Amaren esneak ingurumen kutsaduratik babesten ditu haurrak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Ibilgailu ugariko trafikoa duen edo siderurgiatik hur dagoen hiri batean bizitzeak ingurumenaren kutsadura foku indartsuren artean bizitzea dakar. Gipuzkoako Goierri goienean eta Urola erdialdean, esaterako, nahastu egiten dira industria jarduera, landa giroko jarduera, egoitza eremuak eta errepide nazionala. Hori dela eta, bertako bizilagunak partikula kutsatzaileen eragina pairatzen dute.

UPV/EHUko ikerketa batek Gipuzkoako eskualde horietako 638 emakume haurduni eta beren jaioberriei jarraipena egin die partikula kutsatzaileen eragina ezagutzeko asmoz. Emaitzek ondorioztatu dute kutsatzaileen eragin kaltegarria desagertu egiten dela bizitzako lehen lau hilabetetan amaren esneaz elikatzen diren jaioberrien artean.

Argazkia: Larraitz Uria (Iturria: http://www.irriargi.com)
Argazkia: Larraitz Uria (Iturria: Irriargi.com)

Airean hainbat kutsatzaile ditugu eta arreta berezia jarri behar diegu suspentsioan dauden partikulak baitira osasunerako kaltegarrienetakoak. Horien artean ditugu autoek isurtzen duten nitrogeno dioxidoa (NO2) eta PM10 eta PM2,5 multzokoak. Azken hauek 2,5 mikra baino gutxiagokoak dira eta euren tamaina txikia dela eta, gure gorputzean erraz sartzeaz gain, sakonago sar daitezke.

INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena – Infancia y Medioambiente) ikerketa-proiektuko parte hartzaileek ingurunean dauden kutsatzaile kimikoek zer eragin izan dezaketen haurren garapenean aztertzen dihardute. Horren baitan, Aitana Lertxundik, UPV/EHUko ikertzaileak PM2.5 eta NO2 partikula kutsatzaileek emakume haurdunetan eta beren ondorengoetan duten eragina aztertu du. Ikerlanaren helburua da ebaluatzea osasunari nola eragiten dion haurdunaldian ingurumen kutsaduraren eraginpean egoteak.

2006an hasi zen ikerketa, Goierri goieneko eta Urola erdialdeko emakume haurdunekin hasi ziren lanean, eta oraindik ere jarraitzen du aurrera, haurrek 8 urte dituztela. 638 emakume haurduni eta beren jaioberriei 15 hilabete zituztenean hartutako laginak aztertu dira.

Lanaren emaitzak adierazten dute partikula kutsatzaile hauen eragin kaltegarria desagertu egiten dela bizitzako lehenengo lau hilabeteetan amaren esnearekin elikatutako jaioberrien artean. Ikerketak ondorioztatu du, edoskitzea babesgarri dela atmosferaren PM2.5 eta NO2 kutsatzaileen aurrean. Aitana Lertxundi ikertzailearen esanetan “lau hilabete baino gehiagoz titia hartu duten umeengan aire kutsatzaileen eragin kaltegarri hori desagertzen dela ikusi dugu. Beraz, esan dezakegu edoskitzea babeslea edo aringarria dela”. Baina oraindik ez dakite edoskitzearen efektu babesle hori zergatik izaten den.

Ikertzaileari buruz

Aitana Lertxundi (Zarautz, 1980) Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Ingurumen Epidemiologian doktorea da. UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologiako Fakultateko irakasle da eta Florentziako Unibertsitateko Estatistika eta Epidemiologia Sailean eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ikertzailea da. Ingurugiroaren epidemiologiaren inguruan ikertzen du.

Erreferentzia bibliografikoa

A. Lertxundi, M. Baccini, N. Lertxundi, E. Fano, A. Aranbarri, M. D. Martínez, M. Ayerdi, J. Álvarez, L. Santa-Marina, M. Dorronsoro, J. Ibarluze. Exposure to fine particle matter, nitrogen dioxide and benzene during pregnancy and cognitive and psychomotor developments in children at 15 months of age” Environment International (2015) http://dx.doi.org/10.1016/j.envint.2015.03.007

Iturriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.