Allen testa aztergai

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Testaren fidagarritasuna eta baliagarritasuna auzitan jarri du UPV/EHUko gradu amaierako lan batek.

Larrialdi medikoetako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU) erabili ohi da Allen maniobra. Odol zirkulazioaren kalitatearen eta iskemia (odol fluxuaren falta) arriskuaren arteko harremana ezartzeko erabiltzen da testa.

Eskuko arteria ziztatu edo erradio kateter bat jarri aurretik, odol zirkulazioaren kalitatea egiaztatu behar dute osasun langileek, odol fluxua falta den (iskemia) egiaztatzeko. Konplikazio larria ekar lezake iskemiak, nekrosia (eskuko ehunen hiltzea), esaterako.

Allen maniobra erabili ohi da odol fluxuaren kalitatea begiratzeko. Ahurra goraka dagoela, eskua ukabilean ixten da. Hatzekin arteria erradiala eta kubitala eskumuturraren albo bietan estutzen dira aldi berean, ahurrak kolore zurbila hartzen duen arte. Arteria kubitalaren gaineko presioa askatzen da, erradialaren gainekoari eusten zaiola. Ziztada egiteak edo kateterra jartzearen eragina simulatzen da honela.

Arteria kubitalak eskuko odol fluxu guztia bereganatzeko zenbateko gaitasuna duen aztertzeko balio du. 10-15 segundo igaro eta ahurra kolore normalera itzuli ez bada, ez da egokia arteria erradiala ziztatzea, esku zirkulazio albokidearen (kubitalarena) defizitak iskemia eragiteko arrisku handia baitago. Arteria erradiala ziztatzea, beraz, ez da egokia.

Edgar Allen medikuak deskribatu zuen testaren teknika 1929an aurreneko aldiz. Ordutik erabiltzen da eta bai larrialdi zerbitzuetan bai ZIUetan ohikoa bada ere, testaren baliagarritasuna ez da egiaztatu, ezta Edgar Allen berak ere.

Ikerketa

Allen testaren baliagarritasunari buruz orain arte ingelesez eta gaztelaniaz egin diren saiakuntza kliniko guztiak berrikusi eta aztertu ditu ikerlanean Oscar Romeu Bordasek. Sei datu baseren (Medline, Scopus, Web of Science, EMBASE, Cochrane plus eta CINAHL) 14 ikerketa guztira. Ahurreko zirkulazio albokidea ebaluatzeko Doppler ekografiarekin lortutako emaitzak eta Allen teknikarekin lortutakoak konparatzen dira azterlan horietan eta arteria erradiala ziztatu osteko konplikazio iskemikoak ebaluatzen dituzte.

Analisiaren ondoren, Erizaintzako gradudunak ondorioztatu du Allen testak ez duela %100ean odol zirkulazioaren kalitatea ezagutzea bermatzen eta ez duela eragozten arteria ziztatu ostean iskemiaren bat agertzea. Gainera, gradu amaierako lanaren arabera, Teknika asistentziako protokolo eta eskuliburuetatik ken daitekeela iradokitzen du, gainera: mugatu bailitzake lehen aukerako beste teknika terapeutiko batzuen erabilera, kateterismo erradiala adibidez.

Erreferentzia bibliografikoa:
Romeu-Bordas O, et al. Validez y fiabilidad del test modificado de Allen: una revisión sistemática y metanálisis. Emergencias 2017;29: 126-135

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Allen testa baliagarria eta fidagarria den aztertu dute

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.