Enbrioi txikiak, hobeto bizirauteko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Behe Kretazeo garaiko hamarnaka landare loredunen haziak aztertu ahal izan dituzte ikerketa lan batean, oso ondo kontserbatutako fosil batzuei esker. Hazi horietan aurkitu dituzten enbrioi arrastoek 0,3 milimetroko tamaina baino ez dute.

Duela 125 milioi urte, gaur egun ezagutzen ditugun bost kontinenteak forma hartzen ari ziren, batez besteko urteko tenperatura orain baino bost gradu epelagoa zen, eta dinosauroak ziren jaun eta jabe Lurrean. Behe Kretazeoa du izena garai geologiko horrek, eta orain arteko aztarnen arabera, orduan sortu ziren lehen landare loredunak, edo angiospermoak.

Ikertzaileek aspalditik uste izan dute antzinako landare horiek egungoak baino txikiagoak behar zutela izan, muturreko kondizioetan egokitzeko eta bizirauteko aukera handiagoa izan zezaten. Bada, Ipar Amerikako ekialdean eta Portugalen aurkitutako antzinako hazi batzuen fosilei esker, hipotesi hori berretsi dute, Yale Unibertsitateak (AEB) gidatutako ikerketa batean. Baina aurreneko angiospermo horiek aurreikusi baino are txikiagoak zirela ere ondorioztatu dute, eta badaudela desberdintasun batzuk, gaur egungo landare loredunekin alderatuz gero. Hala azaldu dute, Nature aldizkarian argitaratu duten artikulu batean.

Irudia: Ikerketa honetan aztergai izan dituzten fosiletako batzuk.(Argazkia: Suediako Historia Naturalaren Museoa)
Irudia: Ikerketa honetan aztergai izan dituzten fosiletako batzuk. (Argazkia: Suediako Historia Naturalaren Museoa)

Zehazki, duela 125 eta 110 milioi urte artean bizi izan ziren landare loredun hazien 250 fosil izan dituzte aztergai ikerketa honetarako. Isolatuta zein fruituen barruan aurkitu dituzte; topatutako hazi txikienak milimetro erdi luze dira, eta handienek bi milimetro eta erdiko tamaina dute. Dena dela, antzinako landare horiek nolakoak ziren jakiteko, enbrioiak izan dira gakoa. Eskuragarri zituzten fosil horien guztien artean, berrogeita hamar hazi inguruk enbrioia kontserbatzen zuten haien barruan; osorik kasu batzuetan, eta zati bat, besteetan.

Haziak kaltetu gabe, horien barnealdean gordetako enbrioiak aztertu ahal izateko, teknika berritzailea baliatu dute ikerketa lan honetan. Sinkrotron erradiazioa eta X izpiak konbinatzen dituen metodo honen bitartez, fosil baliotsu horien barne egitura behatu dute ikertzaileek, horiek hondatu gabe. Horri esker, egiaztatu dute hazien zati oso txiki bat baino ez dutela hartzen antzinako enbrioi horiek: milimetro baten laurdena neurtzen dute txikienek, eta herena, handienek. Hori bai, egitura zelularra oso ondo kontserbatu da berrogeita hamar fosil horietan.

Enbrioi horien tamaina txikiak bat egiten du hazien sorgorraldirako ahalmenarekin, eta beraz, ikertzaileek landare loredunei buruz duten hipotesiarekin. Hau da, ingurune kondizioak muturrekoak direnean, angiospermoen hazien garapena eta ugalketa eten egiten da (sorgorraldia), une eta baldintza onenak etorri arte, indarrak ondo gordetzeko. Eta hala gertatzen zen antzinako landare horiekin ere. Gainera, behatutako enbrioien tamaina ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dutenez, aurreneko landare loredun horiek gaur egungoak baino nabarmen txikiagoak ziren.

Ikerketaren berri ematen duen bideoa

Ikertzaileek espero zuten hori, baina fosilak aztertuta, aurreikusi baino are txikiagoak zirela dirudi. “Hazien sorgorraldiari esker, angiospermo goiztiar horien haziek bizirauteko ahalmena zuten, ernetzerako kondizioak onuragarriak izateko zain zeuden bitartean”, azaldu du Else Marie Friisek, artikuluaren egile nagusiak.

Hala ere, aldi berean, enbrioiak hain txikiak izanik, hori oztopo izan zitekeen landarea hedatze aldera. Horixe da antzinako flora horren eta gaur egungoaren arteko desberdintasun nagusia. “Aurreneko angiospermo horiek ez ziren gai izango geroago agertuz joan diren beste landare batzuk bezain azkar ernetzeko, eta landare berriago horiek erakutsi dutenez, are eraginkorragoak dira aukera ekologiko iragankor horiek ustiatzen”, gaineratu du Friisek.

Erreferentzia bibliografikoa:
Else Marie Friis, Peter R. Crane, Kaj Raunsgaard Pedersen, Marco Stampanoni, Federica Marone. Exceptional preservation of tiny embryos documents seed dormancy in early angiosperms. Nature, 2015; doi: 10.1038/nature16441


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.