Bueltan da Bilbo Zientzia Plaza, zientzia paisaia kulturalean errotzen duen ekimena

Ekitaldiak

Bilbo Zientzia Plaza, zientzia-dibulgazioaren ekimen handiena, bueltan da. Ezagutza zientifikoaren dibulgazioa paisaia kulturalaren elementu bat gehiago bilakatu duen ekimena irailaren 10ean hasi eta 30era arte luzatuko da aurten eta, beste behin ere, Euskalduna Bilbao, Bizkaia Aretoa-UPV/EHU eta Bidebarrieta Liburutegia zientziaz hitz egiteko eszenatoki bihurtuko dira. Bertan hitzaldi, ikuskizun, antzerki eta erakusketen bitartez, zientzia protagonista nagusia bilakatuko da.

BZP irekiko duen lehen ekitaldia 12 emakumezko geologen inguruko GEAS: Lurra aztertzen duten emakumeak erakusketa izango da. Irailaren 10etik 30era arte ikusi ahal izango da Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn eta bisita gidatuak egingo dira irailaren 12an (gazteleraz) eta 26an (euskaraz).

Irailaren 19an, berriz, aurten itsasoari erreparatuko dion NAUKAS PROren edizio berria egingo da Euskalduna Bilbaon. Bertan Euskal Herriko Unibertsitateko, Plentziako Itsas Estazioko, Tecnaliako eta CSICeko ikertzaileek itsasoaz eta bertatik lortu daitezkeen energia berriztagarrien inguruko azken ikerketez hitz egingo dute.

Euskalduna Bilbaoko auditorioa NAUKAS Bilbaoren eszenatokia ere izango da irailaren 20 eta 21ean. Zientziarekin lotutako gai anitzez arituko dira hainbat hizlari, betiere ekimen honen ezaugarri nagusiak errespetatuz: hitzaldi labur, atsegin eta dibertigarriak. Horretaz gain, irailaren 22an, txikienen txanda izango da NAUKAS Kidsen edizio berrian. Circociencia eta Tor Magoaren ikuskizunek gaztetxoenen interesa piztuko dute.

Azkenik, Bidebarrieta Liburutegian antzerkia egongo da irailaren 25ean. Javier Fernández Panaderok idatzitako eta Rafa Sánchezek gidatutako eta antzeztutako Soy Jon y estoy muerto sasi-medikuntzaren aurkako alegatua ikusi ahal izango da. Ikuskizunaren ondoren egileekin solasaldia egingo da.

BZP Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Naukasek antolatutako ekimena da. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babestu eta Euskampus Fundazioak, DIPCk, Metro Bilbaok eta EITBk ere lagundu dute.

Bueltan da Bilbo Zientzia Plaza, zientzia paisaia kulturalean errotzen duen ekimena

Hasiera data
Amaiera data
Tokia
Euskalduna Bilbao-Bizkaia Aretoa UPV/EHU-Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.