Barbacid eta interes-gatazkak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

5 min

Barbacid eta interes-gatazkak

2026ko apirilean Mariano Barbacid zientzialari ospetsua buru duen ikerketaren gorabeherak azaldu nizkizuen Zientzia Kaieran. Horren ondoren, gaiak korapilatzen jarraitu zuen, eta badirudi korapilo hori askatzen ari dela. Ekainean ari naiz artikulu hau idazten, tarte horretan, ikerketa-lana atzera bota du PNAS aldizkariak, eta berriro argitaratu du zenbait zuzenketekin. Horrek zalantzan jarri du dirua biltzeko kanpaina bat, diru horren erabilera, eta zalantzan jarri da zientziaren garbitasuna ere.

Hedabide honetan bertan argitaratu zen, apirilaren 21ean, gaiari buruzko informazioa Pankreako minbizia eta zientziaren komunikazio egokia izeneko artikuluan. Testuingurua emate aldera, labur dezagun zer kontatu genuen une hartan. Mariano Barbacid biokimikari espainiarrak eta haren taldeak PNAS aldizkarian argitaratu zituzten, A targeted combination therapy achieves effective pancreatic cancer regression and prevents tumor resistance izenburupean, pankreako minbiziaren aurkako balizko terapia bati buruzko ikerketa lanaren emaitzak. Minbizia saguetan egindako esperimentuetan bakarrik oinarritzen zen, eta minbiziak oso txikiak zirenean bakarrik lortu zuten horiek deuseztatzea. Alabaina, pankreako minbizia minbizi motarik konplexuenetakoa eta hilgarrienetakoa denez, berebiziko interesa piztu zuen albisteak.

Barbacid
Irudia: pankreako minbizia saguetan bakarrik deuseztatu zuten PNAS aldizkarian argitaratutako lanean, gerora atzera bota zena interes-gatazken berri ez emateagatik. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Aipatu genuen bezala, zientziaren komunikazio egokiaren aurkako hainbat elementu agertu ziren. Nolanahi dela ere, 2026ko urtarrilean Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak, CNIOk, albistearen berri eman zuenean eta Barbaciden taldeak prentsaurrekoa eman zuenean, albisteak mundu mailako oihartzuna izan zuen ─aldiz, ikerketa-lanaren emaitzak 2025eko abenduan argitaratu zirenean, ez zuen ia oihartzunik izan─. Albistea pil-pilean egon zen, nahiz eta kasu gehienetan gaia sentsazionalismo handiarekin landu zen. CRIS Contra el Cáncer Fundazio pribatuak entsegu klinikoak hasi ahal izateko crowdfunding kanpaina bat jarri zuten abian, eta marketin-kanpainari esker, 3,6 milioi euro inguru bildu zituzten.

Zientzia-komunitatean, aldiz, zalantza eta gaitzespena nagusitu ziren. Lanaren emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu izana egokia izan zitekeen, baina kasu honetan hau gertatu zen: Barbacid AEBko National Academy of Sciences zientzia-erakundearen kide denez, aukera zuen aldizkari horretan bere lana ebaluatuko zuten zientzialariak aukeratzeko. Horrek zalantzan jartzen du zientzian ohikoa den peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua, nahiz eta faktore horrek ez duen zuzenean adierazten lana bera desegokia denik. Edozein kasutan, albistearen garrantziaren eta zientzia-komunitatearen kritiken ondorenondorioz esatea asko litzateke-eta─, PNAS aldizkariak artikuluarekin atzera egitea erabaki zuen apirilaren amaieran.

Artikulu hau idazten ari naizen unean ─2026ko ekainaren 6an─, PNAS aldizkariaren webgunean lana retracted oharrarekin ageri da. Berriro ere, ohiko albisteetan irakurri ahal izan dugunaren arabera, badirudi ikerketa desegokia izan dela, eta horregatik egin dutela atzera, alegia, artikulua iruzurra izan daitekeela. Alabaina, atzera egiteak ez du zerikusirik ikerketaren beraren kalitatearekin. Kontua da Barbacidek eta beste bi egilek ─Vasiliki Liaki-k eta Carmen Guerrak─ interes ekonomikoak dituztela Vega Oncotargets enpresarekin. Hain zuzen ere, pankreako minbiziaren aurkako terapiak garatzeko sortu zen enpresa hori. PNAS aldizkariaren irizpideen arabera, egileren batek interes-gatazka badu, hori berariaz adierazi behar du ikerketa-lanaren emaitzak argitaratzerakoan; gainera, interes-gatazkak daudenean, lanak ezin dira erabilitako prozedura bereziaren bidez argitaratu. Interes-gatazkak daudenean, ohiko prozedura bakarrik erabil daiteke.

