Hezurretan sustraitutako zantzuak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Hezurretan sustraitutako zantzuak

Mediterraneoan ohikoak diren zenbait landarek marka bereziak uzten dituzte hezurretan, eta horiek erabili daitezke gorpuzkiak zeuden ingurua ondorioztatzeko.

Genero beltzaren zale gehienek Patricia Cornwell idazlearen The Body Farm izeneko liburua ezagutzen dute. Bertan, fikziozko Scarpetta auzitegi medikuak serie hiltzaile baten pista jarraitzen du Ipar Carolinan (AEB). Liburuari izena ematen dion elementua, berriz, toki makabro bezain errealean oinarrituta dago: Tennesseeko unibertsitatearen Decay Research Facility izenekoan. Bertan, denboran zehar giza gorpuak nola deskonposatzen diren aztertzen dute, eta antzeko ikerketa egitasmoak zabaldu dira dagoeneko munduan zehar.

Tafonomiaren inguruko ikerketetan lagungarriak dira horrelako azpiegitura bitxiak. Organismo baten hondakin biologikoak nola eraldatzen diren aztertzen duen diziplina da hori. Besteak beste, gorpuen deskonposizioa, fosilizazioa edota harraparien jarduera ikertzen ditu. Funtsean, bizidun bat hiltzen denetik haren arrastoak desagertu edo fosildu arte gertatzen den guztia du ikerketa gai.

Hezurretan
1. irudia: mahastien kasuan, sustraiek adabaki marroi irregularrak, zirkulu itxurako markak eta lorratz zuzenak eragin dituzte. (Argazkia: Juanma Gallego)

Bada, ikerkuntzaren arlo berezi horretan ere pixkanaka aurrerapen berriak ezagutarazten ari dira. Horren adibide bikaina dakargu oraingoan: Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionaleko ikertzaileek nazioarteko talde bat koordinatu dute, eta alor honetako hamar urtera arteko esperimentu baten berri eman du.

CSIC ikerketa erakundeak La Higueruelan (Toledo) duen esperimentazio eremu batean orein saihetsak lurperatu dituzte hiru landare motaren azpian: zurbeltzak (Quercus ilex), olibondoak (Olea europaea) eta mahastiak (Vitis vinifera). Hezur horiek 25 eta 50 zentimetroko sakoneran lurperatu dituzte hiru denbora luzeratan: urte batean, hirurteko batean eta hamarkada batean. Behin denbora horiek pasata, hezurrak lurpetik atera eta horietan gertatutako aldaketak mikroskopia optiko eta elektronikoaren bitartez aztertu dituzte.

Plos One aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean baldintza naturaletan sustraiek hezurretan uzten dituzten markak aztertzeko egin duten esperimentu horren berri eman dute ikertzaileek. 2012an hasi ziren hezurrak lurperatzen. Diotenez, epe luzera egiten den horrelako lehen esperimentuetako bat izan da orain ezagutzera eman duten hau. Egiaztatu ahal izan dute hiru landare horietako bakoitzak berezko marka propioak uzten dituela hezurretan. Oro har, marken ezaugarriek aukera ematen dute inguruko landaredia mota bereizteko. Hala, landare belarkarek patroi trinkoagoak eta bihurriagoak sortu dituzte. Zuhaitz eta zuhaixken kasuan, berriz, utzitako aztarnak ez dira horren korrosiboak, eta toki zehatzagoetan ageri dira.

Orain arte adituek horrelako markak ezagutzen bazituzten ere, ez zegoen jakiterik zein landare motak egindakoak ziren. Orain, ordea, marka hauetako bakoitza zenbait espezierekin lotzeko moduan egon dira. Landare mota bakoitzak utzitako arrastoen gaineko ezagutza izatean, ikertzaileek aukera izango dute ondorioztatzeko hezurrak zer nolako landaredia eremuan egon diren, edo, behintzat, ezagutza horretara hurbilpen bat izateko.

Espeziez espezie, zurbeltzaren kasuan, bere sustrai sakonek lorratz bihurriak uzten ditu, bai eta puntu marroiak ere. Gainera, lorratzen inguruan arrakala txikiak sortzen dira. Sakontasuna gero eta handiagoa izan, orduan eta intentsitate gehiago azaltzen du fenomenoak.

