Asteon zientzia begi-bistan #86

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 86

Biologia

Juan Ignacio Perezek eta Miren Bego Urrutiak elefanteen belarrietan jarri dute arreta aste honetan. Jakina da, elefantearen belarriek gorputz-tenperaturaren erregulazioan zeregin garrantzitsua dutela. Halere, aipatu beharra dago elefante guztiak ez direla berdinak belarrien tamainari dagokionez. Ikus daiteke elefante eta antzekoen belarrien tamaina handiagoa dela ingurune-tenperatura altuagoetan. Egileek adibide batzuk ekartzen dituzte testura. Hala nola, Elephas maximus, Asiako elefantea da eta bere belarriak 60 cm eta 30 cm dira, hurrenez hurren, belarrien luzera eta zabalera. Txikiak dira, Asiako bizi-tokiak freskoagoak baitira. Baina zergatik soilik elefanteetan? Zer gertatzen da Afrikako toki beroenetan bizi diren gainontzeko ugaztunekin? Afera argitze aldera, errinozero zuria hartzen dute adibide gisa. Elefanteek ez bezala, horiek belarri txikiak dituzte. Zein da horien arteko desberdintasuna, bada? Tamaina aldetik berdintsuak dira baina elefanteek beroa barreiatzeko mekanismo berezia behar dute, horregatik dira hain handiak. Honi buruzko azalpen argia eta interesgarria Zientzia Kaieran topatuko duzue.

Ecdysozoa goi-filumeko animalia taldea da tardigradoa. Izaki mikroskopikoa eta igerilaria da, gorputza segmentuz osaturik du eta 8 hanka ditu. Johann August Ephraim Goez zoologoak deskribatu zuen lehen aldiz 1773an eta uretako hartz txiki izena jarri zion, bere itxura dela eta. Honako izaki txikiak liluragarriak iruditu zaizkio ditu betidanik Asier Sarasua biologoari. Izaki txiki guztien ezaugarriek jakin-min berezia piztu izan diote eta naturan ohikoak diren, baina guretzako ia ezezagunak, tardigradoak nolakoak diren azaltzen digu. Izan ere oso bizidun bereziak eta gogorrak dira tardigradoak: “ia edonon bizi daitezke, extremofiloak baitira. Presio ikaragarria jasan dezakete, edozein tenperaturatan bizi (-200ºC-tik 150ºCra), erradiazio izugarriak pairatu, eta deshidratazioa ere gainditzen dute (10 urte egon daitezke deshidratatuta, ezer jan barik, eta gero berpiztu). Pentsa zelako gogorrak diren, kanpo espazioan ere bizirik iraun dezaketela! (ez da beste animaliarik ezagutzen kanpo espazioko baldintzak jasateko gai denik). Hau da, kopin itxura horren atzean, munduko animaliarik gogorrenak aurkituko ditugu“. Benetan interesgarria. Baina gehiago jakin nahi izanez gero, hementxe Asier Sarasuaren artikulu interesgarria: Tardigradoak, uretako hartz geldo txikiak.

Fisika eta teknologia

Juanma Gallego kazetariak Berrian azaltzen digunez, ATLAS eta CMS izeneko ikerketetan eskuratutako datuek Higgs bosoia baino sei aldiz astunagoa izan daitekeen partikula baten zantzua eman dute. Bi esperimentu egin dituzte modu independentean, baina biek emaitza berdinak lortu dituzte. Aditu batzuek diote kointzidentzia izan daitekeela, horregatik froga gehiago egin beharko dituzte ziur egon arte. Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko baina 2016rako datu berriak aditzera emango dituzte.

Zientziaren historia

XVI. eta XVII. mendeetan zientziaren inguruko euskaraz idatzitako lehen lanak agertu ziren. Bertan, herritarrei egunerokoarekin lotutako hainbat gai aipatzen ziren: osasuna nola zaindu eta ganaduaren ongizateari buruzko irizpideak izaten zituzten mintzagai, besteak beste. Uxune Martinezek Zientzia Kaieran azaltzen digu 1692.urtean Mongongo Dassançaren Laborarien abissua izan zela lehenengo lana. Bertan, abereen gaitzei aurre egiteko gomendio eta erremedio ugari azaltzen dira. Ildo horri jarraiki, liburuak helburu praktikoak zituen, abereen ohiko gaixotasunak eta horien sendabideak batzen zituen, batik bat. Baina baditu ere hainbat atal gizakion osasunari dedikatuak. Oso interesgarria irakurgaia, ez ezazue galdu.

Botanika

Ipar Amerikako ekialdean eta Portugalen aurkitutako Behe Kretazeo garaiko hazi batzuen fosilei esker ondorioztatu dute landare loredunak (angiospermoak) aurreikusi baino are txikiagoak zirela garai hartan. Halaber, desberdintasun batzuk badaudela frogatu dute gaur egungo landare loredunekin konparatuta. Ikerketa honetan, duela 125 eta 110 milioi urte artean bizi izan ziren landare loredun hazien 250 fosil aztertu dituzte. Topatutako hazi txikienak milimetro erdi luze dira, eta handienek bi milimetro eta erdiko tamaina dute. Fosil horien guztien artean, berrogeita hamar hazi inguruk enbrioia kontserbatzen zuten eta hori izan da ikerketaren gakoa. Txikiak diren arren, ikertzeko aukera izan dute Sinkrotron erradiazioa eta X izpiak konbinatzen dituen metodo bati esker. Landarea hedatze aldera, tamaina oztopo izan zitekeela pentsatzen zuten ikertzaileek eta hori izan da, hain zuzen ere, aurkitu duten desberdintasun nagusia gaur egungo florarekin konparatuta: “Aurreneko angiospermo horiek ez ziren gai izango geroago agertuz joan diren beste landare batzuk bezain azkar ernetzeko”.

Medikuntza

Ana Riberak zeliakiari buruz hitz egin digu Zientzia Kaieran plazaratu duen artikuluan. 1908an publikatu zuten artikulu batean agertu zen gaixotasuna lehenengo aldiz. Garai hartan uste zuten birus batek edo bakterio batek eragin zezakeela gaitz hori, edo bestela gibelaren edo pankrearen okerreko funtzionamenduaren ondorioa izan zitekeela. Ondoren, Willem Dickeren teoria, II Mundu Gerrari esker egiaztatuko zen. Garai hori gakoa izan zen gaixotasunari buruz gehiago jakiteko. Izan ere, 1944.ean, Alemaniaren enbargoak eta urte hartan gertatu zen “Gosearen Negua” deitu izan zena ekarri zuten Herri Behereetara. Gosea zela eta, zeliakoek hobera egin zuten baina 1945ean ogia berriz iritsi zen eskualdera eta zeliakoen sintomak agertzen hasi ziren. Horren ostean, esperimentu gehiago egin zituzten eta ikusi zuten glutena zela zeliakia eragiten zuena.

Estatubatuarrek, ordea, ez zuten hipotesi hori berresten. Hass doktoreak banana eta esnea barne hartzen zuen dieta zabaldu zuen. 10 pazienteetatik zortzik nabarmen egin zuten hobera, eta handitzen eta loditzen hasi ziren gaixotasun hori zuten pertsonak. Kanpaina izugarria bultzatu zuten bertan, bananaren onurak islatuz. Eta egia da pazienteek hobera egin zutela, baina ez zen banana-dietari esker. Ez ezazue artikulu guztia irakurtzeko aukera galdu!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>