Josefa Jiménez Cisneros: iraganaren aztarnen atzetik ibiltzen zen bidaiaria
Garai batean, emakume espainiarrek adingabeen tratamendua jasotzen zuten: beti zeuden tutoretzapean, eta, ahal izanez gero, etxe esparruan bilduta. Hala ere, gutxi batzuek patu hori saihestea eta erreferente zientifiko bilakatzea lortu zuten. Horixe da, hain zuzen, Josefa Jiménez Cisneros cadiztarraren kasua. Aitzindaria izan zen Gerra Zibilaren ostean hondatuta zegoen herrialdean. Izan ere, denbora gutxian, Cádizko iraganaren hondarren hondeaketetako lehen komisario bihurtu zen. Josefaren lanak ezinbestekoak izan ziren Mendebaldeko hiri habitatu zaharrenaren historia ezagutzeko; izan ere, feniziarrek sortu zuten Kristo aurreko 1100. urtearen inguruan.
Jiménez Cisnerosek Cádizko lehen karta arkeologikoa egiteaz gain, Afrikako iparraldeko aztarnategietan ere lan egin zuen, bai eta Centre National De La Recherche Scientifique (CNRS) zentroan kolaboratu ere, Frantziako ikertzaile garrantzitsuekin batera. Rara avis bat zen gizonek menperatutako espazio zientifikoan, baina bera trebetasunez eta berezko agintaritzaz ibiltzen zen esparru hartan, jasotako testigantzen arabera.

Ez daukagu bere haurtzaroari buruzko daturik, eta ez dakigu zerk bultzatu zuen ikasketekin aurrera jarraitzera, garai hartan emakumezko gazte gutxik egiten baitzuten hori. Badakigu, ordea, 1916ko urtarrilaren 7an jaio zela Cádizen, eta 1948an, 32 urterekin, Filosofia eta Letretan eta Filologia Klasikoan lizentziatu zela Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Jaioterrira itzuli eta urte berean izendatu zuten Cádizko Hondeaketen Komisario; eta, aurrerago, Andaluzia osokoa izan zen. Enkargu oso pertsonalistak ziren, frankismo garaian ohikoak zirenak: komisarioek arkeologia lan guztiak koordinatzen zituzten; baina, horrez gain, haiek erabakitzen zuten non gauzatzen ziren eta haiek kontrolatzen zituzten, beren jurisdikziopeko ondare arkeologikoaren administrazioaren arduradun gisa. Josefa 1954 arte izan zen komisario, eta bere aurretik lanpostu hori gizonezkoek bete zuten soilik.
Aldi horretan, abian zituen hondeaketa guztiak baliatu zituen bere doktorego tesia egiteko, zeinaren gaia hauxe zen: antzinateko Cádizko historia. Urte horietan kanpaina ugaritan parte hartu eta zuzendu zituen garai punikotik musulmanera arteko aztarnategietan. Izan ere, 1940 eta 1970eko hamarkaden arteko Cádizko arkeologia klasikoaren benetako aitzindaritzat hartzen dute. Horrez gain, garai erromatarreko artisautza espazioetan fokua jarri zuen eta anforetan idatzitako epigrafian arreta jarri zuen lehen pertsona izan zen. Ikerketa horiek guztiak oso baliagarriak izan zitzaizkion Cádizko lehen karta arkeologikoa egiteko. Josefa da kartaren egilea, eta karta bere ibilbideko mugarrietako bat da, zalantzarik gabe.
Hauek dira egin eta/edo zuzendu zituen hondeaketetako batzuk: Cádizko badiako buztingintzako zentrorik handiena, Puerto Real eremuan; Los Corrales hondartzako lurperatze punikoak, San Severianon; eta Los Glacis eta Santa María del Mar arteko lurren ebaketetan aurkitutako nekropoli erromatarra. Hondeaketak egin zituen, halaber, Cortijo de la Velan, Cádizko El Bosqueko finkan eta Casas Viejaseko Tajo de las figurasen, eta labe erromatar batzuk ere aurkitu zituen. Azken horiek, tamalez, autobide baten azpian lurperatu ziren geroago. Baina, gutxienez, hari esker, dokumentatuta geratu ziren.
Cádizko probintziaren gainerakoan, Josefak hondeaketak egin zituen Bateriaren Muinoan eta Martirren Muinoan San Fernandon, egun Puerto Realeko Puente Melchor aztarnategi gisa ezaguna dena. Cádizko badiako buztingintzako zentro handienetako bat da. Horrez gain, leku hauetan ere egin zituen lanak: Rancho de la Bolan; Asta Regian, Jerez de la Fronteran; eta Puntilla del Saladon, Rotan.
