Homeostasiaz

Zientziaren historia

Walter Cannon fisiologoak erabili zuen homeostasi terminoa 1926an, gorputzaren barruko egoera geldikorrak mantentzen dituzten erreakzio fisiologiko koordinatuak izendatzeko. Hitz berri eta zehatz bat beharrezkoa zela uste zuen, bi hauek bereizteko: batetik, organismo bizien sistemen konplexutasuna, organo ezberdinen koordinazio integratua barne hartzen zuena; eta bestetik sistema itxiak, soil-soilik fisiko-kimikoak, non oreka mantentzen duten indarren konpentsazio bat dagoen. Cannonek honela deskribatu zuen:

“Ingurunean dauden aldaketek erreakzioak sortzen dituzte [izaki bizidunek osatzen duten sistema irekian] edo zuzenean eragiten diote [izaki bizidun horri], eta horrek alterazioak sortzen ditu sisteman. Alterazio horiek tarte estu batean mantentzen dira, sistemaren beraren barnean doikuntza automatikoak martxan jartzen baitira; horrela oszilazio handiak ekiditen dira eta barne-baldintzak ia-ia konstante mantentzen dira.”

De-la-homeostasis
Irudia: Gaur egun, bere esanahirik zabalenean, honako hau da homeostasia: sistema batean egoera dinamiko egonkor bat mantentzea, orekaren kanpo-asaldurak arintzen dituzten barne-prozesu erregulatzaileen bidez.

Bere kontzeptua azaltzeko Cannonek zenbait mekanismo deskribatu zituen, goi-mailako animalien matrize jariakorrean, “barne-ingurunean”, baldintza konstanteak mantentzen dituztenak. Horien artean aipatzen zituen glukosa eta odoleko oxigenoa, tenperatura, presio osmotikoa edo protoi kontzentrazioa. Cannonek frogatu zuen mekanismo horiek erreakzio horietan inplikatuta zeudela; funtsean, Cannonek berak nerbio-sistema autonomoaren eta giltzurrungaineko guruinen jariakinen egitekoei buruz eginiko ikerketen ondorioa zen mekanismo horien ezagutza. Hala ere, mekanismo homeostasikoaren eta barne-ingurunearen artean ezarri zuen asoziazio estuaren ideia Claude Bernard fisiologoari zor zion, hein handi batean. Cannonek onartzen zuen Bernard izan zela lehenbizikoa organismoen egonkortasunari buruzko ideia orokorren “analisi zehatzagoa” egiten. Cannonek Bernarden esaldi bat aipatzen zuen bereziki: “Bizitza libre eta independentearen baldintza, milieu interieur-aren aldaezintasuna da”.

Jatorriz homeostasia kontzeptu fisiologikoa izan arren, Bigarren Mundu Gerraren ostean kontzeptua zabaldu egin zen; izan ere, egiaztatu zen antzekotasuna zegoela mekanismo homeostasikoen eta serbomekanismoen atzeraelikadura-kontrolaren artean. Biologoak kontzeptua maila guztietan (zelularra, organikoa, indibiduala, soziala) erabiltzen hasi ziren. Erregulazio homeostasikotzat ulertzen zenaren paradigma gisa, adibide hau ematen zuten biologoek: bidezidor metaboliko bateko bitarteko produktuen kontzentrazioak mantentzen direla, nahiz eta bidezidor horretan bertan etengabeko materia eta energia fluxua izan.

1932an Cannonek berak iradoki zuen, The wisdom of the body liburuaren “Homeostasi biologiko eta sozialaren arteko harremana” izeneko epilogoan, ez ote zen komenigarria izango beste antolakuntza motak (industriala, domestikoa edo soziala) aztertzea, gorputzaren antolakuntza ikusita. Cannonen proposamena nahikoa onartua izan zen eta, gaur egun, bere esanahirik zabalenean, honako hau da homeostasia: sistema batean egoera dinamiko egonkor bat mantentzea, orekaren kanpo-asaldurak arintzen dituzten barne-prozesu erregulatzaileen bidez.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.