Olibondoen kasuan —espezie honen sustraiak azaletik gertuago geratzen dira—, sustraiek uzten dituzten markak zuzenak dira, eta azalekoak. Gainera, soilik hilobiratze sakonetan agertzen dira, 50 zentimetro baino gehiagokoetan. Olibondoekiko lotura frogatzeko moduan egon ez badira ere, konturatu dira hezur horien inguruan onddo hifak agertu direla.

Sustrai indartsuak dituztenez, mahastietan aurkitutakoak, berriz, oso bestelakoak izan dira: adabaki marroi irregularrak, zirkulu itxurako markak eta lorratz zuzenak. Hezurren barruan arrakalak aurkitu dituzte, eta, zenbaitetan, hezurretan sustrai arrastoak geratu dira. Gainera, marken intentsitatea ez dago lotuta sakonerari, hezurrak lurperatu zirenetik igarotako denborari baizik.

Landare bakoitzak hezurretan utzitako arrastoak aztertzeaz gain, aldez aurretik analizatutako beste hainbat landare motatan utzitako arrastoekin alderatu dute ikusitakoa.

Hezurretan
2. irudia: sustrai mota bakoitzak berezko markak uzten ditu hezurretan. Arkeologian, paleontologian eta kriminalistikan lagungarria izango dela espero dute. (Irudia: Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionala / CSIC)

Sustraietan sortutako eragin hau ulertzeko, aintzat hartu behar da landareak hezurren mineralez baliatzen direla nutrienteak eskuratzeko. Hala, sustraiek lur azpian nutriente horien bila aurrera egiten dutenean, beren arrastoa uzten dute hezurretan. Besteak beste, fosforoa bilatzen dute. Bada, elementu hori hezurretan dagoenez, bertan marka kimiko jakinak uzten dituzten konposatu kimikoak askatzen dituzte, hezurretan narriadurak eta markak utziz.

Sara Garcia Morato egilearen arabera, orain arte ezagutzen zen sustraiek zer nolako markak uzten dituzten, baina markak ez ziren bereizten landarearen arabera. “Marka horiek inguru nagusia islatzen dute, eta horrek ingurumen adierazle oso baliotsuak bihurtzen ditu; aukera ematen digute jakiteko inguruan zer gertatu zen, aztarnategiaren maila bakoitzean ikusten ditugun adierazleen arabera”, nabarmendu du Yolanda Fernandez Jalvo zientzialariak. Modu berean, denboran zehar ekosistemen bilakaera ezagutzeko modu bat izan daitekeela dio.

Aplikazio bikoitza du garapenak: ikertzaileek espero dute arkeologian zein auzitegi medikuntzan erabilgarria izango dela. Kasurako, arkeologiaren alorrean, aztarnategi bat zegoen habitata xehetasun gehiagorekin ondorioztatu ahalko da, garai bateko aldaketa klimatikoen berri izanik. Paleontologiaren alorrean, aintzat hartu behar da hezurrak fosildu egiten direnean marka horiek ere mantendu ohi direla, eta hori, noski, abantaila handia izango da adituentzat.

Baina markak lehen urtean bertan agertzen direnez, auzitegi medikuentzat ere erabilgarria izan daiteke ezagutza hau. Besteak beste, zenbait kasutan, hemendik aurrera errazago ebatzi ahalko da hezurrak lurperatu ostean tokiz aldatu ote diren, bai eta heriotzatik igaro den denbora kalkulatu ere. Denbora luzez egindako horrelako esperimentuak funtsezkoak izan daitezke kriminalistikaren alorrean aritzen direnentzat.

Esperimentu honek jarraipena izango du denboran, eta, horrela, beste hainbat landarek eragindako markak bereizten ahaleginduko dira zientzialariak. Hala, sustraiek eragindako aztarnen datu base bat eraiki nahi dutela aurreratu dute zientzialariek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Macho-Callejo, Alba; Marin-Monfort, Dores; Gutiérrez, Aida; García-Morato, Sara; Fernández-Jalvo, Yolanda (2026). First steps towards distinguishing Mediterranean vegetation root marks on bones: An experimental approach. PlosOne. DOI: 10.1371/journal.pone.0351568


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.