Van Goghen artelanak egiaztatzeko algoritmoa
Mihisean agertutako pintzelaren trazuak aztertuz, ikertzaileak gai izan dira Van Gogh faltsu eta egiazkoak bereizteko.
Artearen historian sarritan faltsutu dira Vincent Van Goghen lanak, merkatuan prezio oso altua duten artelanak direlako. Bere bizitzan, Van Goghek ez zuen ia margolanik saldu –Mahasti gorria da ezagutzen den salmenta formal bakarra-, eta margolanetako asko Theo anaiari eman zizkion. Lagunei ere eman zizkion beste hainbat, eta margolan batzuk ere abandonatuta utzi zituen. Gainera, ekoizpen izugarri handia izan zuen: hamarkada baten bueltan ia bi mila artelan sortu zituen, olioan zein paperean. Horrek eragin zuen margolan askori pista galdu izana; ondorioz, anabasa handia egon da bere ekoizpenari dagokionez, faltsupenen agerpena erraztuz.

1997an The Art Newspaper egunkariaren analisi batek ebatzi zuen mundu osoko museo eta arte galeriatan gutxienez Van Goghenak ez diren 45 artelan daudela eskegita, eta aditu askok behin baino gehiagotan ohartarazi dute artista askorekin beste horrenbeste gertatzen dela.
Artelanen azterketa zientifikoak agertu arte, margolan bat artista batena ote zen ebazteko zeuden irizpideak funtsean jatorria -agirien bitartez artelanaren ibilbidea jarraitu ahal izatea- eta adituek atzemandako estiloa ziren. Baina horrek ez du beti zertan fidagarria izan. Kasurako, 1928an Otto Wacker arte merkatariak Van Goghenak omen ziren 33 margolanez osatutako erakusketa bat prestatu zuen Berlinen. Bada, margolarian aditu esanguratsuek berretsi zuten horiek benetan Van Goghen margolanak zirela, baina gerora jakin zen horiek guztiak faltsuak zirela.
Azken hamarkadetan, zientzia analisiek gero eta protagonismo handiagoa hartu dute. Bereziki margolanen kasuan, pigmentuen analisiak eta argi bidezko azterketak funtsezko elementu bilakatu dira egiletzak ebazteko. Adituen begi ona oraindik ezinbestekoa den arren, begi bistan ez dauden patroiak ezagutzea erabakigarria izan daiteke, eta horretan sakondu du orain Hauts-de-France (Frantzia) unibertsitate politeknikoko ikertzaileek Surface Topography: Metrology and Properties aldizkarian aurkeztu duten zientzia artikulu batek.
Berariaz Van Gogh faltsuak atzemateko garatu duten teknika azaldu dute bertan. Zehazki, eraiki duten algoritmoa gai da begientzat ikusezinak diren aztarnak atzemateko: mihisean trazaduraren jarraikortasuna eta ehundura eragiten dituzten aztarnak detektatzeko, hain zuzen ere. Mihisearen azalean geratzen diren patroi mikroskopiko horien analisian oinarritu dute faltsutasuna edo egiatasuna ebazteko teknika, margolanaren laginak hartu behar izan gabe.
Orotara, bederatzi artelan erabili dituzte; analisia egiteko, gainera, ez dute jatorrizko lanekin lan egin behar izan, eta nahikoa izan dute bereizmen handiko argazkiak erabiltzearekin. Bereizmen handiko irudi horiek hiru dimentsioko mapa antzeko batera eraman dituzte. Horretarako, dimentsio fraktalez baliatu dira. Funtsean, teknika horrek neurtzen du azalaren egitura nola aldatzen den behaketa eskala aldatzen denean.

Ez dute egile nederlandarra ausaz aukeratu. Arrazoia da Van Goghek impasto izeneko teknika erabiltzen zuela, mihisearen gainean gailentzen diren pintura geruzak erabiliz: are, norabide bakarrean trazu lodiekin margotu zituen bere margolan gehienak. Bere pintzelak itzalak eta erliebeak uzten zituen, eta horregatik analisi fraktala egiteko artelan oso egokiak dira. Analisi guztiaren gakoa artista bakoitzaren pintzelak uzten dituen berezko patroiak dira. Hala, pixel bakoitzaren grisaren intentsitatearen arabera, altuera bat eman diote elementuari. Modu horretan, sistemak mapa kuantitatiboak sortzen ditu. Pintzeladek sortutako patroiak atzematean, horiek artistaren sinaduraren parekoak dira. Egileek erabili duten hizkeran, pintzelaren sinadura morfologiko baten modura funtzionatzen dute patroiek.
Horrela, analisi estatistikoa erabiliz, Van Goghek margotutako artelanak eta faltsuak bereizteko moduan egon dira. Emaitzek Nekazariak margolanean aurkitu dute anomalia handiena. Margolan hori asko desbideratu da beste artelanetatik —Z balorea –2,336 izan da—, eta hori bat dator bere atribuzioarekin: ezaguna da faltsututako artelana dela. Egunsentia Montmajourren koadroari dagokionez, balio hori 1,64 izan da, egiazkotasunaren aldeko adierazle indartsu izanik. Eta duela gutxi, hain zuzen, frogatu da koadro hori artista nederlandarrena dela.
XVII. mendeko David Klöcker Ehrenstrahl margolariaren hainbat lan aztertu dituzte ere, eta ikusi dute estatistikoki aldeak badirela bi margolarien artean. Hortaz, sinetsita daude garai eta estilo desberdinetako artistei aplikatu ahalko zaiela metodologia hau.
“Analisi fraktalak artistaren pintzelkaden aztarna neurgarri bat ematen digu, koadrotik laginak hartu edota ukitu beharrik gabe. Honek ez du ordezkatuko aditu tradizionalen ezagutza, baina nabarmen indartuko du”, babestu du François Berkmans ikertzaileak. Ikerketa argitaratu duen IOP Publishing taldearen arabera, analisi mota honek objektibotasuna eta zientziaren babesa emango die peritu edo tasatzaileen ohiko jardunari.
Erreferentzia bibliografikoa:
Preserving Van Gogh’s Painterly Heritage: Topographical and Fractal Insights in Authentication. Surface Topography Metrology and Properties. DOI: 10.1088/2051-672X/ae7136
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.