XIX. mendeko emakume berritzaileek botanikari buruz idatzi zuten (I)

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

6 min

XIX. mendeko emakume berritzaileek botanikari buruz idatzi zuten (I)

XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara bitartean, botanikan interesa zuen emakume talde bat gai horretan adituak ziren irakurle aktiboen talde gero eta handiago baten parte zen. Horrez gain, landareen munduarekin estuki lotutako gaiei buruzko idazle eta dibulgatzaile gisa jardun zuten. Profesional maskulinoek (oso gutxitan aitortzen zizkieten haien ekarpen akademikoak) beren asmoak zapuztu eta geldiarazi gabe, beren lanak editatzeko eta interesa zuen publikoarekin (publiko hori ere gero eta ugariagoa zen) partekatzeko modua bilatu zuten.

Bultzada horri esker, botanika zientziaren “aitzindarietako” bat bihurtu zen, honako hauek frogatuta: talentuak generorik ez duela eta metodo zientifikoa ondo erabiltzea ez zela jainkoen helburu eztabaidaezinen ondorio, ezta elite eta zirkulu alfertuen permisibitatearen ondorio ere. Idazkietan eta iritzietan egindako ekarpenen kalitate onak pixkanaka hautsi zuen “egia ofizialtzat” jotzen zirenen artifizialtasuna.

Jarraian, adibide gisa, loturarik gabeko emakume zientzialari “aske” horietako bi, emakumeen prestigioaren aldeko bide berriak ireki zituztenak, ezagutuko ditugu:

Priscilla Bell Wakefield (1751-1832), idazle jakintsua

Londreseko Tottenham auzoan jaio zen 1751ko urtarrilaren 27an Daniel eta Catherine Bellen alaba, eta Priscilla izena jarri zioten. Gerora, Priscilla Bell Wakefield izenarekin egin zen ezagun, Edward Wakefield (1759-1826) Londreseko merkatari ospetsuarekin ezkondu ondoren. Bi seme eta alaba bat izan zituzten.

1. irudia: Priscilla Wakefield. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Helduaroan, gai askori buruzko idazle oparo bihurtu zen. Botanikako eta historia naturaleko ezagutza handiak eskuratu zituen. 1796tik 1832an hil zen arte, liburu ugari argitaratu zituen. Ezagunenetako bat Botanikarako sarrera (Introduction to Botany, 1796) izan zen. Patricia Farak deskribatu duen bezala, liburua orrialde osoko marrazkiekin zegoen ilustratuta, aukeratutako landarearen atalak xehetasunez erakutsiz.

Liburu hartan, Bell Wakefieldek Linneoren sailkapen sistema hartu zuen oinarritzat, eta, aldi berean, diziplina horren onurak nabarmendu zituen. Horretarako, honako hau adierazi zuen: “botanika historia naturalaren adar bat da, eta abantaila ugari ditu; gorputzaren osasunari eta izaeraren alaitasunari laguntzen die, aire freskoa hartzera eta ariketa egitera bultzatzen duelako; oinarrizko gaitasunetarako egokia da, eta ikergai dituen objektuak gasturik eta zailtasunik gabe eskura daitezkeenez, egoera sozial guztientzat eskuragarri dago”.

Ildo horretan, Priscilla Bell Wakefieldek emakumezko irakurleak honako hau egitera animatzen zituen: “egongelatik irten eta landareen artean ibiltzera, ale biziak aztertzera, poltsikoan eramateko bezain txikia den lupa erabiliz”. Horrela, emakume haietako asko lorategietan eta bide ertzetan ibiltzen hasi ziren, espezimenak bildu eta identifikatzen zituzten bitartean, lupaz arretaz aztertuz. Botanikarako sarrera lanak sekulako arrakasta izan zuen. Argitaratu eta bost urte eskasera, 1801ean, frantsesera itzuli zuten, eta 1841erako hamaika edizio agortuak ziren, Londa Schiebinger zientziaren historialariak gogorarazi duenez.

Priscilla Bell Wakefield XVIII. mendearen amaieran emakumeentzat “bizitza zabalagoa” eskatzen hasi ziren lehen emakume idazle ingelesetako bat ere izan zen. 1798an, feminismoari buruzko liburua argitaratu zuen, Emakumezkoen egungo egoerari buruzko gogoetak (Reflections on the Present Condition of the Female Sex) izenburupean. Lan horretan emakumeek ekonomikoki independente izateko aukerekiko interesa erakusten badu ere, gizartean emakumeek bete beharreko zereginari buruzko pentsamendu tradizionalari eutsi zion. Wakefieldek emakumeek mundu modernoan zituzten lan aukerak aztertu zituen Adam Smith (1723-1790) ekonomialari eta filosofo eskoziarraren idazkietan oinarrituta, eta emakumeentzat hezkuntza sakonagoa defendatu zuen. Hala ere, idazlearen ustez, hezkuntza on baten abantaila nagusia emakumeak emazte eta ama hobeak bihurtzea zen; ez zuen, beraz, korrontearen aurka egin, emakumeentzako prestakuntzak beren “bizitzeko espazio” autonomoa izateko aukera ematen zuela defendatuz.

