera, argazki eta espezimen horien kopiak helarazi zizkien beste erakunde batzuei.
Elizabeth Eaton Morsek egindako bilketa bidaien artean, 1935ean Mainera egindako bidaia bat dago. Azken urteetan zehar, mikologoak bere bilduma zabalaren zati handi bat hainbat erakunderen artean banatu zuen, Berkeleyko herbariotik hasi eta multzo txikiagoak bidali zituen beste ikastegi batzuetara. «Horien artean zegoen New Yorkeko Lorategi Botanikoko Kriptogamoen Herbarioa», esan du, tonu garailean, Ellen Diane Blochek; izan ere, Kriptogamoen Herbarioan egun batean aurkitutako onddo disekatuez osatutako kaxa ederraren historia bitxia berreskuratzea lortu du.
Nabarmendu behar da Elizabeth E. Morsek jarduera esanguratsua izan zuela; izan ere, Kaliforniako Mikologia Sozietatea (California Mycological Society) ere antolatu zuen, non idazkari lanak egin zituen. Bere eraginpean, sozietateak espezimenen trukaketa eta eztabaida zientifikoa sustatu zituen, Morseren lagunak ziren beste mikologo eta biltzaile batzuekin izandako posta-truke handiari esker. Gainera, botanikari nekaezin honek aldizkari ezagun eta espezializatuetan argitaratutako artikuluen bidez lagundu zuen, eta lan batzuk argitaratu zituen Mycologia aldizkari ezagunean.
1955eko azaroaren 13an, Elizabeth Eaton Morse Berkeleyn (Kalifornia) hil egin zen. Atzean utzi zuen azken hamarkadetan baloratu den legatua, hein handi batean botanikaren alor aberatsean egindako genero ikuspegidun ikerketa saiatuei esker.
Iturriak:
- Bloch, Ellen (2014). A Unique and Lovely Little Fungal Collection. Nuggets from the Archives, New York Botanical Garden. 2014ko apirilaren 7a
- Elizabeth Eaton Morse collection of photographs of Pacific Coast states fungi. Biographical note. Harvard Library
- Elizabeth Eaton Morse, Wikipedia
Egileaz:
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Mujeres con Ciencia blogean 2025eko azaroaren 19an argitaratu zen artikulua: “Elizabeth Eaton Morse (1864-1955), una curiosa micóloga“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.