Iberiar plakaren eta Europar plakaren arteko konbergentziaren hasierak, guztiz aldatu zituen aurretik, estentsioaren eraginpean, Euskokantauriar arroan zeuden baldintza geologikoak. Hainbat milioi urtetan zehar estentsio-indarrak pairatu ondoren, Euskokantauriar arroa konpresioaren eragina sumatzen hasi zen, Indiako ozeanoaren irekieraren ondorioz, Afrikako plaka iparralderantz higitzen hasi zelako, Santoniar-Campaniarrean (75-85Ma). Ondorengo 60 Ma-tan zehar, batez ere, uraren azpitik garatutako arroa, deformatu egingo da, eta Pirinioen bilakaerarekin batera, urgaineratu eta gaur egun erakusten duen barne-geometria lortuko du.
Konpresio-prozesu luze honetan bi deformazio-fase bereizten dira. Zaharrenak iparralderanzko bergentziadun (bergentzia terminoak plano axialaren kontrako okerduraren noranzkoa adierazten du) eta gazteenak hegoalderanzko bergentziadun egiturak sortuko dituzte, hau da, lehenengokoak gaineko materialen mugimendua iparralderanzkoa eta bigarrenek hegoalderanzkoa zela adierazten dute. Gaur egun, egitura hauen sorrera azaltzen duen ereduak, Europako plaka Iberiako plakan ziri baten antzera sartu zela erakusten du.
Iparreranzko bergentziako fase tektonikoa
Iparreranzko bergentziadun egiturak, gaur egun, Bizkaia eta Gipuzkoa iparraldean eta Lapurditik ekialdera azaleratzen dira batez ere. Ingurune horretan estentsioa nagusi zen bitartean arroaren hondoratzea eragin zuten faila normal ugari garatu ziren, baina konbergentzia hasi zenean egitura horiek izan ziren esfortzu berriei erantzuten lehenak. Horrela, faila normal askoren inbertsio tektonikoa gertatu zen (alderantzizko faila gisa jokatzen dute esfortzu berrien aurrean), Sopelako Atxabiribil hondartzako azaleramenduetan argi gelditzen den moduan. Era berean, konpresioaren eraginez, iparreranzko bergentzia nabarmena erakusten duten toles angeluar estuak eta alderantzizko faila berriak garatzen dira. Egitura hauek ikusteko lekurik aproposena, zalantzarik gabe, Barrikako (Bizkaia) labarrak dira. Egitura hauek guztiak erakusten dute, kontinente-lurrazalaren goiko aldean bazegoela indar bat iparralderanzko mugimendua sortarazten zuena (2. Irudia).
Euskal Arkuko landa-behaketek agerian jartzen dute iparreranzko bergentziako egiturak, hegoranzko bergentziako ondorengo beste egitura batzuek deformatu dituztela.
Hegoranzko bergentziako fase tektonikoa
Fase honetan garatutako egiturak oso nabarmenak dira Euskokantauriar arroaren hegoaldeko mugan. Toloño mendizerran zehar garatutako toles eta zamalkadura gehienek hegoalderanzko mugimendua adierazten dute (2. Irudia). Iparraldean aldiz, egitura hauek ez dira horren nabarmenak, aurreko fasean deformatutako arroken gain dutelako eragina eta konpresioa ere motelagoa delako. Hala ere, oso adierazgarriak dira iparreranzko bergentziako aurretiko egiturak deformatzen eta eraldatzen dituzten hegoranzko bergentziako egitura berriak. Adibidez, Barrikako labarretan (Bizkaia) eta Leitzako failaren inguruan, oso deigarriak dira iparreranzko bergentziako toles angeluar estuak nola birtolestuta agertzen diren hegoranzko bergentziako eta eskala txikiagoko toles irekiagoen bitartez, interferentzia-tolesak sortuz. Bergentzia aldaketaren beste froga bat dira, inguru berean ikusten diren, jatorriz iparreranzko bergentzia izandako tolesen ardatzak edo zamalkadura-azalerak, nola hegoranzko bergentzia izatera igarotzen diren.
Datu kartografikoek adierazten dute hegoranzko bergentziako fase horren hasiera Lutetiar ostekoa eta Oligozeno aurrekoa dela (37 Ma inguru).
Konpresioaren bilakaera euskokantauriar arroan
Denboran zehar deformazio-egituretan sumatu diren aldaketak azaltzeko gaur egun geologoek, ondorengo eredua darabilte (1. Irudia). Ereduaren arabera Europar plaka mehea, Iberiar plaka lodiagoan, ziri baten antzera barneratu zen. Horrela, hasiera batean ziriaren gainetik gelditzen den Iberiako ezpala iparralderantz desplazatzen da, iparreranzko bergentzia dituzten egitura geologikoak sortuz, batez ere, Euskokantauriar arroaren iparraldean. Ondoren, ziriaren etengabeko bultzadaren ondorioz, une zehatz batean, Iberiako plakan apurketa berri bat garatzen da (hego Pirinioetako edo Toloño mendizerrako zamalkadura). Egoera berri honetan, Europako plakaren ziriaren gainetik gelditzen den ezpala hegoalderantz mugitzen hasten da, bigarren deformazio-faseari eta hegoranzko bergentziadun egitura geologikoei hasiera emanez.
Artikuluaren fitxa
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 29
- Artikuluaren izena: Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa II: konprensioaren eraginpean.
- Laburpena: Euskokantauriar arroaren eboluzioak oso iraupen luzea du. Konpresioa nagusi izan zen bitartean sortutako egiturek argi erakusten dute izaera desberdineko bi deformazio-fase suertatu direla. Lehenengoak, iparralderanzko bergentzia duten egiturak garatu ziren, eta, batez ere, Euskokantauriar arroaren iparraldeko arroan gorde dira. Bigarrenenan, hegoalderanzko bergentzia duten egiturak dira nagusi, eta hauek, batez ere, Euskokantauriak arroaren hegoaldeko mugan garatu dira. Gaur egun, egitura hauen sorrera azaltzen duen ereduak Europako plaka Iberiako plakan ziri baten antzera sartu zela erakusten dute.
- Egileak: Arturo Apraiz, Arantza Aranburu, Miren Mendia eta Arantxa Bodego.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 23-35
- DOI: 10.1387/ekaia.14374
Esker onak
Egileok eskertu nahi dugu Sergio Roblesek eta Luis Miguel Martínez-Torresek erakutsitako prestutasuna Euskokantauriar arroari buruz dakitena gurekin partekatzeko.
Egileez: Arturo Apraiz, UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da; Arantza Aranburu eta Miren Mendia Mineralogia eta Petrologia saileko irakasleak dira; Arantxa Bodego UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko irakaslea eta ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.