Noizbait egin duenak badaki oilo bati burua mozten zaionean bizirik jarrai dezakeela denbora tarte labur batez. Hain zuzen ere, hori gertatzen da burua moztu ondoren garun-enborra kaltetu gabe gera daitekeelako. Hori gertatzen denean, oiloak bere gaitasun motorrak mantentzen ditu eta haiek kontrolatzeko gai da.
Hala ere, 1945ean Coloradoko baserri batean kasu oso bitxi bat gertatu zen; izan ere, afarirako oilaskoari burua moztu ondoren bizirik jarraitu zuen, eta baita bizirik jarraitu ere, 18 hilabete geroago hil baitzen oilasko gajoa. Baina, oilasko bat bururik gabe 18 hilabetez bizi al daiteke? Edo, guztia dirua lortzeko iruzur bat izan zen?
1945eko irailaren 10ean, Fruitako (Colorado, AEB) Clara Olsen eta bere senarra, Lloyd, oilaskoa akabatzen ari ziren baserrian. Beste askotan egin legez, Clarak lumatu eta garbitu egiten zituen Lloydek akabatutako oilaskoak. Egun hartan 40-50 oilasko akabatu zituen Lloydek bere aizkorarekin. Alabaina, Lloydek aukeratutako oilaskoetako bat, 5 hilabeteko Wyandotte oilasko bat, ez zen hil burua moztu eta minutu gutxi batzuetara, beste oilaskoa guztiak bezala. Antza, kolpeak ez zuen zain jugularra kaltetu eta oilaskoak —geroago Mike izena jarriko zioten— ibiltzen jarraitzen zuen. Eta ez hori bakarrik, mokorik ez bazuen ere, mokokatzen ahalegintzen jarraitzen zuen. Jaramon gehiagorik egin gabe, Lloydek oilaskoa kaxa batean sartu zuen hurrengo egunera arte.
Hurrengo egunean, ordea, Mikek bizirik jarraitzen zuen. Antza, bururik gabe, baina normaltasunez mugitzen zen kaxa barruan alde batetik bestera. Olsen jaunak erabaki zuen Mike zaindu egingo zuela eta maskota moduan hartu zuen. Olsen familiak hegazti berezi hori zaindu zuen, eta esnea eta ura tantaz tantako batekin emanez elikatzen zuten, janaria zuzenean hestegorrira isuriz. Gainera, xiringa baten bidez eztarrian agertzen zitzaion mukia kentzen zioten. Handik gutxira, Mike oilaskoa ospetsua egin zen eta pixkanaka geroz eta ospe gehiago hartu zuen eta ikuskizunak ere antolatzen zituzten bururik gabeko oilaskoa ikusi ahal izateko.
Life Magazine aldizkariak Olsen familia elkarrizketatu zuen, eta Utahko Unibertsitateak ere egiaztatu zuen Mike oilaskoa bizirik zegoela. Unibertsitateko ikertzaileak saiatu ziren beste oilasko batzuekin Mikeri gertatutako errepikatzen, baina ez zuten lortu. Mikek bira artistikoa ere egin zuen, eta Kalifornian eta Arizonan ere egon zen. Mike eta Olsen familia Phoenixeko motel batean zela, konturatu ziren Mikeri mukia kentzeko xiringa eta janaria ahaztu egin zutela. Tamalez, beste aukeraren bat aurkitu baino lehen, Mike itota hil zen eta horrela bukatu zen mirarizko oilasko haren bizitza, burua aizkorarekin moztu eta 18 hilabete geroago.
Zientziaren azalpena
Oro har, oilasko bati burua mozten zaionean garuna eta gorputzaren gainerako zatia bananduta geratzen dira, baina, denbora tarte labur batez bizkarrezur-muineko zirkuituek oxigeno apur bat dute. Garunarekin konexioa galtzen denean, zirkuitu horiek modu espontaneoan aktibatzen dira eta neuronak aktibatu egiten dira eta, esaterako, hankak mugitzen has daiteke oilaskoa. Hala ere, mugimendu horiek ez dute irauten 15 bat minutu pasa direnean.
Mikeren kasuan, litekeena da aizkorakadak garunaren zati handi bat moztea, baina, zerebeloa eta bizkarrezur-erraboila bere horretan geratzea. Hori horrela izanda, oilaskoaren ezinbesteko bizi-funtzioak ez ziren eten. Mikek arnasten jarraitzen zuen eta bere bihotzak odola punpatzen jarraitzen zuen. Horretaz gainera, adituek uste dutenez bigarren faktore bat ere ezinbestekoa izan zen Mike ez hiltzeko, hain zuzen ere, lepotik odol-galtzea saihesteko moduko odol koagulua agertu izana. Hortaz, baliteke Mikeren garunaren %80 kaltetu gabe geratu izana aizkorakadaren ondoren eta, hortaz, zientifikoki zehatzagoa da esatea oilasko hari garunaren zati bat eta aurpegia falta zitzaiola, eta ez burua. Izan ere, oiloen kasuan garunaren zatirik handiena buruaren atzealdean dago, eta ez aurrealdean.
Irakaspen txiki bat
Azalduta geratu den bezala, Mike oilaskoa ez zen bururik gabe bizi. Izatekotan, aurpegiaren zati handi bat falta zuen, baina, oilaskoak ezin dira bururik gabe bizi, minutu gutxi batzuk pasa ondoren gaitasun motorra eta beste bizi funtzioak egiten jarraitzeko gaitasuna amaitu egiten baitzaie. Egun, Mike oilaskoak webgunea ere badu, eta noizean behin Interneten ikusten dira Mikeri buruzko artikuluak, baina, kontuz eta arretaz irakurri itzazu. Mike ez zen 18 hilabetez bururik gabe bizi izan, baizik eta aurpegiaren zati handi bat galduta. Agian hori bera ere bitxia eta mirarizkoa da, bai, baina, azalpen zientifikoa du.
Informazio osagarria
- Here’s why a chicken can live without his head, modernfarmer.com
- The chicken that lived for 18 months without a head, bbc.com
- La ciencia explica cómo un pollo puede vivir sin cabeza durante más de un año, elconfidencial.com
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
2 iruzkinak
[…] tarte labur batez jakina da. Baina Josu Lopez-Gazpiok dakarren adibidea guztiz harrigarria da. 1945ean Coloradoko baserri batean, afarirako oilaskoari burua moztu ondoren bizirik jarraitu zuen. 18 hilabete geroago hil zen! Mike oilaskoa famatua egin zen eta zientzialariak harrituta gelditu […]
[…] Lopez Gazpiok azaldu zituen bizitzaren gorabeherak eta zientziaren hipotesia zein izan zen oilaskoak hain luze bizi izana azaltzeko: burua mozteko jasotako aizkorakadak […]