Priscilla Bell Wakefieldi ospe handia eman zion beste alderdi bat haurren munduari eskainitako zientzia liburuak izan ziren. Gai horri buruz idatzi zuen lehen emakumea izan zen, eta haren lanek hedapen handia izan zuten. 1832an hil zen idazle oparo hura, ondorengoengan eragin nabarmena izan zuen ondare aberatsa utzita.

Jane Haldimand Marcet (1769-1858), zientzia pasioz dibulgatzen

Londreseko familia aberats eta ikasi batean jaio zen Jane Haldimand Marcet, 1769an. Aita bankari oparoa zen: Anthony F. Haldimand (1740/41-1817); amari buruz, Jane, berriz, oso gutxi dakigu (1785ean hil zela bakarrik). Txiki-txikitatik, etxean bertan hezkuntza ona jaso zuen, tutore pribatuen eskutik. Anai-arrebekin batera, latina ikasi zuen, garai hartan zientzietarako ezinbestekoa zena, baita kimika, biologia eta historia ere. Horrez gain, garai hartako Ingalaterran emakume gazteen prestakuntzarako beharrezkotzat jotzen ziren gaiak ere irakatsi zizkioten. Era berean, 1796an Italiara egindako bidaian, arteari buruzko oinarrizko ezagutzak eskuratzeko aukera izan zuen; ezagutza horiek gero baliagarriak izan zitzaizkion bere liburuak ilustratzeko. Botanika eta kimika izan ziren bere pasio nagusiak, baina gizarte zientziekiko interesa ere erakutsi zuen.

Jane Haldimand
2. irudia: Jane Haldimand Marcet. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

30 urterekin, Alexander Marcet (1770-1822) medikuarekin ezkondu zen. Alexander Edinburgoko Unibertsitatean graduatu zen 1797an. Ezkondu ondoren, Londresen jarri ziren bizitzen, eta etxean tertulia antolatzen zuten. Bertara literatura eta zientzia arloetako pertsona ospetsuak joaten ziren, baita emakume idazleak ere, hala nola Mary Somerville (1780-1872), Harriet Martineau (1802-1876) eta Maria Edgeworth (1768-1849). Elizabeth Morsek deskribatu duenez, emakume horiek, denboraren poderioz, emakumeen eskubideen alde egiteagatik ospetsu egingo ziren.

Jane Haldimand Marcet bereziki oroitzen da zientziari buruzko bere sarrera liburu entzutetsuek sekulako arrakasta lortu zutelako. Hain zuzen ere, liburu haiek interesa zuen publikoaren artean hedapen handia izan zuten lehen “eskuliburutzat” hartu izan dira. 1829an argitaratu zen lehen aldiz Landare Fisiologiari buruzko Elkarrizketak (Conversations on Vegetable Physiology) izeneko lana, bi liburukik osatzen zutena. Lehen liburukia emakumezko ikasleak botanikan eta nekazaritzan dituen aplikazioetan hasteko gida zen. Haldimand Marcetek ez zuen landareen sailkapenari buruzko aipamen askorik egin; hori beharrean, landareen morfologian eta haien aplikazio praktikoetan jarri zuen arreta. Bigarren liburukian, landareen gaixotasunak, sukaldaritzan erabiltzen ziren landareak, zuhaitzen laborantza eta giza jarduerak floran zituen ondorioak landu ziren. Lan horrek harrera bikaina izan zuen publikoaren artean.

Jane Haldimand Marcetek gai ugariri buruz idatzi zuen, eta haren liburu guztiek egitura bera zuten: gertaerak irakasle baten, Mrs. B. andrearen, eta haren bi ikasleren arteko elkarrizketen bidez aurkezten zituen modu ulergarrian. Egile horren liburuen eragina espero baino askoz handiagoa izan zen. Emakume ikasleei zuzenduta zeuden bereziki, zientzia emakumeentzat desegokia zela zioen ideia nagusiari aurre egiteko asmoz; hala ere, irakurle mota guztiengana iristea lortu zuten, zientzian interesa zuten guztiengana, alegia.

1858ko ekainaren 18an hil zen Jane Haldimand Marcet, 89 urte zituela, alabaren etxean, Londresen.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Mujeres con Ciencia blogean 2026ko otsailaren 25ean argitaratu zen artikulua: “Innovadoras mujeres del siglo XIX escriben sobre botánica”.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.