Agian ez zenekien hainbat elikadura-gehigarri naturan lortuak direla

Dibulgazioa · Mugaldea

Bada nolabaiteko eztabaida etiketetan E marka daramaten gehigarriak dituzten janariei buruz. Badira artifizialak izanda arriskutsuak direla esaten dutenak, baina badira halaber ideia horren aurka sutsuki azaltzen direnak. Artikulu honetan ordea, ezagutzera emango ditugu hainbat E elikagai, Europar Batasunak baimenduak dituenak eta beraz behar bezalako kontrolak iragan dituztenak. Gainera, esan beharrekoa da gehigarri hauek berez daudela hainbat elikagaitan, edo bestela elikagai horietatik ateratzen direla gero gehigarri modura erabiltzeko.

Irudia: Koloratzaileak elikagaien kolorea indartzeko edo aldarazteko erabiltzen dira. Tradizio luzea du elikagaiak koloreztatzeak.
Irudia: Koloratzaileak elikagaien kolorea indartzeko edo aldarazteko erabiltzen dira. Tradizio luzea du elikagaiak koloreztatzeak.

E-100 Kurkumina

Izen bereko landare baten errizoma batetik ateratzen da eta batez ere kolorea emateko erabiltzen da. Urrekara da, ziapearen antzera, eta adibidez curryan sartzen da. Horretaz gain, Indian duela 2.500 urte erabili da, ehunak eta bestelakoak tindatzeko. Izatez, Indian bertan hazten da eta eskualde hori da Kurkumina gehien erabiltzen duena. Medikuntza arloan, ezaguna da kurkumak tumore, artritis eta oxidazioen aurka egiten duela. Diabetesak jotako animalietan behintzat, frogatuta dago gibela eta giltzurrunen funtzionamendua hobetzen duela.

E-330 Azido zitrikoa

Hainbat fruta eta barazkitan dago baina, izenak berak dioenez, batez ere limoia edo laranja bezalako fruta zitrikoetan. Mutxi eta legamia batzuek ere ekoizten dute. Zapore mingotsa du, baina bere propietate bereziei esker, kontserbagile ona da, eta pH-aldaketak leundu egiten ditu. Hau guztia dela eta, janari askotan jartzen da.

Bide batez, C6H807 du formula: sei karbono atomo, zortzi hidrogeno atomo, eta zazpi oxigeno atomo. Horixe ba, sintesi-kimikak ez du zertan kaltegarria izan!

E-140 Klorofilak eta klorofilinak

Klorofila, behe mailako irakaskuntzan ikasten da: landareei berde kolorea ematen dieten pigmentuak, fotosintesia posible egiten dutenak. Eta jakina, bere horretan jarraitzen dute E-140 modura sailkatu ostean ere. Asuna edo soropila bezalako landare-espezie batzuetatik ateratzen da, eta janariei kolorea emateko erabiltzen da. Izan ere, janari batzuk berde ikusi behar dira (bestela erosleak atzera egiten baitu), eta klorofila gehigarriei esker, berde jarraitzen dute janariek, prozesatze eta biltegiratze prozesuek dirauten bitartean.

E-406 Agarra

Itsasoko landareetatik lortutako gelatina bat da. Hainbat alga-espezietako zelula-hormatik ateratzen da. Ur berotan disolbatuta, hoztu egiten da eta gelatinatsu bilakatzen da. Hori dela eta, oso eraginkorra da lodigarri modura hainbat postretan, izozkietan eta zopetan eta beste janari batzuetan ere. Garagardo batzuetan ere jartzen da, mehegarri modura. Hala ere, azpimarratu beharrekoa da batez ere mikrobiologiako laborategietan erabiltzen dela, bakterioen eta onddoen hazkuntza-medio gisa.

Sukaldean ere erabilgarritasun handikoa da, zapore eta kolorerik gabekoa delako, eta beraz ez duelako aldatzen, ez janariaren itxura ez eta zaporea ere. Gainera, bere pisua halako 200-300 aldiz ur gehiago absorbi dezake, eta asko erabiltzen da janari begetarianoan, animalia-gelatinen ordez.

