Suntsipenez

Zientziaren historia

XVII. mendearen bigarren zatian eztabaidatu zen lehen aldiz fosil gisa topatutako espezie batzuk aspaldi denboraren poderioz suntsituriko espezieak ote diren. Garai horretan, gaur egun fosil deitzen ditugunak objektu bizigabeez eta bizidun izandakoez osatutako objektu-sailkapen zabalenetik bereizten hasi ziren. Hala ere, espezie-suntsipenaren kontzeptua ez zetorren bat sakon errotutako naturaren osotasunaren ideia filosofikoarekin, ez eta sorreraren perfekzioaren ideia erlijiosoarekin ere. Azterlari gutxi batzuek onartzen zuten —Robert Hooke-k, adibidez—, ez zegoela kontraesanik suntsipenaren eta sorreraren perfekzioaren artean, aintzakotzat hartzen baitzuten espezie batzuk galtzean beste batzuk sortu zirela.

suntsipenez
Irudia: Egun, paleontologoek sei espezie-suntsipen masibo eta suntsipen partzial asko onartzen dituzte Lurraren bizitzaren historian. Suntsipen horiek eboluzio-ereduen edo makroeboluzioaren ikerketaren funtsezko parte dira.

XVIII. mendean zehar, eztabaidatzen jarraitu zen suntsipenik izan ote zen. Halaber, fosilen jatorria organikoa ote zelako gai korapilatsuak ere eztabaidagai izaten jarraitzen zuen; jarrera horrek gero eta jarraitzaile gehiago zituen, baina baita eragin handiko eszeptiko asko ere. Bistakoa zen garrantzi handiko frogak behar zirela auzia erabakitzeko. Eta horixe egin zuen Georges Cuvier-ek XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, froga eztabaidaezinak eman baitzituen Megatherium generoko eta Mammutidae familiako ugaztun handien suntsipenaren inguruan (antzina Mastodontidae deituak). Cuvierrek anatomia konparatuaren tresnak erabili zituen, animalia horiek beste espezie biziak ez bezalakoak zirela argudiatzeko; eta, haren ustez, animalien tamaina eta lurraren lehorreko zatia sistematikoki esploratua zela kontuan izanda, ez zen oso gertagarria animalia horien ondorengoak planetaren bazter-lekuetan bizirik aurkitzea.

Jean André Deluc-ek aurreratua zuen ideia bat baliatuz azaldu zuen Cuvierrek espezie-suntsipena. Delucen arabera, Lurrak zenbait “iraultza” jasan zituen, bizi-baldintzak errotik aldatu zituztenak. Delucen ustez (baina ez Cuvierren ustez) suntsipen horietako azkena Uholde Unibertsala izan zen.

Beste geologo batzuek, hala nola Giovanni Battista Brocchi-k eta Charles Lyell-ek, uste zuten espezieek iraupen mugatua zutela, espezie bateko banakoek bizi-itxaropen mugatua eta antzekoa duten bezala.

Cuvierren ikuspegitik, suntsipenak izan direla onartzeak baztertu egiten zuen espezie zaharrak espezie berri bihurtzeko aukera bera, zeina Jean Baptiste Lamarck-ek eta beste naturalista batzuek defendatzen baitzuten. Hori guztia aldatu egin zen Charles Darwin-ek eraldaketadun ondorengotzaren kontzeptua ezarri zuenean. Darwinen Espezieen jatorriaz (1859) liburuaren arabera, suntsipena zen hautespen naturalezko eboluzioaren bi ondorio posibleetako bat, bestea eraldaketa zelarik.

XX. mendeko 70eko urteak arte, biologoek eraldaketa azpimarratu zuten, eboluzioaren alderdi positiboa alegia, eta praktikan suntsipenak ahaztu zituzten, alderdi iluna. Egoera hori guztiz aldatu zen 1980an, Alvarez hipotesia formulatu zenean.

Alvarez hipotesia Luis Alvarezek eta Walter Alvarezek proposatu zuten, Frank Asaro eta Helen Vaughn Michael-en laguntzarekin. Hipotesi horren arabera, Lurraren eta kometa baten (edo asteroide baten edo asteroide-multzo baten) arteko talka katastrofikoak eragin bide zuen dinosauroen desagerpena duela 65 milioi urte. Gizakiek beste espezie askoren suntsipenean jokatutako rolarekiko interesa handitzen ari zen une batean, Alvarez hipotesiak suntsipenen dinamikarekiko interesa berritu zuen.

Gaur egun, paleontologoek sei espezie-suntsipen masibo eta suntsipen partzial asko onartzen dituzte Lurraren bizitzaren historian. Suntsipen horiek eboluzio-ereduen edo makroeboluzioaren ikerketaren funtsezko parte dira.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

1 iruzkina

  • […] duten ondorioak hobeto behatzeko, Standford Unibertsitateko Jonathan Paynek eta bere taldeak, erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute. Moluskuen eta itsasoko ornodunen 2.497 espezie […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.