Nola lortzen da energia olatuetatik?

Ekitaldiak

Energiaren gaia azken urteetako eztabaidagai nagusietako bat bilakatu da. Izan ere, beharrizan energetikoei aurre egiteko erronkak energia-iturri ezberdinen inguruko ikerketa bultzatu du.

Zabalkunde handiagoa izan duten energia lortzeko beste bide batzuekin alderatuz itsasoko olatuetatik eratorritakoek, agian, oihartzun gutxiago izan dute. Hala ere, itsaso zabalean zein kostaldean abian jarritako ekimen eta proiektuek agerian utzi dute olatuetatik eratorritako energiak baduela potentziala eta aukera erreala direla energia lortzerako orduan.

Esaterako, kostaldean jarritako teknologia horren adibide agerikoena eta hurbilena Mutrikuko portuan dago kokatua. Bertako olatu-horman eraikitako egiturak ahalbidetu du 16 turbinaz osatutako olatu planta horrek 2011. urtetik gaur arte modu jarraituan martxan egotea, mundu mailan horrela funtzionatzen duen egitura bakarra izanik eta momentura arte 2 gigawatt orduko energia produzituz.

Teknologia mota horiek eskaini ditzaketen aukerak azaltzeko, Paula Serras Malillos Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa saileko irakasleak eta EOLO ikerketa-taldeko kideak “Nola lortzen da energia olatuetatik?” hitzaldia eskainiko du abenduaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak sustatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatu da. Hitzaldia aurrez aurre ikusteko aukera egongo da eta baita streamingez ere, KulturguneaTB kanalaren bitartez. Sarrera librea da aforoa bete arte.

Hizlaria

Paula Serras Malillos Ingeniaritza Kimikoko ikasketak egin zituen Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta, ordutik, ikerketaren hainbat alorretan aritu izan da. Hasieran araztegietako (CEIT Gipuzkoa) hondakin-uretako usainak kentzeko ikerketan aritu zen eta, gerora, energiaren biltegitzerako material arloan egin zuen doktore-tesia (UPV/EHU-ko Leioako FCT/ZTF Kimika Ez-organikoko sailean). Gaur egun EOLO ikerketa disziplina anitzeko ikerketa taldeko kidea da eta bertan, beste gai batzuez gain, Mutrikuko olatu-energia plantako datuak aztertzen ditu.

Nola lortzen da energia olatuetatik?

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.