Nolakoa da ornitorrinko bat izatea?
Ornitorrinkoa naturako animalia bitxienetako bat da: ahatearen mokoaren antza duen muturra du, kastore baten isats zabala, igaraba baten antzeko hankak eta, gainera, arrautzak erruten ditu. Ugaztuna izan arren, narrastien eta hegaztien ezaugarri batzuk mantentzen ditu, eta horregatik jotzen dugu askotan “arkaikotzat”. Hala ere, ez da iraganeko fosil bizi bat: milioika urtez bere kabuz eboluzionatu duen animalia oso berezia da. Australiako ibai eta paduretan bizi da, eta ingurune ilun eta lokaztu horietan moldatzeko gaitasun harrigarriak garatu ditu.
Bideo honetan ikusiko dugu nola eraikitzen duen ornitorrinkoak bere inguruko munduaren mapa. Uretan murgilduta dagoenean, begiak, belarriak eta sudurra itxita eramaten ditu, eta mokoan dituen errezeptore bereziekin antzematen ditu mugimenduak eta bulkada elektriko txikiak. Beste animalien muskuluen jarduerak sortzen duen elektrizitatea hautemateko gai da, eta horri esker aurkitzen ditu harrapakinak. Ugaztun gutxik dute horrelako gaitasunik, eta horrek erakusten du eboluzioak zenbateraino sor ditzakeen irtenbide harrigarriak ingurune bakoitzera egokitzeko.
Gure arbasoak Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.