Fuselajeen fresaketa: erronka hurbila
16000 langile baino gehiago ari dira une zehatz honetan Euskal Herriko sektore industrial batean, eta kopurua gora doa urtez urte. Zeinetan? Aeronautikoan. Zein da haien erronka nagusietako bat? Zalantzarik gabe, fuselajeen fabrikazioa.
Fuselajeen fabrikazioa, hots, hegazkinen azala izango diren piezen fabrikazioa punta-puntako erronka dugu. Pieza hauek fabrikatzeko teknologia fresaketa mekanikoa da. Bertan materiala txirbil-harroketa bidez kentzen zaio piezari desiratutako forma eta neurriak eman arte. Adibidez, fuselajearen piezak altzairuzko xafletatik abiatuta fabrikatzen dira, zeini fresaketa bidez lodiera txikitzen zaien, ahalik eta gehien, milimetro gutxietaraino ere.

Zergatik da hain garrantzitsua fuselajeen lodiera txikia?
Hasteko, zenbat eta trinkoagoa eta pisu gutxiagokoa fuselajea, orduan eta pisu gutxiagokoa izango da ere hegazkina eta, ondorioz, baxuagoa bere kontsumo energetikoa. Fuselajeen fresaketak, beraz, hegazkinaren bizi-ziklo osoari eragiten dio. Gainera, fuselaje hauei fabrikazio-perdoi zorrotzak ezartzen zaizkie, aerodinamika eta segurtasun zioengatik.
Baina ―eta hemen agertzen da haien fresaketaren erronkarik gordinena― haien lodiera hain txikia izanik, haien zurruntasuna halakoa da ere. Eta honek fuselajearen deformazioa eta bibrazioa erraztu dezake fresaketa-indarren eraginpean. Honek akatsak eragiten ditu, edota pieza fabrikazio-perdoietatik kanpo geratzea. Gainera, fuselajeak ez du beti berdin bibratzen fabrikazioan zehar, etengabe ari baita materiala galtzen txirbil-harroketaren ondorioz. Beraz, bibrazioa gure etsaia da, eta etsai hau etengabe aldatzen doa, mutatzen duen birus gaiztoa bezala. Birus hau garaitzea erronka nagusia da, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai materia eta energia aurreztea jomuga duen ikuspuntu ekologikotik.
Baina, zer egin bibrazioak eta deformazioak ekiditeko?
Bi teknika nagusi plazaratu dira: tresneria egokia erabiltzea eta prozesuaren azterketa matematikoa.
Tresneriaren erabilera piezak eutsi eta kokatzeko ohikoa da edozein fresaketa prozesuan, baina zoru meheen kasuan tresneriak beste eginkizun bat ere dauka: zoruaren zurruntasuna handitu eta bibrazioak moteldu. Tresneria hauek huts-kopa erregulagarriz osaturiko mahai zabalak dira. Hau dela eta, zoruaren azaleraren zati handiak euskarririk gabe geratzen dira ―huts-kopen artean daudenak, alegia―, zurruntasun txikiegiarekin zehaztasunezko fresaketa zorrotzak burutzeko, sektore aeronautikoan eskatzen den modura.
Bestalde, fresaketa prozesuaren azterketa matematikoa ebaketa-baldintza aproposak kalkulatzeko eta erabiltzeko baliagarria da. Hauek ondo ezagututako teknikak dira.
Arrakasta dute teknika hauek?
Banaka erabilita, ez guztiz. Biak konbinaturik eta prozedura aproposa erabiliz gero, bai.
Tresneriaren ahalmen osoa garatzeko hau fresaketa prozesuaren azterketa matematikoarekin konbina daiteke. Izan ere, bibrazioa berez ez da edonon eta uneoro agertzen, baizik eta soilik zoruaren eremu jakin batzuetan, zurruntasun txikienekoetan. Beraz, tresnerian ahalko lirateke fresaketa eremu egonkorrak zedarritu. Honetarako, zoru meheak fresatu aurretik probak egin daitezke eremu egonkor hauek aurkitu eta mugatzeko. Entsegu-mahai batean, zoru mehea fabrikatu aurretik, ahal dira tresneria moldakorraren baldintzak erreplikatu, eremu egonkorrak zedarritu eta fresaketa-baldintza egonkorrenak zehaztu.
Zein da ondorioa?
Akatsik gabeko aluminiozko fuselaje mehe zehatzak lortzea operazio kritikoa da gaur egungo fuselajeen fabrikazioan, eta helburu ekonomiko eta ekologiko nabarmena. Zoritxarrez, fuselaje hauek deformazioak eta bibrazioak jasaten dituzte ebaketa-indarren eraginpean. Beren zurruntasun txikia eta aldakorrak arazo hauek gaizkiagotzen ditu, eta hauek ekiditeko beharrezkoa da aldi berean tresneria aproposa erabiltzea eta prozesuaren azterketa matematikoa egitea.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Aluminiozko zoru meheen fresaketa: erronkak, teknikak eta gidalerroak.
- Laburpena: Aluminiozko zoru meheek aplikazio industrial ugari dituzte, tartean hegazkinen fuselajean. Haien fabrikazioan hainbat operazio daude, baina azkenekoa da kritikoena. Azken operazio hori fresaketa mekanikoa izaten da, eta erronka garrantzitsuak ditu oraindik ere, batez ere hondar-tentsioek sortzen duten deformazioa murriztea eta ebaketa-indarrek eragiten dituzten bibrazioak ―chatterra batez ere― saihestea, zeinak oso kaltegarriak baitira bai fresagailuarentzat, bai zoru mehearen gainazal-akaberarentzat. Hainbat teknika daude erronka horiei aurre egiteko, batik bat ebaketa-baldintza aproposen aukeraketa, egonkortasun-lobuluen kalkuluaren bidez; eta tresneria eta lokailuen erabilera, zoru meheak zurruntzeko. Dena den, baliteke teknika horiek bibrazioak guztiz ekidin ezin izatea, zoruen zurruntasun izugarri txiki eta aldakorragatik fresaketan zehar. Horregatik, prozedura bat mahaigaineratzen da zoru meheen geometria anitzetara moldatzen den tresneriaren erabilera bultzatzeko. Ondorioz, baldintza egokiekin fresatuz gero zoruan bibraziorik eta akatsik gabeko eremuak zedarritu ahalko dira.
- Egileak: Mikel Casuso Lomas, Antonio Rubio-Mateos, Fernando Veiga eta Aitzol Lamikiz
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 343-352
- DOI: 10.1387/ekaia.27216
Egileez:
Mikel Casuso Lomas eta Antonio Rubio-Mateo TECNALIA ikerketa-zentroko ikertzaileak dira.
Fernando Veiga Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea da.
Aitzol Lamikiz EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
