Manhattan egitasmoaren liburutegia

Ana Ribera

Agian hauxe da zeure erantzukizunei bikain erantzun diezula esateko erarik onena: inor inoiz ez da zutaz kexaka liburutegia edo dokumentuen aretoa eramateko moduaz. Laborategi erraldoi eta ero baten antzerakoa den honetan, inork ez du inoiz zure lana onesteko eragozpenik jarri.

Robert Oppenheimer fisikariak, Charlotte Serberri.

Martxoaren 1943an, Robert Oppenheimer fisikaria Los Alamosera (Mexiko Berria) iritsi zen, Manhattan egitasmoa abian jartzeko. Hauxe hartuko zuen zeregina: lehergailu atomikoa alemaniarrek eta japoniarrek baino lehen garatu.

1. irudia: Los Alamoseko “Tech Area”.
1. irudia: Los Alamoseko “Tech Area”.

Los Alamos, toki isolatua zen, Santa Fe hiritik 32 km-ra. Haurrentzako nekazal eskola bat zen Los Alamosen zegoen eraikin bakarra. Eraikin hori, laborategi berrien oinarri izango zen. Bere inguruan joan ziren profesional eta militarrentzat aurretik egindako etxebizitzak kokatzen. Eta base bat eraikiko zuten bertan.

Hiri oso bat eraiki zen hautsez beteriko basamortu hartan, udan bero handia eta neguan izugarrizko hotza zegoelarik. Laster eraikiko zituzten etxebizitzak, eskolak, ekonomatu bat, bilera-aretoak eta senideentzako zinema bat. Kaleak lokatzaz beterik zeuden beti, eta etxebizitzak hautsez gainezka. Toki hura ia erabat isolatuta zegoen mundutik. Baimena behar zen bai bertaratzeko bai eta bertatik ateratzeko, eta posta guztia beste hiri bateko posta-kutxa bakar batera bidaltzen zen lehenago, gero Los Alamosera igortzeko.

Zer esanik ez, bertako instalazio zientifikoek liburutegia behar zuten, beste instalazio zientifiko guztiek bezala. Charlotte Serber izan zen bertako arduradun nagusia, tokia sortu zenetik lehergailu lortu eta II Mundu Gerra bukatu arte.

Charlotte, Robert Serber, senarrarekin iritsi zen Los Alamosera. Robert Serber fisikaria zen, eta Oppenheimerren laguna; horregatik izan zuen egitasmo hura garatzeko aukera. Charlotte Pennsylvaniako Unibertsitatean lizentziatu zen, eta aurretik freelance kazetari eta estatistikari bezala aritua zen. (Haren memorietan bildu du bere senarrak nola kontratatzen duen Oppenheimerrek Charlote liburutegiaren erantzule gisa, horretan profesionala izan gabe.)

2. irudia: Charlotte Serber Los Alamos liburutegiko arduraduna eta
2. irudia: Charlotte Serber Los Alamos liburutegiko arduraduna. Manhattan egitasmoa aurrera zeraman taldean kargu garrantzitsuena izan zuen emakumea.

Charlotte 1943.eko martxoan hasi zen lanean, zuzendariaren idazkariaren bulego berean, artean ez baitzegoen ez libururik ez eta beste inongo materialik ere. Liburutegia kokatu zuten eraikina txikia izan zen, baina berehala eraman zituzten hainbat mahai eta apalategi, zientzialariek zein bestelakoek han lan egin zezaten.

Hasiera batean eskatu eta lortutako liburuak, laborategiko zientzialariei zuzenduko zitzaizkien: Fisika, Kimika, Ingeniaritza eta Metalurgia ziren gaiak. 1.200 liburuko eskari bat egin zitzaion Berkeleyko Unibertsitateari. Horretaz gain, 50 egunkariko harpidetza egin zen.

1939.etik, Estatu Batuetako gobernuak abian jarria zuen Joint Committee on Importations, Europan II. Mundu Gerran zehar argitaratzen zen ikerketa-emaitza guztien berri izateko. Estatu Batuak neutral aritu zen bitartean, erraz lortu zuten hori; zer esanik ez, 1941etik aurrera, egoera gaiztotu egin zen, baina hala ere, 1942.ean Office of Alien Property Custodian izenekoa, hasi zen Europako aldizkari askoren copyrighta bereganatzen. Horrela, Estatu Batuetan berriz inprimatu eta banatzeari ekin zion. Originalak Europan zituzten kontaktuei esker lortzen zituzten, besterik gabe europar horiek harpidetza eginda.

Argitalpen hauek guztiak oso garrantzitsuak ziren Los Alamosen, zeren eta punta-puntako ikerkuntzaren informazioa lortzen baitzuten horrela, eta batez ere berehala jakiten baitzuten alemaniar zientzialariak zertan ari ziren. Besteen lanez baliatuta bada, aurrea hartu zioten beste lehiakideei, lehergailu atomikoa lortzeko lasterketan.

Liburutegiak gainera beste funtsezko funtzio bat bete zuen. Zientzialariek informazioa hartu ez ezik, ekoitzi ere egiten zuten. “Dokumentuen aretoa” bigarren lan horretan aritzen zen hain zuzen: Manhattan egitasmoak egindako aurrerapen guztiak egunero biltzen ziren, behar bezain zehatz. Horrela, ikertzaile guztien esku uzten zen informazio guztia.

Han zeuden zientzialari gehienak gizonezkoak ziren. Emakume batzuek, erabaki zuten eguneroko bulego eta laborategi-lan xumeetan aritzea. Beste batzuek ordea, nahiago izan zuten kamioiak gidatzea, kopiatu, mekanografiatu eta artxibatzeko lan aspergarrietan aritzea baino. Charlotte Serber izan zen “Los Alamoseko talde” hartan erantzukizun handiko zeregina izan zuen emakume bakarra.

Andre honek egin zuen lanaren garrantzia begi-bistakoa izan zen, baina hala izanik ere, ez zuten inbitatu 1945.eko uztailaren 16an egin zen lehen proba atomikoa ikustera. Oppenheimerrek aitzakia modura esan zuen hango zonaldean ez zegoela emakumezkoentzako komunik, baina horrek ez zuen baretu Charlotteren amorrua… eta arrazoi zuzen emakumeak.

Los Alamoseko liburutegiak lanean jarraitzen du oraindik, eta munduan dagoen zientzia eta teknologia-liburu bilduma garrantzitsuenetako bat dauka. On line fitxategi bat ere badauka, zientzia-artikuluak edonork lor ditzan. Zientzia-egitasmo jakin bati begira sortu zen, baina bilakatzen joan da, eta jakin du behar berrietara moldatzen.

Eskerrak Charlotte Serberri.

Erreferentzia bibliografikoa:
Atomic Wives and the Secret Library at Los Alamos. Lisa Bier. American Libraries. 30. Bol. 11. zebk (1999ko abendua)

——————————————–

Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>