Lurraren historiako pasarte berria

María Jesús Irabien, Alejandro Cearreta, Ane García-Artola eta Eduardo Leorri

Antropozenoan bizi al gara? Paul Crutzen Kimikako Nobel saridunak giza jarduerek Lurreko ziklo biogeokimikoak, prozesu sedimentarioak eta ozeano-atmosfera transferentziak bezalako dinamikei eragin dieten denbora-tartea adierazteko termino hau proposatu zuenetik, 2000. urtean, gero eta gehiago erabiltzen ari da zientziaren alorrean zein dibulgazio eta interes orokorreko komunikabideetan. Hau dela eta, Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak aldi berri honen sarrera eskala geokronologiko ofizialean balioztatzeko lan talde bat antolatu du.
Irudia: Duela gutxi, Paul Crutzen Kimikako Nobel saridunak Antropozeno deituriko unitate geokronologiko berria onartzeko beharra azaldu zuen, giza jarduerek Lurreko ziklo biogeokimikoak, prozesu sedimentarioak eta ozeano-atmosfera transferentziak bezalako dinamikei eragiten dieten denbora tartea zehazteko.
Irudia: Duela gutxi, Paul Crutzen Kimikako Nobel saridunak Antropozeno deituriko unitate geokronologiko berria onartzeko beharra azaldu zuen, giza jarduerek Lurreko ziklo biogeokimikoak, prozesu sedimentarioak eta ozeano-atmosfera transferentziak bezalako dinamikei eragiten dieten denbora tartea zehazteko.

Gizakien presioaren ondorioz gure planeta nabarmen aldatzen ari dela garbi dago, eta aldaketa klimatikoa, berotze globala eta hainbat espezien suntsipena bezalako prozesuak ingurumen-hondamenaren adierazleak ditugu. Baina, ikuspuntu geologikotik, garai berri baten onarpenak aldaketaren “arrastoak” (markatzaile estratigrafikoak) erregistro sedimentarioan aurkitu ahal izatea eskatzen du. Horregatik, ikerlari batzuen iritziz, Antropozenoa definitzeko goizegi da, giza eragina islatu behar duten geruza geologikoak gaur bertan eratzen ari direlako. Bestalde, garapen kulturalaren eboluzioa, historian zehar, oso aldakorra izan da leku batetik bestera. Izan ere, Antropozenoaren inguruko gai eztabaidatuenetariko bat bere hasiera ezartzea da. Denbora-muga desberdinak defendatzen dituzten hainbat proposamen plazaratzen ari dira, hala nola:

  • 13.800 urte Oraina Aurretik (BP, Before Present), mamuten desagerpenak landaredian sortarazi zuen aldaketak Alaska eta Siberia aldeko tenperatura igoarazi zuenean.
  • Nekazaritza eta abeltzaintza aurreratu zirenean, 5.000-8.000 urte BP inguruan, sortutako baso-soiltzearekin batera.
  • Erromatar inperioaren garaian, Txina, India eta Amerikako zibilizazio garrantzitsuen garapenarekin bat, gizakien ekintzek baldintzatutako lurzoruak (antrosolak) hedatu zirenean.
  • Industria Iraultza sasoian, lurrun-makinaren asmatzeak atmosferaren konposizioaren aldaketa nabarmenari hasiera eman zionean.
  • XX. mendearen erdialdean, mundu-gerraren bukaeraren osteko industria eta populazio garapenari lotuta.

Antropozenoaren definizioaren erronka ez da bat ere erreza. Edonola ere, hitzordu garrantzitsua du 2016ko udan, Hego Afrikan ospatuko den 35. Nazioarteko Kongresu Geologikoan, bertan lehen aipatutako lan taldeak bere lanaren lehenengo ondorioak aurkeztuko baititu.

Teknopolis programako “Antropozenoa, aro geologiko berria?” bideoa.
 

Ekaia aldizkariaren 27. alean Antropozenoa definitzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat iritzi zientifiko bildu dira. Artikulu honetan gaiari buruzko lehen hurbilpena aurkituko duzue. Edukiaren nondik norakoak eta berau zuzenean kontsultatzeko datuak dituzue artikuluaren fitxan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Artikuluaren izena: Antropozenoa: Lurraren historiako pasarte berria?
  • Laburpena: “Antropozenoa” esaten zaio informalki giza jarduerek Lurreko dinamikari eskala orokorrean eragin dioten denbora tarteari. Unitate geokronologiko formal modura onartua izateko, bere hasiera finkatzeaz gain markatzaile estratigrafiko egokiak zeheztu beharra dago. Lan honek Antropozenoa definitzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat iritzi zientifiko biltzen ditu.
  • Egileak: María Jesús Irabien, Ane García-Artola, Alejandro Cearreta, Eduardo Leorri
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 155-179

—————————————————–

Egileez: María Jesús Irabien, UPV/EHU Mineralogia eta Petrologia Saileko kidea eta ikertzailea da; Alejandro Cearreta, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko kidea eta ikertzailea da; Ane García-Artola, AEBko Rutgers University-ko Itsas eta Itsasaldeko Zientzien Saileko ikertzailea da; eta, Eduardo Leorri, East Carolina University-ko Geologia Zientzietako alorreko ikertzailea da.

—————————————————–

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia aldizkaria 27. alea

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>