E-967 Xilitola

Egur-azukre modura ezagutu ohi da. Xilosa izeneko azukreak ematen du oxidazio bidez xilitola. Xilosa, giza elikadurarako zortzi azukre funtsezkoetako bat da. Beraiekin batera daude galaktosa, glukosa, manosa, N-azetilglukosimikoa, N-azetilgalaktosaminikoa, fruktosa eta azido sialikoa.

Urkiaren egurretik ateratzen da, baina baita lastotik edo marrubietatik, adibidez. Xilitolak oso erabilgarriak dira janariei gozotasuna ematen dielako, txantxarra sortu gabe. Hori dela eta, txikleak egiteko erabiltzen da, eta frogatuta dago xilitolak geldiarazi egiten dutela txantxarra. Hala ere, laxantea izan daiteke, kantitate handitan hartzen bada. Diabetea daukatenek ere erabil dezakete sakarosaren ordez, ez delako intsulinarik behar sakarosa metabolizatzeko.

E-160a Karotenoak

Karoteno izena ematen zaio terpeno familia handi bati, karotenoa bera delako naturan ugariena dena. Era berean, bera da garrantzitsuena giza dietan. Bere izenari erreparatuta, erraz ondorioztatuko dugu batez ere azenarioetan (karotak) aurkituko dugula eta laranja kolorekoa izango dela. Jan ostean, bitamina modura erabiltzen da epitelioko zelulen eraketan eta mantentzean, eta bai hezurren hazkuntzan, eta larruazalaren mukosen garapenean eta babesean ere.

Jakingarri modura esango dugu Paul Karrer kimikariak finkatu zuela bere egitura 1930ean. Horri esker, Kimikako Nobel Saria eman zitzaion, hango hartan deskribatu baitzen lehendabizi bitamina edo probitamina bat.

E-160a Likopenoa

Hau ere ospetsua da, eta karotenoen taldekoa dugu. Kolore gorriko janari guztietan dago: tomateak marrubiak, sandia, gerizak, piperrak… Antioxidatzailea da eta oxidazio-estresetik babesten ditu giza zelulak. Estres hori erradikal askeek eragiten dute, eta nagusiki azken hauek gaixotasun kardiobaskularren, minbiziaren eta zahartzearen beraren eragileak bide dira. Koloregai gisa erabiltzen da eta horretaz gain, gero eta maizago jartzen ari da aldez aurretik egindako janarietan, jadanik frogatuta baitago uretan disolbaezina dela eta oso lotuta dagoela landare-zuntzekin. Esate baterako, likopenoa errazago asimilatzen da odolean, baldin eta tomateak (latetako saltsa modura edo) jartzen badira gisatuetan, eta gainera pastarako edo pizzarako saltsa oliotsuak gehitzen badira.

E-234 Nisina

Are zorrotzago jokatuko dugu: Nisina naturan ekoizten du Lactococcus lactis bakterioak, eta biokontserbatzaile gisa erabiltzen da. Horra hor antibiotikoak, bakterioak eta kontserbatzaileak, denak batera elikaduran eta naturatik etorrita.

Nisina aberatsa da aminoazidoetan, eta batez ere gaztagintzan erabiltzen da, baina baita okela mota batzuen babesean ere.

E-621 Glutamato monosodikoa

Ontzaile modura erabili da 100 urtean, batez ere zaporea areagotzeko. Osasun Autoritateak osasuntsutzat daukate, baina baina kontua ez da hemen oso argia, batzuek pozoigarria izan litekeela uste baitute.

Glutamato monosodikoa, azido glutamikoaren sodio-gatza da. Ez da aminoazido funtsezkoa baina ugarienetako bat da naturan. Hala ere, ikerlariek lanean dihardute oraindik, bere eragin kaltegarriak finkatu ahal izateko.

Edonola, azken unean aipatu dut glutamatoa, agerian utzi nahi izan baitut E modura markatutako osagai guztiak ez direla artifizialak, eta era berean osagai natural guztiak ez direla onak.


Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.