Iñaki Odriozola: “Ganaduak mendi-larreetan duen eragina aztertzen ari naiz”

Alagala euskera taldea

Iñaki Odriozola Larrañaga UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da. Bertan “Larratzearen eragina mendi-larre atlantikoen funtzionamenduan eta biodibertsitatean” doktorego-tesia burutzen ari da. Lan honen helburua da ganaduak mendi-larreetan duen eragina aztertzea, alde batetik, larreen funtzionamenduan duen eragina eta bestetik, biodibertsitatean duena eragina ikusteko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeko ikasleak hurbildu dira Iñakirengana haren lanaz, ibilbideaz eta asmoez hitz egiteko.
DSC_0215
Irudia: Iñaki Odriozola biologoa. (Argazkia: Alagala euskera taldea)

.- Zergatik hasi zinen doktorego-tesia egiten?

Egia esan, ez nuen asko pentsatu tesia egitera sartu nintzenean. Karrera amaitzean, biodibertsitate masterra egin nuen eta masterreko proiektua izan zen nire lehen kontaktua ikerketa-lan batekin. Zoologiako departamentuan egin nuen masterra, saguzarren taldean, eta oso gustura aritu nintzen. Masterra amaitzen ari nintzela ikusi nuen doktoretza egiteko eskaintza bat zegoela Arantza Aldezabalekin Botanikako departamentuan, eta animatu egin nintzen.

.- Zeri buruzkoa da tesia?

Oso motzean esanda, ganaduak mendi-larreetan duen eragina aztertzen ari naiz. Larreen funtzionamenduan duen eragina batetik eta biodibertsitatean duena bestetik.

.- Zergatik hautatu zenuen tesi hori?

Esan bezala, ez nuen asko pentsatu hautatzerakoan. Mendirako afizio handia dut eta beraz mendian egiten zen guztiak erakartzen ninduen. Hala ere, gero konturatu naiz tesi bat egitea eta ikerketa hori baino askoz gehiago dela. Nik zortea izan dut, eta oso gustura nago, baina gehiago hausnartzeko gomendatuko nioke edonori: sartu probatzera ikasle izanik, galdetu taldean lehendik dagoen jendeari edo taldea ezagutzen duen konfiantzako edozeini…

.- Behin tesia amaituta, ikertzen jarraitzeko gogorik bai? Adar berean ala alor berriren batean?

Gogotsu nago jarraitzeko, oso gustuko dut egiten dudana. Ikerketarena oso bide sakrifikatua da eta ikusi beharko da noraino iristen garen, baina momentuz behintzat jarraitzeko asmoz nago. Ekologiaren arloan jarraituko dut, eta landareen ekologiaz ikasi dudanez horretan seguru asko. Baina ditudan aukeren arabera ere moldatuko da aurrerantzean egingo dudana.

.- Graduak/lizentziaturak zenbateraino prestatzen zaitu doktorego-tesi bati begira?

Nire ustez oso gutxi prestatzen gaitu karrerak ikerketarako. Ikasgai oso gutxitan lantzen dira ikerketarako funtsezkoak diren kontzeptuak eta teknikak, eta, horregatik nahiko galduta aurkitzen gara askotan tesiaren hasieran. Edonola, bide gogorra baina polita dela esango nuke tesiarena.

———————————————————————–

Ikasleen begietatik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Alagala euskera taldeak lankidetzan egindako atala da.

———————————————————————–

alagala

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>