“Bihotzeko erritmoarekin dantzan” hitzaldia, Ondarroan

Ekitaldiak

Bihotzak badu sistema elektriko espezifikoa eta sistema hori organoaren funtzionamendu egokia bermatzen duen erritmoaren erantzulea da. Bihotzaren erritmoa asaldatuz gero, modu askotara sailka daitezkeen arritmiak agertzen dira: azkarrak, geldoak, onberak, gaiztoak…

Arritmia mota bakoitzak bere tratamendu espezifikoa dauka. Batzuetan ez da inolako tratamendurik behar, beste batzuetan farmakoen erabilera beharrezkoa da eta, zenbait kasutan, ablazioen edo gailuen ezarpenen bitartez egindako tratamendu inbaditzaileak behar izaten dira.

Ablazioaren helburua arritmia sortzen duen asaldura konpontzea izaten da. Horretarako bihotzean kateterrak sartzen dira eta arritmia aztertzen da gero, energia bidez, zirkuituaren parte bat suntsitzeko. Gailuei dagokienez, taupada markagailu edo desfibrilagailu ezargarrien bitartez bihotzari egokia ezartzen zaio.

Hain zuzen ere, tratamendu inbaditzaile horien inguruan hausnartuko du Larraitz Gaztañaga Arantzamendi adituak Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatutako “Bihotzeko erritmoarekin dantzan” hitzaldian.

Ekainaren 12an, 18:30ean Ondarroako Kofradia Zaharrean, Gaztañagak azalduko du arritmien tratamendu horien bitartez bihotzera nola sartzen diren, elektrizitatea barrutik nola ikusten den eta kaltetutako zirkuitu elektrikoak nola suntsitzen diren.

Hizlaria

Larraitz Gaztañaga Arantzamendi doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Medikuntza eta Kirurgia ikasketak egin zituen unibertsitate berean eta Kardiologian espezializatu zen Basurtuko ospitalean. Horren ondoren, elektrofisiologiako azpiespezializazioan hasi zen Basurtun eta Hospital of the University of Pennsylvanian. Basurtuko ospitalera 2012. urtean itzuli zen eta, ordutik, Elektrofisiologia atalean ari da lanean.

Batez ere arritmiekin lotutako hainbat kurtsotako irakasle lanetan ere aritzen da eta, besteak beste, EAE eta Nafarroako kardiologia elkartearen kardiopatia familiarren taldeko partaide da.

“Bihotzeko erritmoarekin dantzan” hitzaldia, Ondarroan

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Kofradia Zaharra
Helbidea
Erribera kalea, 9, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.