A zer aberatsa Esne Bidea!

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2016ko irailaren 14an Europako Espazio Agentziaren GAIA misioak orain arte lortu den Esne Bidearen irudirik osoena eta zehatzena da argitaratu zuen. Bertan, 1.142 milioi izar azaltzen dira.

Irudi honek GAIAk lehen 14 hilabeteetan jasotako datuak biltzen ditu (2014eko uztailetik 2015eko irailera). Misioaren lehen irudia edo datu multzoa da, baina ez azkena. GAIAk Esne Bidearen hiru dimentsioko mapa xehea egitea du helburu. Misioaren amaierarako, hemendik 5 bat urtera, Esne Bideko bilioi bat izar inguru neurtu nahi dira (galaxian dauden izarren %1a gutxi gorabehera); beren kokapena, distantzia eta mugimendua ahalik eta modu zehatzenean jakin nahi da. Horretarako, objektu bakoitza 70 bat aldiz eskaneatuko da.

1. irudia: Irudia: GAIAk lortutako zeruaren lehen mapa. Copyright: ESA/Gaia/DPAC, A. Moitinho & M. Barros (CENTRA-University of Lisbon).
1. irudia: GAIAk lortutako zeruaren lehen mapa. (Iturria: ESA. Copyright: ESA/Gaia/DPAC, A. Moitinho & M. Barros -CENTRA-University of Lisbon-)

Oso prozesu luzea eta konplexua da sateliteak jasotzen duen informazio ‘gordina’ izarren kokapenari buruzko datu erabilgarri eta fidagarri bihurtzea. Jasotako datuak tratatu egin behar dira (interesatzen zaigun seinalea iragazi eta egokitu), ondoren Astronomian magnitude esanguratsuak direnetara aldatu (distantzia edo distira bezalakoetara aldatu) eta azkenik emaitzak egiaztatu. Horregatik behar izan du lan-taldeak urtebete irudia argitaratzeko.

Ezkerretik eskuinera dagoen zonalde distiratsua da Esne Bidea, milioika izarrez argiztatua. Zonalde horren gainetik ikusten diren gune ilunak, izarrarteko hodeiak dira, disko galaktikoaren eta GAIA satelitearen artean dauden hodei xurgatzaileak. Irudiaren behe-eskuin aldean ikusten diren bi gune argitsuak Magallanes-en Hodei Nagusia eta Txikia dira, 180.000 argi urtera ditugun bi galaxia auzokide. Irudi osoan ikusten diren marra eta hainbat artefaktu, GAIAren zerua eskaneatzeko moduak sortuak dira (ikusi ondoko bideoa). Zeruko eremu batzuk besteak baino gehiagotan aztertu dira, eta, beraz, estaldura hobea dute. Misioa aurrera doan heinean marra horiek desagertzen joango dira.

Bideoa: GAIAren tresnen modulua ikus daiteke animazio honen lehenengo atalean. Modulu horretan teleskopioak, plano fokalak eta behar den elektronika guztia dago. Animazioaren bigarren atalean, aldiz, GAIAk zerua nola eskaneatzen duen ikus daiteke. (Copyright: ESA – C. Carreau)

GAIA satelitea Eguzkiaren inguruko orbita batean dago, Lagrangeren 2. puntua deritzonean (L2). Puntu hau Lurretik 1,5 milioi km-ra dago, Eguzkiaren aurkako norantzan. Lurrarekin batera biratzen du Eguzkiaren inguruan, hau da, urtebete behar du Eguzkiaren inguruan bira bat emateko. Horrek esan nahi du L2 puntutik zeru osoa beha daitekeela urtebetean. Gainera, Eguzkiaren eta Lurraren grabitateen eraginak direla eta, L2 puntua oso leku berezia da; satelite bat bertan mantentzeko ez da ia bat ere erregairik behar, Eguzkiaren eta Lurraren grabitateen konbinaketak ematen baitio sateliteari orbitan mantentzeko behar duen indar zentripetoa.

Satelitearen punta-puntako teknologiari eta kokapenari esker, GAIAren katalogoak aurreko katalogoak baino 20 aldiz izar gehiago ditu, eta informazioaren zehaztasuna bikoiztu egin da. Aurreko katalogoa ESAren Hipparcos misioarena da, bi hamarkada lehenagokoa (ikusi 2. irudia astrometriaren bilakaera aztertzeko).

2. irudia: Astrometria, zerua mapeatzeko zientzia, astronomiaren atalik zaharrenetakoa da. Irudi honetan izarren kokapena eta distantziak neurtzeko izan dugun gaitasunaren bilakaera ikus daiteke kualitatiboki. (Iturria: ESA. Copyright: ESA)

Hiparkoren katalogoan badaude 80 izar talde, gehienez 1.600 argi-urtera daudenak. GAIA katalogoan aldiz, badaude 400 izar talde, 4.800 argi urterainoko distantziara aurki daitezkeenak. Errolda berri honetan oso interesgarriak diren 3.194 izar aldakor ere badaude. Gehienak Magallanesen Hodeietakoak dira, lehen hilabetean eremu hau behin eta berriz eskaneatu baitzen. Misioaren amaierarako, espero da gainontzeko eremuetako izar aldakorren kokapena zehaztasun handiz ezagutzea, distantzia kosmikoei buruzko informazioa ematen digutelako.

Garrantzitsua da izarrek zeruan duten kokapena eta mugimendua ahal den modu doienean ezagutzea, Esne Bidearen iraganeko historia eta ezaugarriak ezagutzeko. Baina baita gertaera astronomiko batzuen jarraipena egiteko ere. Adibidez, izar-estaltze batzuk Lurreko zonalde jakin batzuetatik baizik ezin dira ondo ikusi, eta beraz, izarraren ezagutza zehatza beharrezkoa da teleskopioak destatzerako orduan.

Hala ere, GAIAk ez du bakar-bakarrik galaxia aztertzea helburu. GAIAk izar-lagin oso handia aztertuko du, eta beraz, mota askotako izarrak egongo dira bere katalogoan. Horrek, aukera ikaragarria emango digu izarren egituraz eta bilakaeraz dugun jakintza areagotzeko. Baita izarren barne-egituraren modelo teorikoak hobetzeko beta eta Eguzki-sistemaren ezagutza hobetzeko aukera. Bestalde, GAIAk asteroide askoren kokapen eta abiadurak neurtuko ditu, euren orbitak mugatzeko moduan egongo delarik. Aldi berean, ehun bat asteroideren masa neurtzeko gai izango da, eta bi asteroideen arteko grabitazio ekintza aztertuko du. Azkenik, GAIAren emaitzak lagungarri izango dira planeten orbiten parametroak eta exoplaneten masarekiko banaketa hobeto ulertzeko. Eta planeta-sistemen sorrerari, migrazioari eta haren dinamikaren bilakaerari buruzko modelo teorikoak mugatzeko datu garrantzitsuak eskainiko ditu. Beraz, adi-adi jarraitu beharko dugu misioari begira.


Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.