Kantauriar ibaietako espezie exotikoak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Gehienbat jatorri amerikarra eta asiarra duten flora exotikoko 156 espezie aurkitu ditu Diego Liendo ikertzaileak Kantauriko erlaitzeko ibaietan egindako ikerketan. Flora aloktonoko (jatorrizkoa ez dena) espezieak bilatu dira Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Denera 156 espezie detektatu dira, espezie horien %40 puntu bakar batean agertu delarik.

Detektatu diren zenbait espezie, hala nola Fallopia japonica, oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, Paspalum distichum kasu, ibai-hondartzak (ibaian zehar sortzen diren metakinak -harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak-) ia osorik estaltzera irits daitezke.

1. irudia: Fallopia japonica (ezk.) oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen da. Paspalum distichum (esk.) ibai-hondartza batzuk ia osorik estaltzera irits daiteke.

Ipar Amerikan jatorria duen Muhlenbergia schreberi graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehar -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak) aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie honen bigarren erreferentzia da Iberiar penintsulan, orain arte Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Deigarria da emaitza, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baita. Espero zen baino askoz zabalduago dagoela azaltzen du ikertzaileak eta espezie horren populazioari segimendua egin behar zaiola uste du haren inbasio potentziala ebaluatu ahal izateko.

2. irudia: Muhlenbergia schreberiren populazio naturalizatuak topatu dira bigarrenez Iberiar penintsulan.

Landare exotikoei dagokienez Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden azaltzen du ikerketak. Ekosistema hauen kudeaketarako garrantzitsua izan daiteke informazioa, ekosistema guztiek ez baitute kalteberatasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko.

Inbasio biologikoa

Ibai ekosistemak bereziki sentiberak dira espezie exotikoen inbasioarekiko, ibaien beren ezaugarriengatik, ibai ingurunea oso dinamikoa baita. Noizbehinka izaten diren uholdeek landarediaren parte bat eramaten dute eta beste espezie horiek sartzea errazten da. Nahiko ingurune egokia da, gainera, nutriente ugari eta ura eskuragarri baititu.

Inbasio gradua zenbait aldagairen araberakoa da, ikerketan azaltzen denez:

  • Aldagai klimatikoak (tenperatura).
  • Inguruneari dagozkion aldagaiak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare-komunitateen kopurua).
  • Aldagai antropikoak (ibai-zatiaren inguruko hiri-lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia).

Halaber, ibai-arro industrializatuetan inbasio maila askoz ere handiagoa dela ikusi da. Jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren %50ean edo gehiagoan hiri edo industria lurra duten arroetan.

Inbasio biologikoen fenomenoa, gizakiak espezieak beren banaketa eremu naturaletatik kanpo mugitzea eta hauek bertan ezartzea, ingurumen arazo nagusietako bat da mundu mailan. Kontinente arteko garraio sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz areagotu egin da fenomenoa, bereziki azken hamarkadetan.

Munduko edozein lurraldeko ia edozein ekosistematan aurki daitezke kanpotik ekarritako espezie exotikoak eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Eta gaur egun portaera inbaditzailerik ez badute ere, aurrerago izan dezakete, ikertzaileak azaltzen duenez inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita.

Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako beste ikerketa bat ere egin da. Ibaiertzean hazten diren baso naturalak eta ibai-hondartzak aztertu dira eta ibai-hondartzetan espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa dela aurkitu da.

Iturria

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ehun espezie baino gehiagotako landare exotikoek inbaditzen dituzte kantauriar ibaiak

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.