Arkeologo bidaiaria
Hondaketak egin zituen, halaber, bere probintziaz harago, bai herrialdeko beste enklabe batzuetan, bai atzerrian. Frantziako Institutuaren beka bat jaso ondoren, ikerketa eta irakaskuntza uztartzen hasi zen. Horri esker, bizimodua ateratzen zuen frantseseko eskolak ematen bere hiriko Rosario Institutuan. Eta hizkuntza hori menperatzeak ireki zizkion, hain zuzen, Frantziako hondeaketa arkeologikoetan parte hartu ahal izateko ateak. Egonaldia egin zuen Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) zentroan, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) emandako beka bati esker. Itzuli zenean, harremana mantendu zuen garai hartako arkeologo prestigiotsuekin, hala nola Charles Picard helenistarekin edo garai erromatarreko aditu Fernand Benoit eta Albert Grenierrekin, benetan baloratzen baitzuten Josefaren lana.
Bidaiari nekaezina zen. Badakigu hondeaketetan parte hartu zuela Marokon, Tripolin (Libano) eta Kartagon (Tunisia), emakumezko zientzialariek horrelako abenturei ekitea ohikoa ez zen garai batean. Esploratzaile sena zuen: ez daukagu xehetasunik horri buruz, baina zenbait iturrik aipatzen dute Antartikan izan zela munduko bazter horretara ia inor joaten ez zen garaian, eta Indonesian ere ibili zela.

Hurbilago, Cádizen, arkeologiako beste aitzindari baten lagun egin zen: Concepción Blanco; Cádizko Arkeologia Museoko zuzendaria eta hondeaketen ikuskaria izan zen. Elkarrekin sortu zuten estrategia bat ikerketa zientifikoaren munduan bizirik ateratzeko, eta, batez ere, gizonezko berdinek balora zitzaten. Garai hartan, ausardia handiko urratsa zen hura. Ezagutu zutenek esaten dute emakume isila zela, baina baita oso txeratsua eta eskuzabala ere. Esaten dute zizelkatzea, pintatzea (Arte Ederren Eskolan ikasi zuen) eta musikaz gozatzea maite zuela. Hil eta urte batzuk geroago, bere jaraunsleak 725 argazki, 164 marrazki, 254 irudi, 20 mapa, 32 diapositiba, planoak, krokisak, 300 kalko epigrafiko inguru, film biribilkiz beteriko bi kutxa eta landa koaderno bat eman zizkion dohaintzan Cádizko Unibertsitateari, erakundeak kontserbatzeko. Josefaren marrazkietako asko aurkitutako objektuen marrazkiak ziren, eta, egun, benetako artelantzat hartzen ditugu.
Une hartan ohikoa zenez, Ikasketa Cadiztarren Institutuko kide izan zen. Institutuak 1980 arte funtzionatu zuen, probintziaren historiaren eta kulturaren berri emanez. Horrez gain, Bibliotekako zuzendari ere izan zen 1974 eta 1978 artean, hain zuzen ere, Gai Cadiztarren atalekoa. Aldi horretan, antolakuntza, katalogazio, inbentario eta funtsen plangintzako lanak egin zituen. Institutua Cádizko Probintziako Diputazioaren Kulturako Probintziako Fundazioak ordeztu zuen, eta azken horrek zaintzen du, egun, ondare hori.
Josefa Jiménez Cisneros 2002ko urriaren 10ean hil zen, 86 urterekin, bizitza eman zuen hirian bertan. 2010ean, bere iloba Patricia Díazek aipatutako material guztiak eman zizkion UCAri. Eta han digitalizatu dituzte arkeologoaren ikerketetan interesa duen orok kontsultatu ahal izateko.
2019an, Cádizko Arkeologoen Elkargoak hiriko udalari eskatu zion arkeologoaren izena jar ziezaioten kale bati, iraganari buruzko ezagutzaren jaraunspen handia utzi zuelako eta atea ireki zielako bere ondotik etorri ziren emakumezko beste arkeologo askori. Azkenik, bi urte geroago, 2021ean, izena jarri zioten kaleari. Egun, pertsona asko ibiltzen dira kale hartatik azpimarratu behar den balioa duten arkeologoaren merezimenduak ezagutu gabe.
Iturriak:
- Girón Anguiozar, Lourdes (2021). María Josefa Jiménez Cisneros, ArqueólogAs
- Ceballos Cuadrado, Antonia (2021). Una calle en Cádiz para la arqueóloga María Josefa Jiménez Cisneros, La Poderío, 2021ko urriaren 5a
- Cáceres, Isabel (2021). La primera carta arqueológica de Cádiz: María Josefa Jiménez Cisneros, Algo más que huesos, 2021ko urtarrilaren 7a
- León, Virginia (2010). La UCA recibe el legado inédito de la arqueóloga Josefa Jiménez Cisneros, Diario de Cádiz, 2010ko martxoaren 18a
- María Josefa Jiménez Cisneros, Wikipedia
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 28an: “Josefa Jiménez Cisneros: una viajera tras las huellas del pasado”
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.