Gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzea lortu da laborategian, nerbio-ehuna erreparatzea erraztuta.
Zelula mikroglialetan P2X4 izeneko errezeptorea identifikatzea lortu da, hanturaren kontrako indarra areagotzen duena. Ondorioz, Esklerosi Anizkoitzaren kaltea murriztu eta, batez ere, organismoaren berezko erantzun erreparatzaileak sustatzen ditu.
Esperimentua egiteko gaixotasunaren animalia ereduak erabili dira eta frogatu ahal izan da errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzen dituztela, nerbio-ehuna erreparatzen laguntzen baitute.
Esklerosi Anizkoitza gaixotasun autoimmunea da eta mielina geruza deritzon egitura erasotu eta hondatzen du. Ezinbestekoa mielina geruza osorik izatea garunak eta bizkar-muinak behar bezala funtzionatzeko.
Sistema immunologikoaren jarduera modulatzean datza Esklerosi Anizkoitzaren egungo tratamendua eta horren zelulak nerbio-sistema zentralera iristea ekiditea. Terapia horiek eraginkorrak dira gaixotasunaren hasierako faseetan, baina ez dute gaixotasunak aurrera egitea eta hondatze funtzionala ekiditen.
Gaixotasunaren fase progresiboan garunaren zelula mikroglialak dira hondatze neurologikoa eragiten duen hantura kronikoaren eragile nagusiak. Zelula mikroglialak garunaren zaintzaileak dira eta berau kaltetu edo infektatzen bada erreakzionatzen dute. Erreakzio hori hasiera batean onuragarria da baina kaltegarri bihurtzen da denboran luzatzen bada, hantura kroniko bilakatzen bada.
Aurkikuntza honek Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboaren tratamenduaren garapen farmakologikorako bide berria irekitzen du eta Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eskaini.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Molekula-gako bat aurkitu dute, Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko.
Erreferentzia bibliografikoa
Domercq, María, et al., (2018). P2X4 receptor controls microglia activation and favors remyelination in autoimmune encephalitis. EMBO Molecular Medicine,
2 iruzkinak
[…] eta atseden hartuta berreskuratzen dela berez, dieta osasungarria izanda. Baina, zahartzearekin eta esklerosi anizkoitzaren, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen kasuan, mielina-kantitatea eta haren kalitatea […]
[…] gaixotasun desberdinak biltzen ditu, eta guztiek partekatzen dute mugikortasunaz arduratzen diren neuronetan kalte progresiboa izatea. AEAren ezaugarri bereizgarrienetako bat da neurona motorren heriotza eta endekapena. Kalteak […]