Barbacidek adierazi zuen forma-akatsa besterik ez zela izan, eta ikerketaren emaitzen kalitatea ez dela zalantzan jarri inongo momentutan. Bere aurka esandakoei aurre eginez, maiatzaren hasieran ikertzaileak adierazi zuen Vega Oncotargets enpresarekin zuen lotura eten egin zuela, eta martxan zeuden bi patente-eskaerei uko egin ziela. Era berean, PNAS aldizkarira bidalitako lana zuzendu zutela esan zuen, interes-gatazkak modu egokian adieraziz, eta ohiko prozedura erabiliz berbidali zutela argitaratzaileek berriro azter zezaten. Alabaina, El País hedabideak jakinarazi zuenez, Barbacidek bazekien martxoaren 12tik bere artikulua atzera botako zutela, eta, hala ere, martxan jarraitu zuen dirua biltzeko kanpainak.

Bildutako diruarekin gerta daitekeenari buruz ere zalantzak daude. CRIS Contra el Cáncer Fundazioak Vega Oncotargets enpresa pribatuari ematen badio dirua, esan daiteke CNIOko ikertzaile baten irudia, zeinaren lana diru publikoarekin ordaintzen baita, erabili dela enpresa pribatu batentzat dirua lortzeko. Era berean, CNIOko ikertzaile gisa, agian Barbacidek eta bere lankideek arazo gehiago izan ditzakete; izan ere, ikerketa-zentroaren kode etikoaren arabera, bertan ere jakinarazi behar zuten interes-gatazka, eta ez zuten egin.

Saltsa honetan guztian zaila da ertz guztiak aztertzea eta prentsako adierazpenetatik egia destilatzea, baina argi dago gai honek kalte handia egin diola zientziaren komunikazioari. Gainera, oraindik gaia ez dago itxita. Ekainaren 3an jakinarazi zen moduan, PNAS aldizkariak berriro ontzat eman du Barbacid eta haren lankideen lana, eta hura berriro argitaratzea erabaki du. Hala ere, aurrekoaren berrargitaratze bat baino gehiago, lan berri gisa aurkezten da orain aldizkariaren webgunean, izenburu bera duen arren. Kasu horretan, interes-gatazken berri ematen da, eta Barbacidek jada ez duela loturarik Vega Oncotargets enpresarekin aipatzen da. Egun gutxi batzuk pasatuta, ekainaren 5ean, CRIS Contra el Cáncer Fundazioak jakinarazi zuen bildutako diru guztia Vega Oncotargets enpresarentzat izango dela, eta ez CNIOrentzat.

Oraindik korapiloa askatzen ari den arren, eta aurreko artikuluan azaldu nuen bezala, zientziaren komunikazio eskasaren adibide ona izan da gertatutakoa. Ikertzaileek egin dituzten akats etikoez aparte, ikerketa komunikatzeko modua ez da egokia izan eta itxaropen faltsuak sortu izanak ez dauka konponbiderik. Berriro esango dut orduan esandakoa: itxaropen faltsu horiek sortu izana arriskutsua da zientziaren balioentzat, eta zientziarekiko mesfidantza handia sortzen dute gizartean. Berriro ere, honek guztiak argi utzi du zientziaren komunikazio eta dibulgazio egokiaren beharra.

Erreferentzia bibliografikoa:

Liaki, Vasiliki; Kostopoulou, Myrto; Barrambanaa, Sara; Lechuga, Carmen G.; Zamorano-Dominguez, Elena; Acosta-Gallego, Domingo; Morales-Cacho, Lucia; Álvarez, Ruth; Sun, Pian; Rosas-Perez, Blanca; Barrero, Rebeca; Jiménez-Parrado, Silvia; López-García, Alejandra; San Roman, Marta, López-Gil, Juan Carlos; Drosten, Matthias; Sainz Jr., Bruno; Musteanu, Monica; Caleiras, Eduardo; Dusetti, Nelson; Poli, Valeria; Sánchez-Bueno, Francisco; Guerra, Carmen, Barbacid, Mariano (2026). A targeted combination therapy achieves effective pancreatic cancer regression and prevents tumor resistance, PNAS, 123(23). DOI: 10.1073/pnas.2610708123


Informazio gehiago:

Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas, CNIO (2026). El grupo de Barbacid en el CNIO elimina tumores de páncreas en ratones por completo y sin que aparezcan resistencias, cnio.es, 2026ko urtarrilaren 27a.

EFE (2026). La Academia de Ciencias de EE UU retira un artículo de Barbacid por conflicto de intereses, agenciasinc.es, 2026ko apirilaren 28a.

Antonio Martínez Ron (2026). Preocupación por las expectativas creadas por Barbacid sobre el cáncer de páncreas: “El anuncio se ha salido de madre”, eldiario.es, 2026ko otsailaren 5a.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.