Eltxoek gizakien izerdia maite dute, eta orain badakigu zergatik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Aedes aegypti espezieko eltxoei azido laktikoak detektatzea ahalbidetzen dien genea aurkitu dute zientzialariek eta gene hori kenduta gizakia ziztatzeko joera erdira jaisten dela konprobatu dute. Zenbait gaixotasun hilgarriren aurka jotzeko bidea erraztu dezake aurkikuntzak.

1. irudia: Bereziki tropikoetan gaitz arriskutsuak kutsatzen dituzte eltxoek eta ehunka mila heriotza eragiten dituzte. (Argazkia: Egor Kamelev / Unsplash)

Izugarri bidegabea da gehienetan bizitza, hori badakigu. Suitzatik Paulo Coelhok bestelakorik esango dizun arren, non eta noiz jaio, horren araberakoa da gehienetan patua. Eltxoen ziztada gogaikarriek gau desatsegina ekar dezakete latitude epeletan, baina tropikoen inguruan, bereziki osasun azpiegitura oso hedatua ez duten herrialdeetan, sarritan jasotako ziztada horiek heriotza ekar dezakete. Datu zehatzak ematea zaila bada ere, urteko 600.000 eta milioi bat lagun inguru hiltzen dira eltxoak bektoretzat dituzten gaitzak direla eta.

Ornodunen odolaren bila joaten dira eltxo emeak, euren arrautzak jartzeko nutrienteak bertan aurkitzen dituzte eta. Gizakien kasuan, bereziki, bi dira zomorrotxo horiek erakartzen dituzten faktoreak: arnastean askatzen den karbono dioxidoa eta izerdian dauden azido laktikoak. Horien bila joaten dira eltxoak, jakin badakitelako horien atzean odol goxo-goxoa aurkituko dutela. Ez dira, baina, faktore bakarrak, zientzialariek gaur egun duten ezagutzaren arabera. Beroa eta hezetasuna ere kontuan hartzen dituzte, eta ikusmena ere lagungarria omen zaie odola aurkitzeko.

Bereziki gaixotasun tropikalen alorrean lanean ari diren ikertzaileek eltxoak dituzte jomugan, inguru beroetako hainbat gaixotasun zabaltzerakoan funtsezko bektoreak direlako. Zika, dengea edo sukar horiaren moduko gaitz latzak intsektu horien bitartez zabaltzen dira, eta, aurrean aipatu bezala, ondorio lazgarriak dituzte gizakien artean.

Bektore horiei bidea mozteko lanean ari dira, besteak beste, Floridako Unibertsitateko (AEB) zientzialariak, eta, zeregin horretan, aurrerapen nabarmena aurkeztu berri dute. Zehazki, gustuko duten azido laktikoa atzemateko ahalmena eltxoei ematen dien genea aurkitu dute zientzialariek; eta, zorionez, orain gizateria gene bakar batean eragiteko moduan dago. Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Aldizkari horretan azaldu dutenez, eltxoei laborategian gene hori kentzen zaienean, gizakiekiko duten erakarpena gutxi gorabehera erdira jaisten da. Gakoa da eltxoek azido lurrunkorren aurrean erantzuteko gaitasuna galtzen dutela.

Nola ez, CRISPR-Cas9 edizio genetikoa baliatu dute gene zehatz hori kentzeko. Horrela, eltxo mutanteen eta eltxo basatien laginak izan dituzte eskura; edo, hobeto esanda, besora. Izan ere, eta ikertzaileei sarritan behar den moduan eskertzen ez zaien lan horietako batean, zientzialarien besoak erabili dituzte amutzat. Besoa sartuta zegoen ontzian sartu eta gutxira, hara joan dira ziztatzera eltxo basatiak, baina Ir8a izeneko genea aktibatuta ez zuten eltxoek ez dute interesik agertu ikertzaile gizajoen azalean: hasierako lau minutuetan, bederen, ez diete ziztatu.

2. irudia: Matthew DeGennaro genetistaren laborategian egin dute eltxoen ziztadak uxatzeko gako izan daitekeen aurkikuntza. (Argazkia: Floridako Unibertsitatea)

Duela bost urte abiatu zen oraingo ikerketa hau. Ohi bezala, aurreko ikerketa batean sortu ziren galderetan izan zuen abiapuntua orain aurkeztu duten aurkikuntza. 2013an jakin zuten usaimena arautzen duen Orco genea dagoela eltxoek gizakiaren odolarekiko duten zaletasunaren atzean. Une horretan, gene horren funtzioa blokeatzeko gai izan ziren, baina konturatu ziren karbono dioxidoa inguruan zegoenean eltxoek jarraitzen zutela gizakiak lehenesten. Horregatik, ikertzaileek pentsatu zuten usaimenari lotutako bestelako bideak egon behar zirela tartean, eta CO2aren errezeptorea bilatzeri ekin zioten orduan.

Ir8a genea jarri zuten jomugan, eta konturatu ziren hori gabe zomorroak ez zirela gai atzemateko gizakiaren izerdian dauden azido laktikoak. Izerdian ohikoa den azidoaren errezeptorea intsektuaren antenetan dagoela egiaztatu ahal izan dute, baina oraindik ezin izan dute argitu zein den CO2aren atzemateko gako den “etengailu” genetikoa. Gene berdinean egon zitekeela uste dute, baina lanean jarraitu behar dute errezeptorea aurkitu arte.

Eltxoen kontrako uxagarriak

Ikasitakoaren gauzatze praktikoari dagokionez, eta izan diren emaitza positiboak ikusita, ikertzaileek proposatu dute eltxoak uxatzeko metodoak garatzeko aukera emango duela aurkikuntzak, eta baita egun erabiltzen diren uxagarriak hobetzeko ere. Modu horretan, gizakiak eltxoen lehen helburua ez izatea lortu nahi dute. Zehazki, lurrin baten inguruan hitz egin dute prentsa oharrean. Bertan diotenez, Ir8a geneari esker eltxoek darabilten usaimena oztopatzeko aukera azter daiteke, antzeko usainen bitartez intsektuen jarduna nahasteko. Era berean, intsektuak uxatu beharrean, horiek erakartzeko tranpak hobetzeko ere erabil litezke ikerketaren emaitzak.

Zientzialari hauek ez badute aipatu ere, agerikoa da ere beste aukera bat badagoela, baina, hein batean, ulertzekoa da horrelako baratzetan sartu nahi ez izana. Aipatze soilarekin gizarteko hainbat sektoreren artean hortz-ikarak sortzen dituen transgeniko hitzari buruz ari gara. Aukera bat da eltxo espezie arriskutsuenetan esku-hartze genetikoa egitea, urtero ehunka mila gizaki hiltzen dituzten gaitz horien zabalpena arrastoan sartzen saiatzeko. Eztabaida, behin baino gehiagotan jarri da mahai gainean, eta, seguruenera, mundu mailako erabaki baten beharra beharko luke, baina ezaguna da ere Brasil hasi dela horrelako esku-hartzeak martxan jartzen. Zaila da bizitza, bai, baina are zailagoa da azaltzea seme-alabak galtzen dituenari eztabaida etiko bati itxaron behar diola bizitzak salbatzen hasteko.

Erreferentzia bibliografikoa

Raji et al., (2019) “Aedes aegypti Mosquitoes Detect Acidic Volatiles Found in Human Odor Using the IR8a Pathway”. Current Biology. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.cub.2019.02.045


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.