Bizkaia Zientzia Plaza, zientzia eskuragarria eta ausarta adin guztientzat

Ekitaldiak

Zientziaz beteriko plaza erraldoia bilakatuko da Bizkaia adin guztientzako zientzia-dibulgazioko jaialdi baten eskutik. Irailaren 14tik 24ra ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian eta UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, baita Bizkaiko beste udalerri batzuetan ere (Ondarroa, Getxo eta Igorre).

Lehenengo Bizkaia Zientzia Plaza jaialdian zazpi ekitaldi izango dira hamar egunez zientziaren hainbat arlori ekiteko ezin konta ahala erregistro eta formatutatik; hitzaldiak, ikuskizunak eta tailerrak, besteak beste. Horien artean, zazpigarren Naukas Bilbao edizioa, aurten horren programazioa handitu eta Euskalduna Jauregiko entzunareto nagusian antolatuko dena, Science+ gazte ikertzaileen biltzarra, non zientzia-arloko lanbide-hautabideak aztertuko diren, edo “Jakinduriek mundue erreko dau” ekimena (Bertsozientzia), bertsolaritza eta zientziaren arteko nahasketa originala, zeinak Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Ondarroan, Igorren eta Getxon ere eskainiko dituen emanaldiak.

Bizkaia Zientzia Plazak dibulgatzailerik onenak zuzenean entzuteko, ikerketa-zentroetan egiten den lana ezagutzeko eta zientzia dibertigarri eta berrienaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du.

Ekitaldia –horrelako lehena Estatuan– UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskampus Fundazioak antolatzen dute eta Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin. Bizkaia Zientzia Plaza zientziaren hedapenerako eta zientziaren lanbidean erreferentziarako zentro bihurtzeko sortu da eta EiTB-ren webgunean zuzenean ikusteko aukera izango da. Hitzaldi eta jardueretarako sarrera doakoa da, baina haur-tailerretan (Naukas Kids) parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena.

Ekitaldien zerrenda:

  • Ciencia Show (irailaren 14an, Euskalduna Jauregian): Bakarrizketa zientifikoen lehiaketa Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
  • Naukas Pro (irailaren 14an, Euskalduna Jauregian): Ikerketa-zentroetatik adin guztietako jendearengana eramango da zientzia ikertzaileen lana ezagutarazteko asmoz.
  • Naukas Bilbao (irailaren 15ean eta 16an, Euskalduna Jauregian): Zientzia-dibulgazioko ikuskizun itzela, zeinean 60tik gora hizlarik modu informal eta ausartaren bidez askotariko jakintzagai zientifikoekiko jakin-mina kutsatuko dioten jendeari.
  • Naukas Kids (irailaren 17an, Euskalduna Jauregian): Zientziarik hurbilena eta atsegingarriena gazte eta haurrentzat tailer, mintzaldi eta ikuskizunen eskutik.
  • Scenio (irailaren 17an, EHUko Bizkaia Aretoan): Zientziarik sortzaileena: ikuskizunak, erakusketak, tailerrak, bideojoko zientifiko eta hezigarrien erakustaldiak, besteak beste, youtuber, diseinatzaile grafiko eta dibulgatzaileen eskutik.
  • Science+ (irailaren 18tik 20ra, EHUko Bizkaia Aretoan): Gazte zientzialari eta ikertzailerentzako biltzarra, zientzia-arloko lanbide-hautabideez aritzeko.
  • Jakinduriek mundue erreko dau! Bertsozientzia (irailaren 21etik 24ra, Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon): Bertsolariak eta ikertzaileak errima biribilaren bila Kike Amonarriz aurkezleak gidatuta.

Bizkaia Zientzia Plazari buruzko informazio guztia eskuragarri dago bzp.eus webgunean.

Bizkaia Zientzia Plaza, zientzia eskuragarria eta ausarta adin guztientzat

Hasiera data
Amaiera data
Tokia
Euskalduna Jauregia (Bilbo); Bizkaia Aretoa (Bilbo); Beikozini (Ondarroa); Musika Eskola (Getxo); Lasarte Aretoa (Igorre); Kafe Antzokia (Bilbo)
Helbidea
Informazio gehiago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.